Tonban ehortzirik. Jon Mirande

«Behin, goiz ala berandu, gure apentzaren ordua etorriko da»

Jon Mirandek lagun eta gogaide handi izan zuen Parisen Andima Ibiñagabeitia. Hura Caracasen zela, artikulua bidali zion ‘Irrintzi’ aldizkarirako: Frantziako Errepublikaren jaiegunean, 1958an, zenbait egia garratz idatzi zituen Pariseko poeta zuberotarrak.

(ID_13644614) (/EZEZAGUNA) egiazetabegiaz1
Jon Mirande Veneziako San Markos plazan, iragan mendeko 50eko hamarkadan. «Mirande, film bat egiteko zirriborroa». ZALDI ERO
Miel Anjel Elustondo
Thiais
2024ko otsailaren 27a
05:00
Entzun
Frantziaren baitako herriez ari zinen artikuluan. Zein eta zein ditugu haiek, zeren arabera banatu ohi zenituen?

Lehenik, esan behar da endak, hizkuntzak, legeek –izan daitezen idatzitakoak nahiz ohiturazkoak–, edestiak dutela herri bat besteetatik bereizten, eta ikusgune horretatik, Espainian espainolen aldamenean euskaldunak eta katalanak badiren bezala, Bretaina Handian ingelesen alboan galestarrak eta eskoziarrak dauden legez, sei herri ditugula Frantzian, frantziarrez beste: euskaldunak Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan; bretoiak; nederlandarrak Flandesetan, Rijsal edo Lille hiriburuaren inguruan; alemanak Altsazian eta Lotaringian; italiarrak Korsikan, eta katalanak Rosellón. Herriok Frantziako erregeek beretu zituzten edestian zehar, nahiz guduz, nahiz diplomaziaz, nahiz ezkontzez edo diruz.

Herri horiek Frantziako koroari batu zitzaizkion aspaldi.

Ez, ordea, Frantziako herriari. Esan nahi baitu, erregeek herri horiei utzi zizkietela beren batzar eta legeak, beren ohitura eta usantzak, bai eta beren hizkuntzak erabiltzeko ahalmena. Orduan ez zegoen «inperialismo linguistiko»-rik. Egia da herri zenbait ez zirela ahalmen horretaz behar zuketen bezala baliatu. Hala nola, euskaldunak eta bretoiak, frantsesa baitzerabilten beren batzarretan, baina ez beti. Behe Nafarroako eta Zuberoako euskaldunek gaztelania eta oc-eko hizkuntza ere erabili zituzten.

Diozu 1789an, Frantziako Iraultzak, edo «Jazarmendu edo Matxinada handia»-k, zuk ibili gustu duzunez, ordu arteko gauzak aldarazi zituela herri txipientzat.

Zeharo, ez bakarrik frantziarrentzat, errege-erreginei lepoa moztu eta Errepublika ezarriz, baina bai herri txipiontzat ere. 1789ko dagonilaren [agorrila] 4an, jazarleek gizaki bakoitzaren eskubide bereziak erauzi bazituzten, hiri eta probintzienak ere kendu zituzten, esan nahi baitu, herrien lege eta usantza zaharrak, konkistatu ondoren ere erregeek utzi zizkietenak. Urtebetegarrenean, jazarleak urrutiago joan ziren bide horretatik: probintziak berak ezeztatu zituzten, eta haien ordez sailkatze administratibo berri bat asmatu zuten, erresuma beren nahiera departamentutan zatikatuz, eta herrien ordezkarien protestak kontuan hartu gabe. Euskaldunak baizik ez aipatzeko, Garat bi anaiena lapurtarren izenean, eta [Jean-Bernard] Uharteko markes jaunarena, zuberotarrenean.

«Dogma bat da hemen, katoliko batentzat Hirutasun Santuarena bezain sinesgarria, ‘Bat eta Zatiezina’ dela Errepublika».

Protestak...

Hitzezko protestak soilik ez ziren izan, eta laster errepublikanoek indarra, edo berek ziotenez «latzikara» –«latzikara gabe bertutea indarge baita», zioen Robespierrek–, erabili behar izan zuten gure herriok beren lege berriari amore ematera erakartzeko. Oroit gaitezen Pinet eta Cavaignacen beldur-jaurkeraz [erregimen] Euskal Herrian, Carrierenaz Bretainian. Ez da harrigarri, beraz, herri txipiek iskiluak hartu bazituzten errepublikanoen aurka beren askatasuna eta bizia zaintzeagatik. Baina herri txipiek gogor egin arren ahal zuten bezainbatean, azkenean garaituak izan ziren, nahiz iskiluz, nahiz gilotinaz. Harrezkero, besteak bezalako frantziar batzuk baizik ez gara legearen arabera.

Frantziar baizik ez, legearen arabera, betiere?

Lumaukaldi batez, 1789ko jazarleek gure aitzinako batzar legegileak galarazi zituzten, eta, azkenekotz, Errepublikak indarrez Frantziako herrian sarrarazi gintuenez gero —euskaldun, bretoi, flandestar eta beste herriok—, gure jatorrizko hizkuntzek ez dute den gutxien izate ofizialik. Hasieratik, errepublikanoek erakutsi zuten hizkuntzoi zieten gorrotoa. 1794ko ilbeltzaren 24an, Osasun Publikoaren Batzordearen batzarrean, Barere de Vieuzac izeneko batek [Bertrand Barere de Vieuzac, Tarbes, 1755 – 1841, abokatu eta politikari gaskoia], aditzera eman zien batzarkideei zenbat galgarri ziren eta zergatik lehenbailehen erauzi behar ziren.

Frantziak ez ditu, beraz, bere baitako herriak Espainiak baino hobekiago hartu, ez gehiago maitatu ere?

Egia den bezala aitortu behar da, Frantziako errepublikaren miresle amorratuak diren abertzale zenbaiti mingots izango bazaie ere: Frantzian ez dute herri txipiek Espainian baino askatasunik gehiago. Aitzitik, izatekotz. Mugaz honaindiko Euskal Herria, Bretainia, Flandes, Korsika eta Roselló, herri diren aldetik edozein zuzenbidez, edozein izate ofizialez gabeturik bizi dira. Ene denboran, bakarrik altsaziarrek eta lotaringiarrek bazituzten lege berezi zenbait, Alemaniaren aldera ingura zitezen beldurrez frantses estatuak utziak. Eliza eta Estatua 1905. urtetik hona bereiz badira Frantzian, nire garaian Altsazia-Lotaringietan gobernuak oraindik ere ordaintzen zituen apaiz katoliko eta protestanteen lansariak, bai israeldarren rabinoenak ere. Gainera, bi eskualdeotan alemanera irakasten zen ikastetxeetan --frantsesarekin batean, jakina--, eta Radio Estrasburgok irratsaioak ematen zituen alemaneraz.

(ID_13644615) (/EZEZAGUNA) (;)

Thiaiseko hilerrian, Miranderen tonba. JOSU MARTINEZ

Zeuk idatzia duzu, hitzez hitz, eta herri txipiei buruz ari beti: «Errepublika askoz etsaiago eta kaltekorrago izan zaie monarkia baino». Ba ote?

Horretan nago. Lehenagoko erregeei aski zitzaien lur-eremuez jabetzea. Errepublikanoak, aldiz, lurraldeotan bizi ziren gizon-emakumeen gorputzez eta arimez ere jabetu nahi izan dira, bide guztiez, diren garratzenez ere, horretarako baliatuz. Erregeek ez bezala, ezin zezaketen errepublikanoek herri edo enda-minoriak izatea jasan. Alabaina, dogma bat da hemen, katoliko batentzat Hirutasun Santuarena bezain sinesgarria, «Bat eta Zatiezina» dela Errepublika.

Badu Espainiaren antzik, beraz. Iraultzak iraultza, «Bat eta Zatiezina» Frantzia.

Baterazale eta berdinzale amorratuak izan ziren 1789ko jazarleak –eta haien ondorengoak halaber egon dira–, beren ustekizun eta ideologia guztiak hala eskatzen baitzuen. Gizakiak elkarren bete [osotasuna] direla aldarrikatu zuten, baina gizakiak oro elkarren bete direla uste duenak aise uste izango du elkarren berdin ere direla, edo, nabarmenegi bada ez direla, hala izan behar luketela. Zentzu oneko edonork badaki endak, hizkuntzak, aspaldiko ohiturak eta edestiak dutela herri bat moldatzen.

Frantzian ez ote dakite, bada?

Frantziako errepublikanoek faktore horiek garrantzi gutxiko dauzkate, non ez dituzten besterik gabe ukatzen. Haientzat, herria adigai abstraktu bat baizik ez da gehiago. Konstituzio bati darraizkionek omen dute herri bat moldatzen. Ez da harritzeko, beraz, Poloniako ghetto batean jaioriko judu bat, bai eta Afrikako beltz bat, aitziniritzirik gabe Frantziako herritartzat onartzen badute, mundu guztiko «aurrerazaleen» goraipuak horrela irabaziz. Baina, bestaldetik, ukatuko dute Euskal Herria –mugaz honaindikoa, bederen–, eta Bretainia, Flandes eta abar, egiazko herriak, hots, aberriak direla. Eta bestera uste eta nahi duten euskaldun, bretoi edo flandestarrak, edo ergeltzat edo traidoretzat dauzkate.

Honezkero badakizu abertzale asko ez datozela bat zurekin. Ez zuten zurekin bat egiten bizi zinelarik, ez zu Thiaisera joan ondoren ere...

Abertzale batek edo bestek –demokrazia Euskadi bera baino areago maite duten haietatik–, uste izango dute, noski, Errepublika belztu dudala hitz hauekin, eta egotziko didate, beharbada –jadanik entzundako ateraldia duket–, Euskal Herriak, Bretainiak, Korsikak eta beste herri txipiek, herri diren aldetik askatasunik ez badute Frantzian, hori beren erruz dela; batetik, pozik daudelako frantses izanaz eta, bestetik, berriz, delako askatasunik eskatzen ez dutelako, zeren eskatuko balute errepublikano bihotz-zabalok dudarik gabe emango liekete. Nago itsuak ala azal-hutsak diren horrela pentsatzen dutenak.

«Ergelkeria litzateke abertzaleak maixiatzea ‘nazi’-ekin lankidetu zirelakoan».

Itsuak, azal-hutsak... baina abertzaleak? Zein da abertzalearen neurria, zure irudipenez?

Frantziaren menpeko euskaldunik gehienak ez dira ohartuki abertzale, mugaz bestaldekoak diren neurrian. Nola izan litezke, ordea? Abertzale izateko, behar du gizakiak bere aberriaren berri jakin, bere enda eta herriaren edestia ezagutu. Baina hemengo euskaldunak, Errepublikaren eskoletan irakatsi izan zaizkion gezurrei esker, ezer ez daki Euskal Herriaren edestiaz, inolaz ere ezin dezake susma gure herria lehenago bere buruaren jabe izan dela, Frantziaren zati ez zela. Gogora gaitezen «Lapurdi», «Zuberoa», «Behe Nafarroa» izen soilak ere ez direla Estatuaren aldetik ezaguturik. Giputz batek, behintzat, oraindik jakin dezake zer den Gipuzkoa, hartan bizi baita. Mugaz honaindiko euskaldunok, berriz, ez gara Euskal Herrian bizi, «Basses-Pyrénées»-etan baino.

Errepublikaren karga pisu handia gorabehera, herri txipi guztientzat ere bada mugimendua. Ez noa gudu zalduntzaz deus esatera...

Estatuak eta Eskolak gure nortasuna itzalaraztearren jazarmenduaz geroko mende eta erdian egin zituzten ahalegin guztiengatik ere, bai, oraindik badira abertzale higikundeak Frantziako herri txipietan, eta hori miresgarri da, kontuan hartzen badugu zer baldintzatan ari diren lanean. Frantziak Alemaniaren kontrako gudua galdu eta atzerritar gudariak haren lurraldean zeudelarik, aski nabarmenki buragertu ziren abertzale higikundeok. Ergelkeria litzateke delako abertzaleak maixiatzea «nazi»-ekin lankidetu zirelakoan. Irlandarrek badute esaera bat: «England’s difficulty, Ireland’s oportunity» [Ingalaterraren zailtasuna, Irlandaren aukera]. Zuzen eta bidezko da geuk ere halaber joka dezagun zangopetzen gaituen Estatuaren aldera. 1940. urtean, Errepublika lurtatu zenean...

«Euskaldunak, Errepublikaren eskoletan irakatsi izan zaizkion gezurrei esker, ezer ez daki Euskal Herriaren edestiaz».

Lurtatu?

Hondoratu zenean... bazirudien garai berri bat hastera zihoala Frantziaren menpeko herri txipientzat. Pétain marexalaren gobernuak –ez dakit bere oguz zen, ala atzerritarrek hala nahirik–, askatasun gehixeago ematera zihoan erresumako eskualde bereziei, beren nortasuna landu ahal zezaten, eta bazen aipua aitzinako probintziak berriz ere ezarriko zituztela departamentuen ordez.

Baina hori ez zen gauzatu, alemanak garaitu zituztenez gero...

1944. urtean, zenbaitentzat «liberazioaren» urtea izan bazen ere, berriz ere Frantziako zentralisten uztarpera erori ginen osoki. Beren herriaren alde zerbait egitera saiatu ziren abertzaleak errukirik gabe pertsegituak izan ziren, alemanen lankide izandako frantziarrak baino lazkiago, noski. Hor dira, adibidez, Eugene Goienetxe euskalduna, Petru Rocca korsikarra, Gantois apaiz jauna flandestarra. Bretainian, bereziki –ugari baitziren abertzaleak herri horretan–, izugarriko sarraskiak egin zituzten emakume eta haurrak erailez, presondegian ezarriz, eta abar. Ez dago hori ahazterik, eta behin, goiz ala berandu, gure apentzaren ordua etorriko da, noski. Hala uste dut nik, behintzat.

debeku politika bat bera

«‘Federalismoak eta superstizioak bretoieraz hitz egiten dute; emigrazioak eta Errepublikari gorrotoak, alemanez hitz egiten dute; kontrairaultzak italieraz hitz egiten du eta fanatismoak euskaraz’ eta ‘Etxe libre batean, hizkuntzak bat eta bera izan behar du guztiontzat’. (Hots, askatasunaren izenean, bere mintzairaz hitz egiteko askatasuna kendu behar zaio pertsonari!). Beren eginbidea zer zen ezagutu zuten Barereren lagunek: denborarik galdu gabe neurriak hartu zituzten hizkuntza higuingarri horiek itzal litezen askatasunaren eta aurrerapenaren onetan, eta politika berari jarraitu diote geroztikako errepublikano guztiek: gaurko egunean [1958], herrien askatasunaren erakusle omen den Frantzia zorioneko honetan, euskara, bretoia, nederlandera e.a. debekatuak daude ikastolan, auzitegian, gudaletxean, administrazioan, radioan, hitz batez, herri-eralgintza orotan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.