Norberarenak eta bakarrak dira. Iletsuak, ile gutxikoak, finak, luzeak, laburrak... Bekaina, begien gainean dagoen ile zerrenda hori, funtsezkoa da hitzik gabeko komunikazioan eta begien babesean. Emozioak adierazteko, haien itxura aldatu egin baitaiteke proiektatzen denaren arabera.
Alaitasunean, bekainek altxatzeko eta apur bat okertzeko joera dute, begiak zabalduz eta aurpegiari distira emanez; tristuran, bekainak jaitsi egiten dira, eta forma zuzenagoa hartzen dute, begiak itxiz eta aurpegia itzaliz; harriduran, bekainak goratu eta bereizi egiten dira; haserrealdian, berriz, bekainak zimurtu eta erdian elkartzen dira, kopeta zimurtuta eta tentsioz; eta, beldurrean, bekainek altxatzeko eta makurtzeko joera izaten dute, begiak irekiz eta erne egoteko adierazpen bat sortuz. Beste hainbeste emozio ere badaude. Bekainek beren forma eta posizioa egokitzen dute gizakien emozio sorta zabala islatzeko, alaitasunetik beldurreraino, eta nabarmen laguntzen dute aurpegiaren adierazkortasunean eta emozioen komunikazioan.
Norbere nortasuna, aldartea edo balio kulturalak islatzen dituzten bekain formak aukera daitezke. Makillajearen edo prozedura kosmetikoen bidez, gainera, bekainen itxura aldatzeko gaitasunak indibidualtasuna eta sormena adierazteko aukera eskaintzen du. Angela Garcia estetizistak asko daki bekainek duten garrantzi estetikoaren eta biologikoaren inguruan, horiek tratatzen egiten baitu lan: «Bekainek funtsezko funtzio biologikoa dute: begiak izerditik, euritik eta kanpoko beste elementu batzuetatik babestea. Bekainen kurbadurak izerdia eta hezetasuna begietatik urrun desbideratzen laguntzen du, ingurua argi eduki eta oztoporik gabe ikusteko». Are gehiago, bekainek eguzki argi bizia desbideratzen ere laguntzen dute, begiak izpi ultramoreetatik babestuz.
Harridura, haserrea, nahasmena, poza eta halako aurpegi adierazpenak, neurri handi batean, bekainen mugimenduaren eta posizioaren bidez transmititzen dira; hala berretsi du estetizistak. «Adibidez, bekainak altxatzeak harridura edo interesa adieraz dezake, eta kopeta zimurtzeak, berriz, kezka edo haserrea. Bekainen komunikazio alderdi hori unibertsala da, eta giza kultura guztietan ageri da». Beraz, nahiz eta jendea lehen begi kolpean ez den konturatzen, «harmonia» ematen diote aurpegiari.
«Garbitzea»
Bekainak nola eraman, hori aldatuz joan da bai denborarekin eta bai sexu bakoitzari tradizioz ezarri zaion genero rolaren arabera ere. Kultura askotan, emakumeek joera handiagoa izan dute bekainak makillajearen eta depilazioaren bidez aldatzeko. Hala ere, gaur egun, gero eta gizon gehiagok zaintzen eta aldatzen dituzte bekainak.
Imanol Gallegok, adibidez, egin zuen «bekainak garbitzeko» hautua. Iletsuak zituen, eta, gutxi bazen ere, begien artera luzatzen zitzaion lerroa. «Bekain lodi eta trinkoak nituen lehen. Angelak nire lantokiaren ondoan dauka estetika zentroa, eta egun batean sartzea erabaki nuen. Ordutik, bi hilean behin joaten naiz, gutxi gorabehera».
Hasieran, Gallegok uste zuen bekainak depilatzean ile gehiegi kentzen ari zitzaizkiola, baina laster konturatu zen esku onetan zegoela. «Haiengan konfiantza izan nezakeela jakin nuen azken emaitza ikusi nuenean. Behar dena kentzen dizute, ez gehiago; badakite zer forma eman behar zaion bekain bakoitzari». Izan ere, Garciak argitu du bekainak «konpontzea» ez dela «itxuraldatze nabarmen bat», baizik eta «aurpegiari adierazkortasun handiagoa» emateko aukera bat.
«Bezeroak eska dezala nahi duena, eta ondo egingo diogu, noski. Baina modak ziklikoak dira, eta onena garbitzea eta txukuntzea dela uste dut».
ANGELA GARCIAEstetizista
Badaude bekainez «arduratzeko» beste hainbat arrazoi, estetizistaren arabera. Gaixotasun baten ondorioz bekainak erortzen direnean, aurpegiaren adierazkortasuna galtzea esanguratsua izan daiteke. Zenbait baldintzak bekainak erortzea eragin dezakete: adibidez, hipotiroidismoak, bekainetan ilea galtzea eragin baitezake tiroide ez oso aktiboak; dermatitis atopikoak ere bai, larruazalaren baldintzak eta bekainen eremua baldintza baititzake; eta kimioterapiak ere, minbiziaren aurkako tratamenduak, eragin dezake ilea erortzea, baita bekainetan ere. «Edertasun produktuak, hala nola arkatzak, gelak, tindagaiak eta bekainetarako pomadak, oso ezagunak bihurtu dira. Microblading-ak eta bekainen tatuajeak ere ospea lortu dute, eta pertsonei bekainen forma eta lodiera aldatzeko aukera ematen diete. Kasu batzuetan, hautu hori egiten du jendeak, batez ere bekainetako ilea berreskuratzeko aukerarik ez dagoenean».
«Kontuz» modekin
Orrazkerekin gertatzen den bezala, bekainekin ere izaten dira modak. Antzinarotik, bekainek esanahi garrantzitsua izan dute hainbat kulturatan. Antzinako Egipton, kohl bezalako makillajearekin nabarmentzen ziren, arrazoi estetiko eta erritualengatik. Grezian eta Erroman, bekain lodiek adimena eta edertasuna sinbolizatzen zituzten, eta hautsak erabiltzen zituzten ilundu eta forma emateko. Erdi Aroan, bekain finak oso ezagunak ziren Europako nobleziaren artean; Errenazimentuan, berriz, bekain lodiak modan jarri ziren berriz ere, Mona Lisaren margolana adibide.
XX. mendean, bekainen joera izugarri aldatu zen hamarkada bakoitzean: bekain meheak eta markatuak 20ko hamarkadan; lodiak eta naturalak 50eko hamarkadan; iletsuak 80ko hamarkadan. XXI. mendean, «pertsonalizazioa eta aniztasuna» baloratu ditu jendeak, hala azaldu du Garciak: «Nortasun eta lehentasun desberdinak islatzen dituzten forma eta estiloak daude».
«Egunen batean gertaera bereziren bat badut, bekainak txukunduta joaten saiatuko naiz».
IMANOL GALLEGOBezeroa
Dena den, gaur egun bekainekin egiten denarekin «kontuz ibiltzeko» gomendatu du estetizistak, eta «ahalik eta naturalen geratzea» defendatu du, asko moztuz gero «arraro» gera baitaitezke: «Bezeroak eska dezala nahi duena, eta ondo egingo diogu, noski. Baina modak ziklikoak dira, eta onena garbitzea eta txukuntzea dela uste dut».
Finean, bekainek, askotan alde batera utzi arren, estetikan eta komunikazioan «eragin nabarmena» dutela ondorioztatu du Garciak: «Babes funtzio biologikotik hasi eta emozio adierazpenean eta kultur identitatean betetzen duten roleraino. Interes eta bilakaera eremu dira. Kultur joerek eta arauek aldatzen jarraitzen duten heinean, bekainak ezinbesteko bitarteko izango dira autoadierazpenerako eta hitzik gabeko komunikaziorako». Eta, zergatik ez, Gallegok jarraituko du bekainak «garbi» mantentzen: «Egunen batean gertaera bereziren bat badut, bekainak txukunduta joaten saiatuko naiz. Orain arte egin dut, eta egiten jarraituko dudala uste dut».