ATZEKOZ AURRERA. Helena Goñi. Argazkilaria

«Begirada zabalago baten falta sumatu dut gure belaunaldian»

Bizitzeko eta sentitzeko hamaika modu daudela aldarrikatu nahi izan du Goñik Zinegoak-en 18. aldiko kartelean. Sare sozialek sexu eta identitate aniztasunari buruz gehiago hitz egiten lagundu dutela dio.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Genero izpirik gabe leloa du aurtengo Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak. Hilabete barru egingo dute, baina jadanik ezaguna da aurtengo kartela. Hain zuzen, Helena Goñiargazkilariak (Bilbo, 1990) egin du. Jaialdiko arduradunen arabera, Goñik kartelaren bidez erakusten du belaunaldi berriek naturaltasunez bizi dutela euren genero identitatea. Ile berdea duten lau gazte dira protagonistak.

Ile berdea duten lau gazte. Intentsitate maila desberdinetako berdeak. Zergatik berdea?

Ile berdearena gutizia bat da; aurreko proiektu baterako argazkiak atera nizkion mutil bati egiten dio erreferentzia. Ile motza zuten lau pertsona bilatu nituen ilea koloregabetu eta berdez tindatzeko. Horrelako aldaketa bat egiten deneko errituala interesatzen zitzaidan, eta talde batean aldi berean egitea, ikustea pertsona horietako bakoitzean kolorea nola joango zen lausotzen eta aldatzen modu desberdinean.

Aniztasuna presente dago.

Bai. Keinu horretan, aniztasuna ez zen modu nabarmenean tratatu, baina lotura asko daude. Agertzen diren subjektuetan presente dago, nolabait, identitatea eta zerbaiten kide izatearen edo ez izatearen sentimendua. Norbere lekua bilatzea.

Ba al dago lekurik kritikarako, hausnarketarako? Zer lortu nahi izan duzu?

Ez dakit jendeari kartela zer irudituko zaion, baina ez dut uste oso kartel polemikoa denik. Batzuek kartelarekin bat egingo dute; beste batzuk estetika hutsean geratuko dira. Niretzat, argazki sorta hori egin nuenean, keinu bat zegoen, ez hainbeste kritika bat, baizik bilaketa bat: zer keinuk bateratzen gaituzten, zer keinuk sortzen duten komunitatea.

Aurpegi goibelak dituzte, ez dago irribarrerik. Zergatik?

Adia galdurik dauden unea interesatzen zitzaidan. Normalean, argazkietan gehiago zuzentzen ditut jarrerak. Edizioan, begirada hori, ez egote hori, izan zen gehien interesatzen zitzaidana, batik bat nire lanean ziurgabetasun edo bilatze giro hori dagoelako.

Zinegoak-eko zuzendariak adierazi izan duenez, kartelak genero nortasuna modu naturalean bizi duen belaunaldi bat ikusarazten laguntzen du.

Nire belaunaldia eta errealitatea ez datoz bat nire gurasoek izan dutenarekin, baina alde handia ikusten dut karteleko pertsonen belaunaldikoekin ere. Jauzi ikaragarria dago, eta horretan sare sozialek errealitate eta identitate asko ikusarazten lagundu dute. Orain harreman ez-monogamoez hitz egiten da, identitatearekin eta bizimodu zapaltzaileekin lotutako hainbat gai zalantzan jartzen dira.

Zeri esker esango zenuke iritsi zarela halako kartel bat egitera?

Nire bizitzan arauz kanpoko giroetan ibili naiz, eta horrek lagundu egiten du. Horrez gain, erreferentez eta beste era batera sentitzen eta pentsatzen duten pertsonaz inguratu naiz. Ez dakit hezkuntza sentikor goiztiarra deitu ahal zaion. Familiaren inguruneak ere eragin du. Bestalde, bidaiatzeko eta mundua ezagutzeko aukera izan dut, eta hala jabetzen zara munduan aniztasun handia dagoela, bizitza ez dela beti zure inguruan gertatzen dena bezalakoa. Bizi esperientzia horiek, nolabait, lagundu egin dute nik ere gaztetatik ikuspegi nahiko irekia izan dezadan.

Zer oztopo aurkitu dituzu aniztasunerako bide horretan?

Begirada zabalago baten falta sumatu dut gure belaunaldian; nik eduki ahal izan dut, baina egokiena mundu guztiak eskura izatea da. Hala ere, sare sozialek aldaketa asko ekarri dituzte. Belaunaldi berriek perspektiba eta begirada zabalagoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.