Negu hotzari aurre egiteko eta bihotzak eta belarriak berotzeko,kontzertu berezi bat antolatu du Usopop elkarteak Sarako (Lapurdi) Santa Katalina kaperan, gaur, arratsaldeko bostetan. Bi artista ezagutzera emango dituzte: Londresetik etorritako Barbarossa eta Mursego. Bere hirugarren diskoa lehen aldiz aurkeztuko du Ipar Euskal Herrian eibartarrak.Kontzertuak ikusteko sarrerak bost euro balio du.
Alde batetik, Mursego ezizeneko Maite Arroitajauregi musikariak Hiru izeneko diskoa aurkeztuko du. Txeloz, beste hainbat instrumentuz eta elektronikaz lagundurik, «soinu katedralak» eraikitzen ditu. Azken obra horretan hainbat erritmo erabili ditu: cumbia, tangoa, Afrikako doinuak, punk doinuak... Baita beste tresna batzuk ere: xilofonoa, pianoa... Bertan, kantu alaiak eta umoretsuak nahasten ditu, oso modu berezian. Baita doinu sentikorrak eta hunkigarriak ere.
Horrez gain, James Mathe Barbarossa Erresuma Batuko musikariak udaberrian kaleratuko duen lana aurkeztuko du. Jose Gonzalezen Junip Suediako taldean aritu izan da 2013. urtean. Pianoa lagun, elektronika ukituz jantzitako kantu sentikorrak abesten ditu.
MURSEGO - BARBAROSSA
Non. Santa Katalina kaperan, Saran (Lapurdi).
Noiz. Gaur, 17:00etan.
Sarrera. 5 euro.
Belarriak berotzeko doinuak
Barbarossa musikariaren eta Mursego bakarlariaren kontzertuak ikusi ahalko dira gaur Saran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu