Jesus Zubiaga. Antso Jakituna fundazioko zuzendaria

«Belaunaldi berrietara iristeko erronka Internet bidezkoa da»

Fundazioak hiru garai izan ditu. Jesus Zubiaga zuzendariak dio orain Interneten arora egokitzen ari direla. Azaldu du egokitze prozesu horrek «bizkor eta eraginkor» aritzea eskatzen diela.

BERRIA.
Gasteiz
2014ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Fundazioa sortu zenetik, hirugarren zuzendaria izan da Jesus Zubiaga (Burgos, 1958). Zuzendaritzan daramatzan 25 urteetan, fundazioak izan dituen hiru egoitzak ezagutu ditu, eta azken urteetako digitalizazio prozesua ere ezagutu du. Oraindik zuzendaritzan aritzeko asmoa du.

Zein izan zen Antso Jakituna fundazioa sortzeko arrazoia?

Fundazioak izen bereko institutua dauka aurrekari gisa. Gasteizko Udal Kutxak sortu zuen institutua, 1954an, gizarte ekintzarako proiektu gisa. Fundazio izaera 1964an hartu zuen; euskal kulturako gaiak lantzea zuen helburu. Horretarako, material artxibategiaren funtzioa eman zitzaion.

Sortzen ziren materialak ez galtzea zen helburua, beraz.

Bai, hori da. Baina ondo legoke testuingurua ulertzea. 1964an frankismo erdian geunden, 36ko gerra amaitu zenetik 25 urte pasatu berritan; beraz, ulertzekoa da euskal kutsua zuen edozer lantzea ez izatea batere erreza. Orduan ekin zioten Euskal Liburutegia sortzeari. Lan horretan, Jesus Olaizola Antso Jakituna fundazioko lehen zuzendariarekin, Vicente Botella frankista aritu zen. Ideia desberdinak izan arren, biek ala biek ezinbestekotzat ikusten zuten hezkuntzaren eginkizuna gizarte garatu bat lortzeko. Balio kristau eta humanista sakoneko pertsonak ziren. Gainera, Gasteiz migrazio handia ari zen jasotzen urte horietan, eta oso garrantzitsua iritzi zioten bizilagun berriei euskal kultura ezagutarazteari.

Zein irizpide erabili izan duzue materiala biltzeko?

Irizpidea oso zabala da; euskal kulturarekin harremana duen guztia biltzen saiatzen gara, kultura irizpide zabal batetik ulertuta. Euskarak eta euskal literaturak toki handia hartzen dute, baina askoz gai gehiago ere biltzen ditugu: legedia foru kontuekin lotuta, ingeniaritza, artea eta historia, adibidez. Gertu gelditzen zaizkigun gaiak lantzen ere saiatzen gara: Donejakue bidea eta euskal diaspora, besteak beste. Muinean euskara edo euskal kultura baldin badaude, zirkulua asko hedatzen da.

Urte hauetan guztietan, artxiboen formatua asko aldatu da. Nola eragin du lan egiteko daukazuen moduan?

Aldaketa handia izan da. Hasieran, liburuak biltzen genituen, eta, aurrerago, egunkariak eta aldizkariak gordetzen hasi ginen. 80ko hamarkadan, eta bereziki bigarren egoitzara pasatu ginenean, kaleko kartelekin eta eskuorriekin hasi ginen, gehienbat politikoekin, baina ez soilik horiekin. Azkenik, gaur egungo egoitzara etorri garenean hasitako digitalizazio prozesua dago. Gaur egun, Betoñoko eraikinera etortzen den pertsona bakoitzeko, mila bisita izaten ditugu Interneten; beraz, belaunaldi berrietara iristeko erronka Internet bidezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.