Larunbatean, hirugarrenez ospatuko dute Bekat'uros eguna, Atharratzen (Zuberoa), Prefosta elkarteak eta Altxalili taldeko kideek antolaturik. Arrakastatsua izan zela ikusirik, aitzineko bi aldietako formula atxiki dute egun nagusiari dagokionez, baina aurten, egitarau zabalagoa antolatu dute apirilerako, beste egile eta elkarte batzuekin. «Lehen urratsa zen karrikara ilkitzea, eta, orain, galdekatu nahi dugu egun orotakoan zer den homosexuala, transexuala edo normatik kanpokoa izatea Zuberoan», esplikatu du Marie-Annick Jaury antolatzaileak. Programan txertatu dituzte, besteak beste, gai hauek: trans identitatea, kirola eta homosexualitatea, eta arte garaikidea.
Egun nagusia etzi izanen da, eta Bekat'uros besta eginen dute. Eguna trinketean hasiko dute, 11:30ean; aperitifa izanen da lehenik. 12:00etan, bertso-bingo bazkaria izanen da, Maddi Aiestaran eta Haira Aizpurua bertsolariekin. Gainera, Camille Chopin argazkilariak ateratako Altxalili kolektiboko kideen potreten erakusketa ikusgai izanen da egun osoan.
Arratsaldean, 16:30ean abiatuko dute Harrotasunen karrika ingurua, Atharratzeko karriketan gaindi. Les 400 Coups batukadak eta Oztibarreko Basandereak joaldun taldeak animatuko dituzte kaleak. Arratsean, 19:00etatik goiti, gaualdiko egitaraua abiatuko dute: Gauak musika taldeak, Amorru Pneumatikoak, Altxalili Show kabaretak, Albina Stardust drag-ak, Txartxarangak, Mairu taldeak eta Petra Komet DJak hartuko dute oholtza. Janari furgonetak izanen dira gauean.
Oraindik laguntzaileak xerkatzen ari dira egun horretarako.
Egun bat baino gehiago
Etziko egunak izanen du indarra berriz ere, baina beste hainbat elkarterekin lanean ari dira, Zuberoan gaindi hilabete osoko egitaraua prestatzeko. Prefostako eta Altxaliliko kideek partaidetzak xerkatu dituzte inguruko elkarteen artean gogoetan barnatzeko, eta elkarlanak plantan ezarri dituzte eragile hauekin: Xiberoko Feministak eta Arcolan LGTB zentroa, Atharratzeko Artetxe arte zentroa, Barkoxeko errugbi taldea, Barkoxe Bizi elkartea eta Les Bascos LGTB taldea. «Aurten enbeia genuen urrunago joateko eta beste elkarteekin gauzak antolatzeko gai horren inguruan», azaldu du antolatzaileak.
Egitaraua barda hasi zuten, 20.000 especies de abejas (20.000 erle espezie) trans identitateari buruzko filma proiektatuz, Alozeko gelan. Akitaniako Arcolan LGBT zentroak eta Xiberoko Feministak taldeko kideek eztabaida egin zuten.
Bihar, baserriko mundua eta homosexualitatea ardatz dituen dokumetal bat proiektatuko dute Mauleko Maule Baitha zinema aretoan, Antoine Vasques film egilearen Pédales rurales (Baserriko maritxua). Proiekzioaren ondotik eztabaida bat izanen da, filmaren egilearekin, Prefostako kideekin eta Altxalili taldeko kideekin. Filmaren emaldia 20:30ean hasiko da.
Igandean, Bekat’uros egunaren biharamunean, hamaiketakoa izanen da 12:00etan, Atharratzeko Artetxen. 14:00etan, Anouchka Oler Nussbaumen emanaldia izanen da, Gouines Rouges Frantziako lehen lesbiana talde feministari buruzko performance artistikoa. 16:00etatik goiti, Calypso Debrot eta Alain Girauden Cultiver l'appartenance (Itxura landu) erakusketa izanen da, Dom Campistronen eta Bell Hooksen testuekin osatua. Erakusketa ekainaren 21era arte izanen da ikusgai.
Egitaraua finitzeko, azken ekitaldia apirilaren 17an izanen da, ostegunarekin: Barkoxe Bizi elkarteak eta Barkoxeko errugbi taldeak antolatutako gaualdia. Barkoxeko Pitxe ostatuan eginen dute. Matt Carter film egile britainiarraren Dans la mêlée (Uztarketaren erdian) filma proiektatuko dute, errugbi mundua eta homosexualitatea aipatzen dituen obra. Ondotik, mahai ingurua izanen da, Les Bascos elkarteak animaturik.