ATZEKOZ AURRERA. Ibon RG. Musikaria

«Beldurra diogu ahotsa bere horretan entzuteari»

Musika esperimentalari buruzko lantegi bat gidatu du Ibon RGk, Uharte zentroan. Ikastaroan, ahots hutsa izan dute lehengai nagusi, «muga estetikoak apurtzea eta leiho berriak zabaltzea» helburu.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Uharte
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Belarriak zorrotz, inguruko soinuek iradokitzen dutenari arretaz erreparatuta aritu dira musika sortzen egunotan Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan (Nafarroa). Zero Azpitik programaren barruan, Ahotsa pieza esperimentaleko konposizioetan lantegia antolatu dute, musika esperimentala lantzeko. Ibon RG musikaria (Sestao, Bizkaia, 1978) izan da lemazaina.

Zer da musika esperimentala?

Izenak berak dioen bezala, esperimentu baten ondoriozko musika da. Sorkuntza abiatzekoan, emaitzak ez du axola handirik, eta prozesuan zehar gertatzen diren gauzek eta bidean hartzen diren erabakiek dute garrantzia. Behin eginda, ez dago atzera-bueltarik. Musikaren industrian, badira esperimentaltzat dauzkagun gauza batzuk egiazki ez direnak. Pieza batzuek izan ditzakete soinu batzuk estetikoki ohikotzat dugunetik urruntzen direnak, baina, oro har, erabakiak hartzen dira produktuak fintzeko, eta, beraz, ez dira musika esperimentalak.

Musika komertziala molde antzekoen gainean sortu ohi da?

Gure inguruan ditugun doinuek gustua eraikitzen dute gugan, eta horretan egoten gara eroso. Normalean, musika komertzialean, zeharkatu ezin diren muga estetiko batzuk egoten dira. Musika esperimentalaren helburuak izan behar luke hori guztia apurtzea eta leiho berriak irekitzea. Horregatik, gustuaren kontrako borroka da haren ardatzetako bat.

Egunotako lantegian, ahotsa izan duzue tresna nagusi. Zer ariketa proposatu dituzu?

Ikastaroa zenbait ataletan banatu dut, eta entzumena da oinarrietako bat. Entzunaldiak egin ditugu, Pauline Oliverosen Deep Listening ariketak eredu. Gure ingurua arretaz entzun dugu, sonoritateetan murgilduz, aztertuz zer iradokitzen duten inguruko soinuek. Gero, ahotsari erreparatu diogu, eta, azkenik, inprobisazio gidatua eta konposizio esperimentala ere egin ditugu.

Oro har, zer daki jendeak ahotsaz?

Gutxi, baina, batez ere, kontua da askotan beldurra diogula ahotsa bere horretan entzuteari. Beti saiatzen gara efektuak ipintzen, ez baikara oso eroso sentitzen soiltasunaren aurrean. Are gehiago, ez dugu gure ahotsa ezagutu ere egiten.

Zertan nabartzen da hori?

Orain gutxiago gertatzen da, gero eta audio gehiago grabatzen ditugulako, baina denoi gertatu zaigu, adibidez, gure ahotsa irratian edo grabazio batean aditu eta arrotz sentitzea, gurea ez balitz bezala. Umeak bai, etengabe jolasten dira ahotsarekin, batik bat jakiteko zein soinu egin dezaketen. Nik uste dut denok izan gaitezkeela esperimentatzaile, soinu sortzaile.

Zure bakarkako lanetan ere ahots hutsez aritzen zara. Zergatik?

Ez da hainbeste ahotsagatik, baizik eta abestien izaeragatik. Biluzi egin nahi ditut kantuak. Iruditzen zait abestien egiturak garrantzia kentzen diola kantuari berari. Besteak beste, joera dugu instrumentalizazio zabala jartzeko. Niri gustatzen zait arreta guztia abestira zuzentzea, eta, horregatik, instrumentu bakarrerako sortzen dut kantua, ahotserako. Halere, zenbaitetan pianoa ere erabili izan dut.

Musika tresnarik gabe, babesgabeago dago abeslaria?

Bai, eta hori da beldurtzen duena. Izan ere, ahotsak beste musika tresnek baino malgutasun handiagoa du, tonuekiko adibidez. A cappella aritzean, gerta daitezke desafinazioak eta gorabeherak. Niri, ordea, iruditzen zait horrek bizitasuna eta aberastasuna ematen duela.

Ahotsa bere soilean erabilita, nabarmenagoa da hitzen garrantzia?

Ez. Izatez, hitzek beti sortzen dizkidate arazoak. Baditut hitzik gabeko kantuak, edo esanahi gabeak. Hain justu, hori da nire borroketako bat. Hitzik gabe, arreta esanahigabetasunera joateko arriskua dago. Hitza modu jakin batean erabilita lortzen da mezutik deskonektatzea. Nik oreka horretan nahi dut egon.

Urretabizkaia txarangako kide ere bazara. Nola jarduten duzue?

Partitura esperimentalak baliatzen ditugu. Normalean, musikari bakarrak prestatzen ditu piezak. Inoiz ez dakigu zer lortuko dugun. Berezia da, lehenengo joaldietan batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.