Juan Garmendia Larrañaga. Etnografoa

«Behar bezalako ikerketa egiteko, ezin zara erlojuari begira ibili»

Barandiaran, Caro Baroja eta Oteizaren lankide izan da Garmendia etnohistorialaria. Baserriz baserri, artxiboz artxibo eginiko lan zuhur eta zehatzarekin, fruitu asko eman ditu. Gaur aurkeztuko du azkena.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2013ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Etnografoa eta historialaria da Juan Garmendia Larrañaga (Tolosa, Gipuzkoa, 1926). 15 liburu baino gehiago idatzi ditu, besteak beste, artisautza tradizionalaz, euskal inauteriaz, burdingintzaz zein herri medikuntzaz. Paseo etnohistórico por la villa de Tolosa y sus alrededores. Siglos XVII, XVIII y XIX liburua aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Tolosako udaletxeko pleno aretoan. Aldamenean izango ditu Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea, Joxemari Iturralde idazlea eta Ander Letamendia doktorea.

Zergatik aukeratu duzu XVII. mendetik XIX. menderako tartea?

Neurri bat behar da argitaratzeko. Gaur ez dago erraztasun handirik, gauzak ez daude oso alai etnografiaren munduan. Besteak beste, burdinolak, kandela lantegiak eta elur zuloak aztertu ditut. Gaur ez dago halakorik. Orduan bazeuden, gizarteak behar zituelako, eta lantegiek erantzuna ematen zioten horri. Aldaketa eta eboluzio batean bizi gara, lanean, festetan... alor guztietan. Elur zuloak izugarri garrantzitsuak ziren garai batean, gaur xelebrekeria bat ematen badute ere.

Etnografo eta historialaria zara: nola ikusten duzu bi disziplinen arteko harremana?

Elkar ikutzen dute, ezin dira zatitu bizkotxo bat balira bezala. Horregatik etnohistoria erabiltzen dut nik. Burdinolak etnografia aldetik jorratzen badituzu, ezinbestean ukitzen duzu Historia.

Urtebete kenduta, beti bizi izan zara zure jaioterrian. Thoreauk zioenaren antzera, esan daiteke asko bidaiatu zarela... Tolosan?

Tolosan jaio eta han bizi izan naiz. Gaur atzo baino errazagoa da mundua ulertzeko bertatik. Globalizazioarekin, segituan jakiten da zer gertatzen den Ozeanian. Nik hanka bat kanpoko ikerketan izan dut, baserriz baserri, eta, bestea, artxiboetan. Ijitoen esaerak dioenez, txikiena maiteena, txikiena maiteena. Eta nik ere, azkenekoa maiteena dut.

Joxe Migel Barandiaran, Koldo Mitxelena, Julio Caro Baroja eta Jorge Oteitzarekin aritu zara, besteak beste.

Barandiaranen adiskidetasun handia izan nuen, etxean bazkaltzen zuen. Julio Caro Barojari esker naiz doktore, halere. Etxera etorri eta nire paper batzuk begiratzen hasi zen: «Aizu, hau doktoretza baterako modukoa da», esan zidan. «Niri ez zait halakorik interesatzen», erantzun nion. «Baina eginda daukazu eta! Tesi zuzendari bat behar duzu; neure burua eskaintzen dut». Doktoretzaren epaimahian Koldo Mitxelena zegoen. Oteiza jenio bat zen, zakarraldiak zituen, baina oso bihotz onekoa zen.

Halakoekin aritu den batek zer deritze gaurko ikertzaileei?

Gazteek beste sistema batzuk dituzte. Ez dut ikusten jende gazte asko etnografian lanean. Guk ez genuen gaia amaitu, inolaz ere, oraindik badago zer egin, baina ez dago erraztasun handirik. Giroa da. Halere, orain herrietan ere gauzak egiten dira, lehen ez. Herrietako artxiboetan agiriak lehen lurrean egoten ziren; orain hobeto zainduta daude. Unibertsitatea ere badugu. Ez dut pesimista izan nahi, gazteak aterako dira.

Gaurko giroa aipatu duzu. Beti nabarmendu izan dute zuk ez duzula inoiz presarik izan, gaur leku guztietan emaitzak azkar lortzea denean helburu nagusia.

Behar bezalako ikerketa egin behar baduzu, ezin zara presaka ibili. Bere denbora behar du. Ezin zara erlojuari begira ibili. Azkar eta ondo, usoak hegan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.