ATZEKOZ AURRERA. Daniel Garcia. Hegaztien zalea

«Behin izaten da elur hontza ikusteko aukera»

Joan den astean Artikoko hontz batzuk agertu dira Espainia iparraldean, eta, okasioa galdu gabe, Daniel Garcia, Itziar Almarzegi eta David Arranz iruindarrak hara joan dira autoa hartuta, hura ikusi eta argazkiak ateratzera.

Daniel Garciak herenegun ikusitako elur hontza. DANIEL GARCIA MINA.
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun

800 argazki, 900 kilometro eta hamar orduko bidaia: hitz horiekin laburtu dute Daniel Garciak, Itziar Almarzegik eta David Arranzek asteburuko abentura. Baina, hitzek baino gehiago, irudi batek azaltzen du bidaia: elur hontzarenak. Larunbat gauean autoa hartzea erabaki, eta Espainia iparraldera joan ziren autoz, elur hontz bat ikustera: «Piztia magikoa, ikusgarria eta ederra. Merezi izan du», dio Garciak (Iruñea, 1984).

Zergatik da hain ezohikoa elur hontz bat ikustea?

Europa eta Amerika iparraldeko hegazti enblematiko bat delako. Zuria eta oso polita da. Tundran bizi da, eremu oso hotzetan, muturreko izotz eta elur baldintzetan, gizakirik ez dagoen toki basatietan. Bizitzan behin izaten da horrelako bat ikusteko aukera.


Garciak, Almarzegik eta Arranzek igandean ikusi zuten elur hontza. / Daniel Garcia Mina

Bat ez, hiru agertu dira.

Kantabrian aurkitu zuten lehena. Oso ahul zegoen, eta hil egin zen. Asturiasen gero eme bat, hegan, eta ar bat ikusi zituzten. Guk arra ikusi genuen igandean.

Eta zer egiten du latitude hauetan Artikoko piztia batek?

Sekula ez da ikusi hain hegoaldera. Migratzen ari denean batzuetan itsasontzietan geratzen da, atseden hartzeko, eta ontzia lehorreratzen den tokian agertzen da. Herbehereetan ohikoa da. Hori da hipotesi nagusia, Kantabrian aurkitutakoak ez baitzuen ez eraztunik eta ez ezer. Isotopo proba egingo diote, eta orduan jakingo dute basatia zen. Elur hontzak falkonerian erabiltzen dira, eta Harry Potterren sagan agertu zenetik erosketa boom bat izan zen. Baina horiek eraztunak izaten dituzte. Hauek basatiak dirudite.

Eta zer gertatzen da horiekin?

Agertzen diren bezala, desagertu egiten dira. Hemen beren bizilekutik kanpo daude, galduta. Etxera itzultzeko milaka kilometro egin behar izaten dituzte. Ez dakit iritsiko diren edo bidean hilko diren. Duela urte batzuk Re uhartean [Frantzia] agertu zen bat. Hori ikusteko zortea ere izan nuen. Gero desagertu egin zen.

Bi ikusi dituzu?

Bai. Horregatik, hasieran ez nuen asmorik orain ikustera joateko, baina, argazkiak eta bideoak ikusten hasi, eta harra piztu zitzaidan, besteekin hitz egiten hasi... Ez? Bai? Bihar? Orain?

Eta bai.

Larunbatean gaueko hamaiketan hitz egin genuen telefonoz Itziarrek, Davidek eta hirurok, eta, ordubete geroago, autoan geunden jada. Goizaldean iritsi ginen Asturiasera. Hala moduz lo pixka bat egin genuen, eta egunsentian atera ginen bila.


David Arranz eta Itziar Almarzegi, igandeko behaketan. / Daniel Garcia Mina

Nola aurkitu zenuten?

Kosta zitzaion agertzea. Larunbatean agertu zen lekuan ez zegoen. 70-80 bat pertsona geunden, eta sakabanatu egin ginen. Hiruzpalau kilometrora aurkitu zuen Salaberri abizena duen batek, etxola baten teilatuan. Eskerrak horri.

Nolakoa izan zen momentua?

Hunkigarria. Pentsatzen nuen ez nuela inoiz gehiago ikusiko. Baina gertutik ikusi genuen; hegaldi labur bat egin zuen txalet baten teilatura, eta lumak apaindu zituen mokoarekin. Txikitako amets bat da ikustea.

Ez al da kaltegarria hori elur hontzarentzat?

Guretzat, argazkia baino lehenago, hegaztiaren ongizatea dago. Hori horrela da. Han geundenok elkar ezagutzen genuen, eta lasai egon zen, hiru orduz, txaletaren teilatuan. Gu hesiaren kanpoan geunden.

Eta ez al da arriskutsua lokalizazioa ematea?

Eztabaida hor dago, baina orduan eta jende gehiago egon inguruan, are eta zailagoa da norbaitek ankerkeriaren bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.