Gorka Ortiz de Urbinak (Gasteiz, 1971) hemeretzi urtez jarraian bete du Zeledonen kargua Gasteizko jaietan. Hogei egin behar zituen iazkoan, baina, izurriteak baldintzatuta, ez ziren festak ospatu, eta, beraz, Andre Maria Zuriaren plazan ez zen Zeledonen jaitsierarik egon. Ohiko egoera bat balitz, aurten izango luke azken urtea, aurrez iragarria baitzuen 21 urte egingo zituela kargu horretan. Hala ere, jaiak ospatu ez direnez, baieztatu du beste urte bat edo bi gehiagoan jarraituko duela pertsonaiari bizia ematen. Haren ustez, «zentzuzkoena» da aurten ospakizunik ez egotea, eta, oraindik, «pazientzia» izateko eskatu die gasteiztarrei. Are, espero du datorren urtean Gasteizko jaiak itzultzea.
Izurria dela eta, bigarren urtez jarraian ez da Zeledonen jaitsierarik egon. Nola bizi duzu hori?
Tristuraz, eta nahiko gaizki. Uste genuen iaz bakarrik galduko genituela jaiak, baina aurten ere gauza berdin izan da. Hala ere, baikorrak izan, eta pentsatu behar dugu pandemia pasatuko dela. Datorren urtean normaltasunez ospatu ahal izango ditugu jaiak. Hala espero dut, behintzat.
Jairik egon ez arren, zerbait sinbolikoa egingo du Zeledonek?
Ofizialki, ez. Aurten ere familiarekin etxetik ospatuko ditut jaiak. Ziurrenik, suziriren bat botako dugu etxeko balkoitik; kontu handiz, hori bai. Gaur, berriz, kalera aterako naiz lagunekin, blusaz jantzita, baina ez kuadrilla osoarekin; bospasei lagun irtengo gara elkarrekin afaltzera. Beste egunetan, ordea, ez dut plan jakinik; agian, aterako naiz kalera, tabernetan zerbait hartzera. Hala ere, ez dira jaiak, hori argi daukat, eta oso lasai ibiliko naiz.
Jaiak egiteko moduan dago egoera ala hobe da neurriak hartzea eta ezer ez egitea?
Ospakizunik ez egitea zentzuzkoena iruditzen zait. Ez gaude egoerarik onenean, pandemia gogor ari zaigu jotzen. Horregatik, gauzak ondo egin behar ditugu orain, datorren urtean jaiak ospatu ahal izateko. Lehenik eta behin, jendearen osasuna da garrantzitsuena, eta, ostean, jaiak. Aurten itxarotea tokatzen zaigu.
Bereizi al daitezke Zeledon eta Gorka jaietan?
Soilik jaitsiera egunean naiz Zeledon. Ostean, Gorka naiz berriz, beste blusa bat. Hala ere, motxila hori hor dago. Jendeak blusaz jantzita ikusten nauenean, Zeledon ikusten du askotan. Biekin bizi zara egunero. Politena umeak gerturatzen zaizkidanean izaten da, aitak edo amak Zeledon naizela esaten dienean; hunkigarria izaten da momentu hori.
Zer da Zeledon izatearen onena eta txarrena?
Andre Maria Zuriaren plazan abuztuaren 4an Zeledon izatea onena da, mundiala da plaza igarotzea eta ostean balkoian egotea. Gainera, jendeak ez zaitu ezagutzen, baina beti mutil jatortzat hartzen naute, nire izaera Zeledonenarekin lotuta. Hala ere, nire semeari galdetuz gero, hark ez die esango Zeledon bezain jatorra naizenik, ziur.
Alde txarrei dagokienez, gauza gutxi. Baina egia da apur bat kontrolatu egin behar zarela, hitzak eta ekintzak neurtu behar izaten ditut, bai komunikabideetako elkarrizketetan bai jendearekin hitz egiten dudanean. Handia da erantzukizuna, baina ederra da Zeledon izatea.
Beraz, aurten ere Zeledonen jantziaren eta aterkiaren falta sumatuko al duzu? Edo ezkutuan jantziko zara?
Zeledonen blusa eta aterkia gordeta daude. Iaz ez nituen atera, eta aurten ere ez. Datorren urtera arte, eta, hala eskatuz gero, soilik, elkarrizketetan izango naiz Zeledon.
Oro har, nola bizi ditu Zeledonek Gasteizko jaiak?
Abuztuaren 4an hasten da Zeledon elkarrizketak egiten, hamaiketakoa jaten, eta abarretan. 18:00etan, esperotako momentua iristen da: jaien hasiera. Aldiz, beste egunetan blusa bat gehiago da. 5ean ere, gaurko egunez, komunikabideekin izaten ditu elkarrizketak.
Eta Gorkak?
Gorka gisa, beste blusa bat naiz, Bereziak kuadrillaren parte dena.
Eta zer esango zenieke gasteiztarrei?
Pazientzia izan dezatela. Utzi gaituen jendeaz oroit gaitezen, baina hau pasatuko da. Uste dut datorren urtean normaltasunez biziko ditugula Gasteizko jaiak.
Egia da kargua utzi nahi duzula?
Karguan 21 urte egongo nintzela esan dut beti; izurririk ez balego, iaz hogei urte egingo nituzke, eta, aurten, 21. Baina festak egon ez direnez, nola joango naiz atzeko atetik? Horregatik, pentsatu nahi dut 21 urte egongo naizela, betiere jaiak ospatzen diren urteak kontatuta. Iazkoek eta aurtengoak ez dute balio. Beraz, behintzat urte bat edo bi gehiagoan izan nahi dut Zeledon.
Gorka Ortiz de Urbina. Zeledon
«Behintzat urte bat edo bi gehiagoan izan nahi dut Zeledon»
Ortiz de Urbina hemeretzi aldiz izan da Zeledon; halere, ez da jaitsierarik egon azken bi urteetan. Haren ustez, ulergarria da jairik ez egitea, baina jakinarazi du oraindik ere Zeledon izan nahi duela, «ederra» delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu