Kike Diez de Ulzurrun. Kazetaria eta itzultzailea

«Belaunaldi bakoitzean izan da jendea aurrera jotzeko»

Oharkabean hasi zen mikrofonoen aurrean solasean eta kazetaritzaren munduan murgiltzen. Beti izan du non idatzi, eta horrek itzultzaile lanerako trebatzeko aukera eman dio. Etxean jasotako euskaltzaletasuna izan du ipar.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Etxean jaso zuen euskara, eta hizkuntzaren bueltan ibili da beti Kike Diez de Ulzurrun (Iruñea, 1962). Kazetaritzan aritu zen urte luzez, tartean, Euskalerria Irratiaren sorreran; baina azken 19 urteetan itzulpengintza izan du ogibide, nahiz eta sekula ez dion utzi hedabideetan kolaboratzeari. Lan profesionalean zein kanpoan, beti euskararen alde ari da.

Zu definitzeko hitzik egokiena euskaltzalea da?

Izan daiteke hitzetako bat. Euskaltzalea berez naiz, etxetxoko muinetik jaso genuen, txikitatik. Azken finean, gure aita ere euskararen aldeko lanean aritu zelako. Sei anai-arreben artean bi gazteenok ikastolara bidali gintuzten, orduantxe hasi baitzen gerra ondoko lehen ikastola, 1965ean, Pozo Blanco karrikan [Iruñea]. Txikitan ohartzen ginen aita gai honetan edo bestean zebilela zaletasun hutsez. Sendagilea zen, baina ohiko lanetik kanpo euskararen lanean zebilen.

Zertan aritu zen zure aita lanetik kanpo?

Diputazioaren barruan Euskararen Aldeko Saila sortu zen, eta gure aita izan zen horren buru, baina ez zen funtzionarioa, ez zuen sekula kobratu. Euskara sustatzen eta ikastolak bultzatzeko sareak osatzen aritu zen, eta Principe de Viana euskarazko aldizkariko zuzendaria izan zen. Horren barruan Harnasberri sortu zuten, garaiko gazteei tokia emateko. Han hasi ziren Patxi Zabaleta, Sagrario Aleman, Jose Angel Irigarai...

Iruñeko ikastola hartan zein zen egoera? Nola bizi zenuten?

Gu hirugarrenpromozioa ginen; hamar lagun. Gure artean karrikan ez genuen euskaraz egiten. Egiten genuen beste neskato mutiko batzuk hurbiltzen zirenean, ikus zezaten bestelakoak ginela. Jendea zur eta lur gelditzen zen. Irakasle onak izan genituen, arrastoa utzi ziguten.

Telenavarran hasi zinen, euskaraz. Nola ailegatu zinen kazetaritzara?

Oharkabean. 1982an hasi nintzen, euskarazko saio bat egiteko deitu nindutelako. Gero, berehala hasi nintzen Radio Nacionalen. Gutxi, ez eguneroko gauzak, baina zerbait egiten nuen. Horrekin batera, 1980ko hamarkadan euskal gehigarri bat egiten hasi ziren Navarra Hoy egunkarian, Aingeru Epaltzaren zuzendaritzapean: Nafarroa Gaur. Anitz ikasi nuen. Epaltzaren luma oso aberatsa zen, eta berak zuzenketa lanak egiten zizkigun. Gehigarri hori trebatzeko plaza izan zen jende anitzentzat, belaunaldi batentzat Principe de Viana izan zen bezala.

Euskalerria Irratiaren sorreran aritu zinen, 1988an. Zer giro zegoen?

Lehenagotik zetorren egitasmo hori: Euskadi Irratiaren seinalea hartzeko tresneria paratu zen, baina, gero ez zutela lehiaketarik antolatzen, eta erabaki zen 1988an abiatzea. Mikel Bujandarekin, Patxi Huarterekin eta Ione Dorronsororekin hasi nintzen.

Nola izan zen irratiaren sorrera prozesua?

Ia berritik sortu genuen. Bujandak bazuen esperientzia irratian, baina ez zen bakarrik irratsaio bat, irrati bat sortu behar zen, dena berritik egin beharra zegoen. Hor jende anitz aritu zen lanean. Hasieran beti beldurrez: egunero ordubete egiteko adina jende euskaldun izanen dugu hemen? Hamabost egunean behin hasi ginen, lehendabizi ordubete, gero albistegiak, gero kolaboratzaile eta irratsaio gehiago, eta horrela joan ginen aitzinera egiten.

Nondik atera zenituzten euskaldun haiek?

Oroitzen naiz euskaldunen zerrendak egiten genituela, eta ezagutzen ez genuen jendea ere atera zen. Poliki-poliki konturatu ginen uste baino jende gehiagok entzuten zuela irratia: ez bakarrik euskaltegira joandako hiriko gazteak, bazen beste entzule mota bat herrietatik Iruñerrira bizitzera etorritakoa. Lehiaketetako sariak hartzera etortzen zirenekin konturatu ginen uste baino gehiago ginela, erdararen itsaso zabal zakar horretan uharteak geroz eta handiagoak ginela.

Beti mugekin eta trabekin.

Bai, egia da, baina nola begiratzen diozun. Bujandak egindako lana sekulakoa izan zen. Alde batetik traba eta muga dago, lizentziarik gabe uztea eta abar. Baina, zartako eta traba guztien gainetik, gaitasuna izan dugu sortzeko eta aurrera egiteko. Jakina, makina bat ordu eman ditugu estrategiak pentsatzen, auzitegietara jotzen, abokatuekin... nekagarria da, baina, nekeak neke, indarra eta bizipoza izan genuen aurrera egiteko. Euskara eta Nafarroa, bi ikuspegi dira, elkarren osagarriak. Begiratzen badiogu duela 200 urte Artaxoako gazteak euskaldunak zirela, egia da, sekulako pena izan zen XIX. eta XX. mendean euskarak nola eta noraino egin zuen gibelera. Baina, aldi berean, belaunaldi bakoitzean izan da jendea aurrera jotzeko, sortzeko, gauzak egiteko eta eraikitzeko.

Zer dela eta utzi zenuen kazetaritza? Aspertu zinen?

Jende guziaren aurrean ez ote nengoen pentsatu nuen. Urte zailak izan ziren, korapilatsuak politika giroan. Euskararen kontrako mugimendu oso antolatu bat abiatu zuten Diario de Navarra-k eta diputazioak. Sadar futbol zelaia bete zen Bai Euskarari egitasmoaren bidez, eta lauzpabost egunera Diario de Navarra-k esan zuen: «Aski da». Nik ez nuen gogorik zurrunbiloan sarturik egoteko, diputazioan Sanzen esanak egunero entzun behar izateko. Beraz, aldatzeko garaia zela pentsatu nuen.

Itzultzaile aritu zara orduz geroztik. Horretan trebaturik zinen aurretik ere?

Itzulpengintzan aritu nintzen aurretik ere, batez ere anaia Perikorekin, beraz, jauzi hori egin nuen. Irratia ez nuen guztiz utzi; lantaldetik kanpo bai, baina kolaborazioak eginez.

Askok egiten dute kazetaritzatik itzulpengintzarako bidea. Badago berezko harremanik bien artean?

Harremana da kazetaritzan ongi moldatzeko ongi idatzi behar duzula. Trebatu behar duzu. Itzultzaile ona izateko, funtsezkoa da idazten jakitea, eta, horretarako, anitz irakurri eta idatzi behar da. Horrek ez du esan nahi idazlea izatea. Nik idazten dut, baina idazteak ez du esan nahi idazle zarenik. Halako asmo literario bat izatea beste kontu bat da.

Nafarkaria-n ere trebatu zinen. Egia esan, kontu kontalari ere bazara, ezta?

Bai, egia esateko, irratiari esker jende anitz ezagutzeko parada izan dut. Duela 30 urte Nafarroako euskaldunen mintzamoldeak lana ere egin genuen, garai hartako adineko jendea elkarrizketatuz. Jendeari gertatzen zaizkionak izugarriak dira. Horrelako kontuak, entzundakoak, gero kontatzen ditut afalondorean edo lagun arte goxoan. Istorio anitz etxean jaso nituen, aitarengandik eta haren lagunengatik. Horietako anitz Nafarkaria-n eman nituen. Iruñeko istorio ttipiak ziren, jende xumearenak. Iruñeaz euskaraz idaztea gehiegi ere ez zen egiten, eta nik hor kokatu nuen neure burua.

Bisita gidatuak ere egiten hasi zinen, Labrit Multimediarekin. Iruinzalea zara?

Bai, bueno, bada horrelako maitasun-gorroto harreman bat. Ni iruindarra naiz, hemen gustura bizi naiz, baina batzuetan pentsatzen dut gustura alde eginen nukeela. Ohartu ginen gero eta jende gehiago etortzen zela Iruñera, eta zer gauza esaten dituzten Iruñeari buruz. Iruñea bestela erakutsi nahi genuen, istorio ttipiekin, historia kontuak eta euskarari lotutakoak ere bai. Baina ez bakarrik kanpokoentzat, hemengoak ere harri eta zur geratzen dira.

Denbora librean ere euskararen alde aritzen zara.

Beti oso lotuta egon naiz Zaldiko Maldiko elkarteari. Gure txikian gauzak antolatzen ditugu, beharbada toki handiagoetako ateak itxita dituzten sortzaileei aukera emanez.

Lekukoa hartuko duen belaunaldirik badago?

Adinez aurrera goazen heinean, batzuetan iruditzen zaigu gure atzetik ez datorrela inor, gure garaian gehiago egiten zela. Mendigatxa sindromea da hori. Baina, badator jendea, izugarri, eta poztekoa da. Ez ditugu ezagutzen, baina, plazaratzen diren neurrian ezagutuko ditugu.

Iruñean badago borroka egiteko jendea, beraz?

Bai, bai, eta agintari hauek ikusita, plazara joan behar da pankarta batekin. Baina, horrek adinako garrantzia dauka sorkuntza lanak: euskaratik sortu, eta dauden zirrikitu guztiak baliatuta; ahal den heinean bizipozez eta aitzinera jotzeko. Euskarak gozabide izan behar du, irri egiteko eta primeran pasatzeko, kulturaren bidez, lagun artean...

Euskararen kontrako herra duen sektorearen iritzia aldatzerik badago?

Egia esateko, garai batean nafar eskuindarren artean bazen ere jende euskaltzalea. Garai hartako jenderik ez da gelditzen, eta haien oinordekoek beste jarrera bat hartu dute, askoz ere gogorragoa. Batzuk ere aldatu dira, ez ziren horrelakoak. Zer egin daiteke? Ahal den heinean jendea zure zelaira ekartzen saiatu behar duzu. Noski, duintasunez.

Aurten sanferminik gabe. Zer moduz eraman duzu?

Martxoan pentsatu genuen agian Sanfermin Txikiak izanen zirela, 1978an bezala. Baina, gero... Ez da bakarrik sanferminak, dena da. Ea nola ateratzen garen. Egokitzen jakin behar da, jakinda gauzak oso zailak direla, baina, ahal den heinean egin, elkartu eta aurrera egin beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.