ATZEKOZ AURRERA. Joxe Mari Olasagasti. Aizkolaria

«Behintzat, Urrezko Kopan ez nuke azkena geratu nahi»

Gaur jokatuko da aizkolarien Urrezko Kopa, Donostiako Aste Nagusian. Hainbat herri kiroletan ezagun den Olasagasti izango da parte hartzaileetako bat, beste laurekin batera.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Igeldo
2015eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Jon Irazu eta Unai Otañorekin batera arituko da gaur Joxe Mari Olasagasti (Igeldo, Gipuzkoa, 1959) Urrezko Kopan. Lesionaturik izan den arren, aizkora hartuko duela ziurtatu du. «Ahal bezainbeste» egitera joango da.

Nolakoa da Donostiako Aste Nagusiko aizkolarien Urrezko Kopan parte hartzea?

Niretzat, gauza handia da. Nik adina jokatutakorik ez da egongo, eta nire adinekorik, gutxiago. Niretzat, pozgarria da. Ezin izan dut asko prestatu, erakustaldi askotan nagoelako, horra joateko nekatuegi. Neguan izango balitz, ezberdina litzateke, beste erritmo bat daramadalako. Euskal Herriko Txapelketa eta horrelakoak oso ezberdinak dira. Prestatuta nago, baina lesio bat dut. Hala ere, behintzat ez nuke azkena geratu nahi .

Azkenaldi honetan zer egiten ari zara prestatzeko?

Aurten entrenamendu gutxi egin ditut. Mendira eta abar joaten naiz. Aurreko batean, Bolibarren izan nintzen, baita Iruritan ere. Orduan lesionatu nintzen. Idiekin eta aizkorarekin nenbilen, eta kolpe bat hartu nuen idien kontra atoitik jaisterakoan. Baina aurkeztu beharra daukat, joan beharra daukat. Esango nuke lesioaren aldetik apur bat gogortuta nagoela, hala ere.

Ez dizu orduan kalterik egingo lesioak ?

Lesioak beti egiten du kalte. Burua hotz eraman behar da horra, errendimenduak alde egiten baitu buruan mina duzula jartzen bazaizu.

Idiekin ere jarraitzen duzula esan duzu.

Bai. Toki askotara joaten naiz idiekin, erakustaldietara batez ere. Aurrekoan, Iruritan izan nintzenean, zaldi baten kontra aritu nintzen. Orain, idiei akuiluak kendu zaizkie, eta eskuekin bakarrik egin behar da. Oso gauza polita atera zen. Gustura aritzen naiz erakustaldietan.

Eta oraindik egiten al dira hainbeste idi proba? Kontua ez al dago zailago?

Ez, ez, jarduten da. Lehen baino zailago? Lehen baino giro gutxiago dago, baina ederra da dagoen giroa. Oiartzunen izan nintzen orain dela denbora gutxi, eta izugarrizko giroa zegoen. Aurrera segitzen dugu.

Aurten ez duzu soilik egurrik moztu. Auto bat erdibitu zenuen Anoetako Lau Orduak ekitaldian, ezta?

Egun hartan hori egiteko eskatu zidaten antolatzaileek, eta hasieran ezetz esan nien. Gero, apur bat animatu nintzen. Gauzak ondo atera zitzaizkidan, baina nik badakit hori ez dela gauza polita herri txikietan egiteko. Askok eskatu didate. Zortzi edo hamar tokitatik deitu didate, baina ez naiz inora joan. Ez zait polita iruditzen. Min hartzeko ere aukera asko daude horretan, gainera. Minutu bat eta 48 segundoan moztu nuen autoa, eta hor errekorra jarri nuen, nik uste.

Orduan, egurrarekin jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, beti bezala. Frantzia aldetik ekartzen dugun pagoarekin. Hemen beti erabiltzen dugu, bai apustuetan eta bai erakustaldietan ere.

Garestia omen da egurra erostea. Krisiak kalte egin al dizue?

Egurraren prezioa igo egin da, lehen baino gutxiago botatzen delako. Baina guk egurra, askotan, akatsak dituena ebakitzen dugu. Jendeak pentsatzen du pago egurra erabiltzen dugula txaparako. Baina guk orbaina eta gaitza duen egurra erabiltzen dugu, sutarakoa bezalakoa.

Olasagasti Sagardotegia ere baduzu, baina zein da zure kirolari dieta?

Nik dieta lehengo erara daramat: antigoaleko dieta jarraitzen dut. Proteina eta halakoak ere hartzen ditut, baina, tira. Goizetan, oilasko izterra jaten dut, urdaiazpikoa, proteina... Gauean, porru patata eta arraina, edo baserriko oilaskoa, edo txuleta bat. Astean hiru edo lautan jaten dut txuleta.

Nola ospatzen duzu zuk Donostiako Aste Nagusia?

Ez dut asti asko izaten jaietan gozatzeko. Ia beti kanpoan izaten naiz. Afaritxoren bat egitea, Parte Zaharrera joatea, pintxoak jatea... Hori, beti gustatu izan zait, baina irail aldean egiten ditut gehiagotan halako planak. Estropadetara joaten naiz orduan. Jaietan, suak behintzat ikusten ditut, ahal badut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.