Jitu dendako saltzailea.

Belen Ordoñez: «Pena ematen dit negozioak ez jarraitzeak; sentsazio gazi-gozoa dut»

Iruñeko Jitu denda enblematikoak ateak itxiko ditu apirilean, 41 urteko ibilbidearen ostean. Gogotsu dagoela aitortu du dendariak, erreleborik ez izateak atsekabea sortu badio ere.

Belen Ordoñez dendaria, iragan astean, Jitu dendan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Belen Ordoñez dendaria, iragan astean, Jitu dendan. AITOR KARASATORRE / FOKU
inaki rubio
Iruñea
2024ko martxoaren 20a
05:00
Entzun

«Langileei esker iritsi da Jitu gaurdaino». Kontent ageri da Belen Ordoñez (Iruñea, Nafarroa, 1955), alboan izan dituenei bereziki eskerturik. 1983an ireki zuen gazte alai eta ilusionatu hark behinola hippyen gune izan zen denda hura, eta aitzindaria izan zen Iruñean. Bazter guztietako hamaika objektu bitxi saldu ditu, eta salduko ditu, apirilaren erdialdera arte, bederen.

Erakusleihoko manikiek ikusiko zutena…

Gauza anitz… [barrez].

Entzierrorik behintzat ez, ezta?

Ez, sekula ez dugu denda ireki sanferminetan. Zalaparta handiko egunak dira.

Aitzindaria izanen zinen halako denda bat zabaltzen.

Bai, hemen ez zegoen halakorik. Hierba izeneko bat bazegoen, arras gustatzen zitzaidana, baina gutxi gehiago.

Jende askoren armairuko ezinbestekoak saldu dituzu.

Belaunaldi asko jantzi ditu dendak; jende andana igaro da bertatik.

Aldatu dira bezeroak?

Asko. Hasieran, jende alternatiboagoa etortzen zen. Aldatuz joan zen gero, saltoki handiak agertzen hasi zirenean, bereziki. Azken urteetan jende heldua etorri da. Dena den, bezero borroka andana izan dugu beti.

Hippymugimenduaren kutsua izaten segitzen du Jituk?

Bai. Komuna asko zeuden Nafarroan, eta arropa eta bestelako artisautza produktuak egiten zituzten; halakoak saltzen nituen.

Hasieratik izan zenuen argi negozioaren formatua?

Beti-alai hutsa nintzen orduan, eta ez nuen imajinatuko gaur den modukoa izanen zenik. Nire ideia zen dendatxo bat izatea, eta atzealdean tailertxo bat, bitxiak-eta egiteko.

Nola sortu zenuen, beraz, denda?

Baionan bazegoen denda bat, Aladinen Koba edo halako zerbait; asko gustatu zitzaidan, eta, Iruñean halakorik ez zegoenez, ba, horri ekin nion.

Jitu izena izan zuen dendak hasieratik?

Zulo deitu nahi nion, baina ez ziren garai aproposenak halako izenik erabiltzeko, eta beste bat aukeratzea gomendatu zidaten. Beraz, nire anaiek jarri zidaten goitizena hautatu nuen: Jitu.

Mundu osoko bitxikeriak saltzen zenituen.

Indiara joaten zen jende alternatibo asko, eta gauzatxoak ekartzen zizkidaten. Ni Parisera eta Londresera joan naiz askotan, indiar denda asko zeudelako han. Ondoren artisauen azoketara ere joan izan naiz. Gero ja, dendara etortzen ziren merkatariek ekartzen zidaten inportaturiko materiala; antolatuagoa zen dena, eta ez hain hippya.

Zer saldu duzu gehien?

Artisau batek egiten zituen larruzko bota batzuk. Hainbeste saltzen ziren, ezen Jitu botak deitzen baitzieten. Marradun mao alkandorak ere asko saldu ditugu; indiar gona zimurtu batzuk ere bai.

Iragan otsailaren 12an, «likidazioa itxieragatik» afixa eskegi zenuen.

Bazen garaia… data atzeratu dut sarritan, baina iritsi da garaia.

Zer egonen da aurrerantzean lokalean?

Bazar bat jarriko dute. Lokala salduta dago ja, eta apirilean itxiko dut, gauzak jaso eta soberakinak saltzeko bitartean. Pena ematen dit negozioak ez jarraitzeak; sentsazio gazi-gozoa dut.

Asko duzu saltzeko?

Uste baino gutxiago. Hasieran izuturik nengoen: ez nuen uste hainbeste salduko nuenik, baina jende mordoa etorri da.

Zer eginen duzu soberakinekin?

Bi pertsona etorri dira azken egunotan stocka erosteko asmotan. Dena den, ez dakit zer eginen dudan oraindik… materialik bada biltegian, eta hori itzuli eginen dut. Gainerakoa… oparitu, agian.

Eta orain zer?

Ba… pintatzea maite dut; eskulanak egitea, oro har. Lasaiago egonen naiz, eta kiroldegira joateko aprobetxatuko dut. Bidaiatzea ere gustatuko litzaidake.

lotsabako

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.