Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak. Blusa eta Neska Beteranoen eguna

Belaunaldi arteko erreleboa

Blusa eta neska beteranoen kuadrillek gazteagoen lekua hartu dute, eta hiriko kaleak girotu dituzte goizean goizetikKuadrillentzat ez ezik, nagusientzat ere eskaintza zabala izan da; 'meneitoa', esaterako

Blusa eta Neska Beteranoen kuadrillak goizeko bederatzietatik girotu ditu hiriguneko kaleak, musika eta dantzen bitartez. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Nerea Reparaz - Jon Rejado
Gasteiz
2013ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Moskatel eta anis zaporedun pastak. San Migel elizaren atarian, lasterketa bateko anoa postu baten moduan, dozenaka edalontzi eta pasta daude pilatuta. Goizeko bederatzi eta erdiak dira, eta eguraldi euritsuak goiz bidali ditu parranda zaleak etxera. Ordea, blusa eta neska beteranoak gazteagoek utzitako lekukoa hartzeko prest daude. Ez da erraza jaien azken aurreko egunean indarrari eustea, eta beteranoek festan jarraitzeko moduko indarra dutela frogatu dute.

Edalontziak, eskuak eta ahoa beteta atera dira dozenaka blusa eta neska San Migel barrutik balkoira. Andrr Maria Zuriari agurra dantzatu, eta Carmen Vicentek lore eskaintza egin dio hiriko zaindariari. «Gora Gasteiz! Gora blusa eta neska beteranoak», oihukatu du, eskaileretan igota dagoela. «Gora!». Erantzun diotenen artean, gehienek, aurtengo jaien orratza daramate lotuta bularrean. Urtero berritzen dute, eta, baten batek, bilduma zabala darama txapelan. «Urte asko dira egun honetaz gozatzen dudala», azaldu du elizaren kanpoaldean Blas Morenok, sei hilabete barru 80 urte beteko dituen blusak. Ordea, ez da kuadrillan urte gehien eman duena.

Blanca Martinez eta Antonio Ugarteri jarri diete zapia aurten. Zapia, jabearen izena eta guzti, beteranoen kuadrillan denbora gehien daramatenei jartzen diete. «Aspaldi hasi nintzen ni ateratzen! 25 edo 30 urte, hor nonbait», dio Martinezek, 80 urterekin eta askok nahiko luketen energiarekin. Ordea, blusekin duen harremana aspaldikoa dela azaldu du. Haren senarra Los Feos kuadrillan ateratzen zen, eta zezenetara joan ostean haiekin elkartzen zela gogorarazi du. «Gaur egun neskak ere atera daitezke kuadrilletan, eta hori aurrerapen handia da. Dena den, gaur egungo blusek iparra galdu dute, denak mozorrotuta eta zikin-zikin».

Los Feos, Los Silenciosos... Garai batean egon ziren, baina desagertuta dauden blusa kuadrilla batzuen ikurrak ikus daitezke, han hemenka, beteranoen artean. Baita gaur egungo batzuk ere. Ordea, denek daramate, harro, beteranoen kuadrillaren irudia. Are gehiago, baten batek I love BB txapa bat darama: «Blusa beteranoengatik egin zuten, noski baietz», barre egiten dute horregatik galdetzean.

Ondo neurtutako erritmoa

Plaza Berrira jaitsi dira blusak, egunarekin jarraitzeko. Bertatik, musikak lagunduta, Jesus Guridi kaleko Artepan dendarako bidea hartu dute. Dantza egiten. Gozatzen. «Gaurko eguna guretzat da; ez seme-alabarik, ez horrenbeste maite dugun ilobarik... Ez gara ezta diruagatik kezkatzen, dena lotuta ateratzen baikara!», dio Montesek. Euria ari du une horretan, baina aterkien babespean beldurrik ez. Artepanen txoripan bat hartu, eta Ahateen Iturrira arte jarraitu dute. Beste hamaiketako bat dute zain, bazkalordua heldu aurreko azkena.

Gora eta behera doazela kaleetan, jai giroan murgilduta, blusa gazteago batzuekin gurutzatu dira. Paperak aldatzen dira orduan. Gazteek, eserita, kafea eskuan, beteranoen erritmoa ikusten dute. «Lau gau ditut bizkarrean... Egun bakar batean aterako banintz, haiek baino dantza gehiago egingo nuke», defendatu da blusa horietako bat.

Ordubiak aldera, Alkartetxean eseri dira, urtero bezala, bazkaltzeko prest. Goizean bildutako guztiak ez dira bertara heldu. Batzuek etxerako bidea hartu dute atseden hartzeko, baina itzuliko direla aginduta. 16:45ean zezenetarako bidea egin behar dute, baita itzuli ere, Andre Maria Zuriari Agur Jaunak abestuz, egunari bukaera emateko. «Jaiak hasten direnetik luze egiten da abuztuaren 8ra arte itxoitea, baina... merezi du!!», dio Morenok.

Dantzarako prest

Bazkaltzera joateko presarik ez dutenak Probintzia plazan gelditu dira dantzarako trebetasuna erakusteko prest «meneitoan». Ilara luzea sortu da minutu gutxitan, bikoteek lehiaketarako zenbakia eskuratzeko. «Disfrutatu eta ondo pasatzera etorri gara urtero bezala, besterik ez», dio Rosa Rodriguezek dantzarako prest.

Txarangak lehenengo notak jo bezain pronto, bikotea eskutik heldu eta dantzari ekin diote parte hartzaileek. Tanta batzuk erori dira ekitaldiaren hasieran, baina horrek ez ditu dantzariak gelditu. Plazaren inguruan, parte hartzaileen semeak, lagunak eta ilobak txaloz animatzen dituzte. Gehienek aurreko aldietan parte hartu dute. «Urtean zehar Florida parkean dantzatzen gara», dio Milagros Barrerak. Dantza gustuko dute denek, eta urte osoan entseatzen dute. Lehiaketako errepertorioak guztien gusturako abestiak bildu ditu.

Argitxu Eskibelek, antolatzaileetako batek, bikote batzuk «oso ondo» dantzatzen direla uste du. Eskibelekin batera, txarangako kideak eta kazetari bat izan dira epaimahaia. Bazkal aurretik, oholtza gainera igo dira parte hartzaile guztiak. Euria hasi du orduantxe. Sari ugari banatu dituzte parte hartu dutenen artean, baina, dantzarien arabera, «sariak ez du axola, ondo pasatzera» etorri baitira plazara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.