Begirada hausten duten begiak

Badaude parez pare egonda ere begietara begiratu ezin dutenak. Lortuko du begi bat nahi duen lekura zuzentzea; bestearekin, berriz, barrura, kanpora, gora edo behera begiratuko du. Ohikoa da umeek estrabismoa izatea eta garaiz zuzentzea, baina, heldutasunean agertzen bada, estigma bat izan daiteke.

Estrabismodun begiak. BERRIA.
unai etxenausia
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Begiak lerrokatu gabe daude, ez dira elkarrekin mugitzen. Ohikoa da begiak askotan kliskatzea, edo sakontasunaren pertzepzioa behar bezala ez antzematea. Begi batek aurrera begiratu dezake, eta beste begiak, berriz, barrura, kanpora, gora edo behera. Konstantea edo aldizkakoa izan daiteke, eta begi bati edo bi begiei eragin diezaieke. Erving Goffman soziologo eta idazle kanadarrak horrela definitu zuen estigma: «Gizabanakoak nahi ez duen ezaugarria, eta besteekiko harremanak baldintzatzen ditu».

Inguruko giharrek begi bakoitzaren mugimenduak kontrolatzen dituzte garunaren laguntzarekin, koordinatu egiten dira haien artean. Muskulu horiek garunaren seinaleak jasotzen dituzte. Baldintza normaletan, begiek elkarrekin lan egiten dute, eta leku berera apuntatzen dute. Modu koordinatuan mugitzen dira, eta begiratzen den objektua begi bakoitzean zentratuta dago. Baina begien mugimendua kontrolatzeko arazoak daudenean, oreka hori desagertu egiten da. Estrabismoa deitzen zaio nahasmendu horri: bi begiek puntu berera begiratzea eragozten duen arazoa.

Patologia konplexua da, begien posizioaren garun kontroleko sistemaren alterazio baten ondorioz ager daitekeena; izan ere, begien lerrokatzearen kontrola garunean gertatzen da. Horregatik, maila horretan gerta daitezkeen alterazioek estrabismoa eragin dezakete. Denbora guztian gerta daiteke, edo aldizkakoa izan, eta begirada une jakin batzuetan bakarrik desbideratzea; adibidez, pertsona nekatuta dagoenean. Kausak askotarikoak dira, eta herentziazko faktoreek eragiten dute horietan. Esaterako, estrabismoa duten gurasoak edo anai-arrebak dituzten pertsonek haiek garatzeko aukera handiagoa dute.

Biztanleen %3k estrabismoa daukatela kalkulatzen da. Espainiako Oftalmologia Elkartearen arabera, estrabismo gehienak bizitzako lehen hiru urteetan agertzen dira, baina batzuk beranduago agertzen dira, baita helduaroan ere. Horregatik, estrabismoa haurtzaroarekin lotzen den arren, kasu guztietan estrabismoa garaiz tratatzea gomendatzen da, ikuspegi bikoitzeko arazoak saihestuko dituelako—kasu gehienetan— eta sakontasunaren pertzepzioa galtzeko arriskua murriztuko delako.

Goiuri Ugalde Bermejo optometrista zornotzarrak asko tratatzen du estrabismoa duen jendea. Lehenik eta behin, argitu du estrabismoaren kausak zein tratamenduak askotarikoak izan daitezkeela. Pazientearen adinaren edo estrabismo graduaren arabera aldatu daiteke. «Begiko muskuluen arazo bat izan daiteke, genetikoa izan daiteke, esfortzu bat egitearen ondorioa... Endotropia da gehien ikusten dena, eta begi globoa barrurantz sartzen denean gertatzen da», esplikatu du Ugaldek.

Bizitza baldintzatzen du

Jose Miguel Campos idazle madrildarrak urteetan izan duen estrabismoaren inguruko gogoeta bat zabaldu zuen sare sozialetan. Eskuineko begiko ikusmen galera baten ondorioz, burmuinak begiaren mugimenduei jaramonik ez egitea erabaki zuen. Ondorioz, 30 urte zituenetik aurrera, eskuineko begia gero eta gehiago mugitu zitzaion. Pixkanaka, egunez egun, 25 graduko desbideratzearekin geratu zitzaion arte.

Estrabismoak dakarren estigma sozialaz galdetu dio BERRIAk idazleari, estrabismoarekin bizitzea nolakoa izan den sakonago kontatzeko.«Estrabismoak zure bizitza baldintzatzen du, besteekin dituzun interakzioen erdigunean kokatzen baita begirada», onartu du. «Norbait ezagutzen dugunean, egiten dugun lehen gauzetako bat begietara begiratzea da. Zerbaitegatik diote begirada arimaren ispilua dela. Estrabismoa baduzu, litekeena da ispilura ehunka aldiz begiratu izana eta zure begirada hautsita dagoela konturatzea. Ezinezkoa da arazoa alde batera uztea», hasi da azaltzen.

Beste pertsona bat ezagutzen duen aldiro aurpegi arraroa jartzen diola esan du Camposek, ez baitakite zein begitara begiratu, eta «bekokia zimurtzen dute, kalkulu matematiko bat konpontzen saiatuko balira bezala». Ironizatu egin izan du bere arazoa, eta txantxetan hartu askotan. Halere, argi esan du: «Hondoratu zaitzake ironizatzen ez baduzu. Dena dela, beti egon da hor, nahi edo nahi ez. Zaurituok ezberdinak sentitzeko eskubidea dugu. Horrelako arazoen onarpen akritiko eta ia automatikoaren kultura hegemonikoak ez dut uste jendeari laguntzen dionik».

Doble ikustea

Idazle horrek, ikusmen galera batetik eratorritako estrabismoa izanda, «normal» ikusten duela esan du. Ugaldek azaldu du, ordea, kasu batzuetan estrabismoa duen jendeak «doble» ikusten duela: «Umeek ez dute gaizki duten begiko informazioa erabiltzen, eta badaude tratamenduak, baina erakutsi behar zaie begia erabiltzen».

Ezberdina da helduen kasuan. Helduentzat «zailagoa da» estrabismoa daukan begiko informazioa baztertzea. «Doble ikusten dutela gertatzen da sarritan, objektuen ondoan irudi fantasma bat ikusten dute, eta oso deserosoa da. Askotan, adabaki bat jartzen da, edo prisma batzuekin hobeto ikustea lortzen dute. Horregatik, umeek nagusiek baino moldatzeko gaitasun handiagoa daukate», azaldu du Ugaldek.

Helduei dagokienez, gainera, oftalmologo batek begirada zuzentzeko ebakuntza egitea da aukeretako bat; nahiz eta desbideratze nabaria dagoen kasuetan bakarrik egiten den normalean. Halere, optometristak zehaztu du oso ezberdina izan daitekeela kasu bakoitza. «Desbideratzearen kausa nagusia estrabismoa bera bada, eta asko desbideratu bada, normala da ebakuntza bat egitea». Baina begia beste arazo batengatik desbideratzen denean—iktus edo kolpe batengatik, adibidez—, estrabismoa ez da arazoaren oinarria. «Kasu horietan estrabismo txiki bat da, eta normalean ez da asko nabaritzen; beraz, arraroa da ebakuntza bat egitea». Ebakuntza egiten denean, ondo atera bada, oftalmologo batek sakon begiratzen ez badu, jendeak ez du pazienteak estrabismoa izan duela nabarituko.

Berriz lerrokatuta

Hamabi urte eman ditu Camposek estrabismoarekin. Duela egun gutxi, ebakuntza egitea eta eskuineko begia lerrokatzea erabaki zuen. Erabakia hartzea kostatu zitzaiola onartu du: «Uste dut hau pertsona bakoitzaren biografiaren araberakoa dela. Hasieran uste nuen ez zeukala konponbiderik, eta operazioari buruz irakurtzen hasi nintzenean, arriskutsua zirudien, eta beldur nintzen».

Hori bakarrik ez, «norbera den bezalakoa dela onartzearen kultura horrek guztiak» baldintzatu du erabakia hamabi urteren buruan hartu izana. «Bueno, estetika besterik ez bada...», bezalakoak pentsatzen zituen. Baina nekatu zen ispiluan begiratzen zen bakoitzean hura benetan zen bezalakoa ez ikusteaz. «Ni nintzen pertsona izan nahi dut berriro», erabaki zuen orduan.

«Kasualitate hutsa» izan da haren estrabismoa. Izan ere, gehienetan ezin daiteke estrabismoa prebenitu. Ebakuntza egin ondoren ere «zaila da guztiz kentzea», baina jendearen begietan ez da nabaritzen.

Hala eta guztiz ere, medikuntzan ia beti gertatzen den bezala, optometristarentzat begiak umetatik zaintzea da onena gauza larriagoak prebenitzeko: «Gauza batzuk gertatzen dira, eta zaila da prebentzioa. Hala ere, umetan ikusmen arazoak daudenean, optometristarengana lehenbailehen joatea gomendatzen da, arazo handiagoak saihesteko».

Idazleak ez daki jendeak beste era batera begiratuko ote dion orain, galdera horri erantzuteko «beste 12 urte» falta baitzaizkio. Baina tira: «Ahal dena egingo da. Bizitza makurra izango da aurrerantzean ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.