Uxua Azpiroz: «Beharrezkoa da bizikidetza oinarri duten proiektuak garatzea ikastetxeetan»

Altsasuko institutuak Hezkuntzako Vicente Ferrer saria jaso du, 'Altsasutik mundura, mundutik Altsasura' proiektua ontzeagatik; Uxua Azpiroz koordinatzailea Bolivian izan da egitasmoa aurkezten.

Uxua Azpiroz hezitzailea, Altsasuko institutuko Ikasnova gelan, Vicente Ferrer sariaren diploma ondoan duelarik. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxua Azpiroz hezitzailea, Altsasuko institutuko Ikasnova gelan, Vicente Ferrer sariaren diploma ondoan duelarik. IDOIA ZABALETA / FOKU
inaki rubio
Altsasu
2024ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun

Espainiako Nazioarteko Kooperaziorako eta Garapenerako Agentziak urtero ematen duen Vicente Ferrer saria jaso du Altsasu BHI institutuak (Altsasu, Nafarroa), bizikidetza, ingurumena eta berdintasuna oinarri dituen Altsasutik mundura, mundutik Altsasura egitasmoa ontzeagatik. Ikastetxeko irakasle Uxua Azpirozek (Lakuntza, Nafarroa, 1976) koordinatu du proiektua, eta ekainean Bolivian aurkeztu zuen.

Ez da Vicente Ferrer saria jasotzen duzun lehen aldia.

Ez. 2019an Iñaki Otxoa de Olza ikastetxeak jaso zuen saria, eta ni nintzen koordinatzailea. Azpimarratu nahiko nuke sari horrek ez dituela pertsonak saritzen, ikastetxeek eginiko proiektuak baizik. 

Asimilatu duzu azken bi hilabeteetan jazotakoa?

Ozta-ozta. Ekainaren 6an jakin genuen saria jaso genuela, eta 17an hartu nuen Boliviara joateko hegazkina. Bitartean, ebaluazioa egin, notak jarri... zorabiatzekoa izan da. 

Vicente Ferrer sarietarako ondu al zenuten proiektua?

Ez. Proiektua abian zen jadanik; sarietarako moldatu egin dugu. Izan ere, bost urte daramatzagu gisako proiektuak egiten, Elkartasun Eskolen Sarean baitago Altsasuko institutua.

«A eta D ereduetako ikasleen arteko bizikidetza eraldatzeko eta hobetzeko prozesu orokor baten barruan jaio zen proiektua»

Zer da Elkartasun Eskolen Sarea?

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Plataformak antolatzen duten sarea da; horiek gobernuz kanpoko erakunde bat esleitzen diote zentro bakoitzari elkarlanean aritzeko; gurea Bakea eta Elkartasuna da. Hain zuzen ere, erakunde horretako arduradun eta institutuko ikasle ohi Ane Bañascok animatu gintuen lana aurkeztera.

Zertan datza Altsasutik mundura, mundutik Altsasura proiektua?

Azkek bi urteetan egin dugun lana da, eta giza eskubideen aldeko jarduerak biltzen ditu, ikasgela barruan egindakoak, baina baita kanpoan egindakoak ere. Altsasuko eta Sakanako hainbat kolektiborekin aritu gara elkarlanean: Sakana Harrera Harana, Anitzartean, Elikagai Bankua… baina baita beste norbanako eta eragilerekin ere. Izan ere, proiektua A eta D ereduetako ikasleen arteko bizikidetza eraldatzeko eta hobetzeko prozesu orokor baten barruan jaio zen, eta inklusioa eta kulturartekotasuna, ingurumena eta berdintasuna ardatz duten sei proiektuk osatzen dute.

Zein da proiektuaren helburua?

Asko dira helburuak, baina lau dira nagusiak. Batetik, ikasgelan, eta oro har ikastetxean, komunikazio testuinguru inklusiboak eta kultura artekoak sortzea. Bestetik, ikasleak pobreziaren eta bazterkeriaren inguruan sentsibilizatzea, ikuspegi kritiko batetik. Baita giza garapen iraunkorra sustatzea ere, genero eta giza eskubideen ikuspegiarekin, eta, azkenik, gure inguruan dauden kultura gutxituak ikusaraztea.

«Pribilegioa izan da proiektu honen bitartez Boliviara joatea»

Ikastetxeko teilatu gainean dagoen autoak zerikusirik ba al du?

Bai, sei proiektu horietako batengatik dago hor: mugikortasun jasangarria bultzatzeko Mugituz!: bizikletari bide, autoari aire egitasmoaren barruko egitasmo bat da.

Lortu dira helburuak?

Proiektu zehatzetan bai, baina kultura desberdinen arteko pertsonen bizikidetza hobetu den edo ez, ezin da neurtu oraindik, hori ez baita urte bakar batean lortzen.

Nolakoa izan da sari hori Bolivian jasotzea?

Oso berezia. Izan ere, sei proiektuetako batean Boliviako emakume indigenen eta nekazarien alde egiten duen Bartolina Sisa kolektiboarekin lan egin izan dugu, eta horregatik erabaki genuen gure proiektua Vicente Ferrer sarietara aurkeztea, bestek beste. 

Zer egin zenuen herrialde horretan?

Saria, berez, praktika onak partekatzeko mintegi bat da; formakuntza bat jaso genuen, eta Espainian saritutako hamar ikastetxeetako ordezkari bakoitzak gure proiektuak aurkeztu genituen. Gainera, lekuan bertan kooperazio proiektuak egiten dituzten GKE zenbaiten hitzaldiak aditu genituen. Asteburuan, San Jose de Chiquitosen (Bolivia) eta Chiquitaniaren (Bolivia) eskualdean garatzen ari diren Plan Misiones proiektua bisitatu genuen. Oso intentsoa izan zen dena.

«Gorroto diskurtsoak neurririk gabe ari dira areagotzen, eta ikasleak kritikoagoak izatea da horiei aurre egiteko modu bakarra»

Ekainaren 26an jazotako estatu kolpea bizi izan zenuten?

Astearte batez irten ginen herrialdetik, eta hurrengo ostegunean jazo zen. Dena den, giroa asaldaturik zegoen aurretik; egunero zeuden protestak. 

Zer-nolako balorazioa egiten duzu?

Ezin hobea. Pribilegioa izan da proiektu honen barruan Boliviara joatea, bestela joanda ezinezkoa litzatekeelako bertako errealitatea bertatik bertara ezagutzea. Halaber, beharrezkoa da bizikidetza oinarri duten proiektuak garatzea ikastetxeetan; izan ere, gorroto diskurtsoak neurririk gabe ari dira areagotzen, eta ikasleak kritikoagoak izatea da horiei aurre egiteko modu bakarra; hausnarketarik egon ezean, ez baitago askatasunik. 

LOTSABAKO

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.