Musikaren historian gutxik lortu dute The Beatles taldeak adinako ospea. Belaunaldi askorentzat erreferente ezinbestekoa izan dira. Taldearen lehen singleak, Love me do-k (Maita nazazu) joan berri den urtean mende erdia bete zuela aitzakia hartuta, talde britainiarraren argazki erakusketa zabaldu dute Iruñeko Rodezno Kondea aretoan. Udalak apailatu du erakusketa, eta bertan, taldearen kontzertuetako giroa baino gehiago, haien eguneroko bizitzaren zertzeladak eskaini nahi dira. Getty Images agentziaren 35 argazkik osatzen dute erakusketa, eta urtarrilaren 27ra arte ikus daitezke.
Liverpoolgo (Britainia Handia) The Beatles taldeak 1962ko urriaren 5ean kaleratu zuen Love me do, EMI diskoetxearekin. Abestia taldeko John Lennon eta Paul McCartney kantariek idatzi zuten Forthlin Road kaleko 20. zenbakiko etxean, Liverpoolen. Artean inor gutxik uste zuen laukoteak gerora izan zuen arrakasta erdietsiko zuenik eta XX. mendeko talderik ezagunena bilakatuko zenik. Eta, oraindik ere, taldearen eragina agerikoa da musikan.
Dena dela, taldeak kaleratutako beste kanta batzuk ez bezala, single hori arrakasta zerrendetan 17. postuan gelditu zen. Ez zen lehen postura iritsi. Singlea motel saldu bazen ere, taldeak ondoren lortu zuen arrakastaren lehen mugarria izan zen. John Lennon, Paul McCartney, Ringo Star eta George Harrisonek osatzen zuten The Beatles —laukote zoragarria ere esaten zitzaion—.
Lehen singlea 1962an kaleratu zuten arren, 1960tik zuzeneko emanaldiak eskaintzen zituen taldeak. Baina taldeak duela mende erdi lortu zuen arrakasta, 1963an, atera zuten lehen diskoarekin Please, Please Me (Plazer egidazu, mesedez). Musika zerrenda arrakastatsuetan lehen postura iritsi zen diskoa, eta, hortik aurrera, taldearen arrakastak ez zuen mugarik izan. Urte bat geroago AEBetara egin zuten bira, eta urte horretan herrialdean saldu ziren musika singleen %60 The Beatlesenak izan ziren. Ezagunak egin ahala, haien diskoek eta singleek edizio erraldoiak lortu zituzten. Horretaz jabetzeko, hamar urtean taldeak saldu zituen diskoen kopurua gogoratu besterik ez da egin behar. 1973ra arte taldeak 90 milioi disko saldu zituen.
John Lennon eta Paul McCartney pop historiaren konposatzaile arrakastatsuenak bihurtu ziren, eta taldeak egindako Yesterday (Atzo) kantua munduan gehien bertsionatu den kanta da: 2.500 bertsio ezberdin ditu. Orduko beste talde batzuk ez bezala, The Beatlesen ibilbidea ez zen oso luzea izan, eta 1970. urtean taldea banatu egin zen.
Beste begirada bat
The Beatles taldearen milaka argazki ditu Getty Images agentziak Londresen duen Hulton agiritegi historikoan. Kasik 50.000 irudi ditu katalogatu eta digitalizatu gabe, eta horietako asko dira talde britainiarrarenak. Erakusketan, taldearen kontzertuetako giroa baino gehiago, beste ikuspegi bat erakutsi nahi izan da. «Kontzertuetako eta emanaldietako argazki asko ditugu, baina taldearen beste ikuspegi bat eman nahi genuen. Orain arte ikusi gabeko irudi bat eskaini dugu. Agertoki atzean ateratako argazkiak dira gehienak, taldearen egunerokoa islatzen dutenak», Angel Muñoz Gettyko erakusketen koordinatzaileak dioenez.
Erakusketan ageri diren argazkiak 2009an erakutsi ziren lehenengoz Londresko Getty Galeryn, taldeak eman zuen azken kontzertuaren 40. urteurrena ospatzeko. Hiru kenduta, beste guztiak zuri-beltzean dira, artean koloretako oso argazki gutxi egiten zen eta. Laukote zoragarria deiturikoaren 1963 eta 1970 arteko argazkiak erakusten ditu erakusketak. Desegin ziren artekoak, beraz. Besteak beste, Suediara 1963an egindako bidaia, urte bat geroago AEBetara egindakoa eta The Magical Mystery tour (1967) filma grabatu bitartean egindakoak ageri dira. Britainia Handitik kanpo Suedia izan zen taldeak egin zuen lehen biraren agertokia, eta laukotea hoteleko logelan entseguak egiten ageri da. Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, Miamiko hondartzetako uretan ageri dira.
Hala eta guztiz ere, aipagarriena da horietako batzuk orain arte ikusi gabeko irudiak direla; argazkietan, John Lennon, Paul McCartney, Ringo Starr eta George Harrison kontzertuen aurretik edo ostean ageri dira, jendaurrean baina argi itsugarrien itzalpean, publikoaren eta jarraitzaile sutsuen arretatik kanpo... Izan ere, taldearen bakardade eta intimitatean egindakoak dira asko.
Harribitxiak
Beraz, laukotearen zaleek taldearen ibilbidearen historia iruditan ikusteko aukera dute, sortu zenetik eskaini zuen azken kontzertura arte: 1969an egin zuen azken emanaldia, Apple Recors diskoetxeko teilatuan. Irudi horrek zabaltzen du erakusketa. Laukotea kontzertuan ageri da. 42 minutu iraun zuen emanaldiak, eta bertan behera gelditu zen, taldeak zein zaleek egiten zuten zalapartagatik auzokideek Polizia deitu zutelako.
Argazki guztiak bereziak izan arren erakusketak harribitxi batzuk erakusten dituela azpimarratu du Muñozek. Bi aipatu ditu. Lehenean talde britainiarrak lortutako arrakasta zoroa ikusten da. Polizia ageri da Britainia Handiko Isabel II.a erreginaren Buckingham Palace aurrean dagoen jendetzari ezin eutsirik. Britainiar Inperioaren Ordenaren domina jasotzera joan zen taldea. 1965. urtea zen, baina lau urte geroago John Lennonek domina itzuli egin zuen Britainia Handiak Vietnamgo gerra sostengatzeagatik.
Bigarrenak, berriz, Paul McCartney eta Mick Jagger erakusten ditu Londresko Euston tren geltokiko bagoi batean. Daily Express egunkariko Victor Blackman argazkilariak ateratakoa da, eta bere garaian ez zen argitaratu. Argazki berezia da, Bangorrera (Gales) The Beatles eta Rolling Stones taldeko kideek egindako bidaia baten lekuko. Bangorrera Maharishi Maheshek yogiaren ikastaro batera joan ziren. Ekialdeko kulturarekiko zaletasuna izan zuten musikagile askok 1960ko hamarkadan, eta mundu hori ezagutzeko hasierako bidaia izan zen hura.
Bi taldeen ehunka argazki dauden arren, elkarrekin ageri diren bakanetakoa da erakusketakoa. «Elkarrekin lasai eta lagunartean solasean ageri diren bakanetakoa da argazkia. Bi taldeak elkarren artean gaizki moldatzen ziren ustea gezurtatzen du argazkiak. Harreman ona zuten, eta ez zuten elkar gorrotatzen», iritzi dio Gettyko ordezkariak.
Taldeak ez zuen argazkilari ofizialik izan. Garai horretan taldeak askoz ere eskuragarriagoak ziren. «Egun, irudi horiek kasik pentsaezinak lirateke. Dena kontrolatuegia dago».
Ezarian. The Beatles taldea
Begirada ezezagunena
The Beatles taldearen alde ezezagunena islatzen duen argazki erakusketa jarri dute Iruñeko Rodezno Kondea aretoan. Kontzertuetako fokuetatik at ateratako irudiek taldearen egunerokotasuna erakusten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu