Ezarian. Maizpidek 25 urte

Begirada atzera botatzen

Ospakizun eguna da gaur Lazkaoko Maizpide barnetegian: 25 urte bete ditu Dionisio Amundarainek sortutako euskaltegiak. Nekane Jurado, Txema Vitoria eta Joli Paskualena bertan ikasitakoak dira.

Nekane Jurado, Joli Paskualena eta Txema Vitoria, Maizpide barnetegiaren sarreran, Jon Urdangarin zuzendariarekin batera —hirugarrena, ezkerretik hasita—. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Lazkao
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Mende laurdena. 25 urte. Hori da Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide euskaltegiaren urtebetetze tartaren kandela kopurua. Berezia da Maizpide, barnetegien artean hura baita zaharrena. Ofizialki 25 urte bete baditu ere, lehenagokoa da Lazkaon helduak euskaraz alfabetatzeko ekimena: 1960ko hamarkadan, fraide beneditarrek abiatu zuten mugimendua. Hala, 1975eko uztailean antolatu zuten lehenengo Udako Euskal Ikastaroa; aurten, 39. aldia izango da. Geroago sortu zuen Maizpide Dionisio Amundarainek, 1988ko apirilean. Bost zuzendari, hainbat irakasle eta langile, eta milaka ikasle pasa dira ordutik; beste horrenbeste istorio gordetzen dituzte barnetegiaren hormek.

Bederatzi urte zituela etorri zen Nekane Jurado ekonomialaria (1958) Pont de Suertetik (Lleida, Herrialde Katalanak) Euskal Herrira. Unibertsitatean hasi zen Jurado euskara ikasten: «Francoren garaian izan zen. Beti, Guadiana bezala, hartu eta utzi egiten nuen euskara. Gero, lanbideak bultzatuta hasi nintzen berriz ere ikasten: Eusko Jaurlaritzan lan egin nuen, eta nire lanpostuan profil jakin bat izatea beharrezkoa zen». Oñatin bazen euskaltegi bat, non funtzionarioek euskara ikasten zuten: «Bi hilabetetik behin barnetegia egiten genuen, astelehenetik ostiralera. Gerora, Maizpiden izena eman nuen: nahiago nuen jende gaztearekin elkartu. Gaztetasun pixka bat kutsatuko zidaten itxaropena neukan!». Sei hilabetez ikasi zuen Juradok Maizpiden, bi urtetan banatuta: «2001 izan zen lehenengo urtea: gogoan dut bertan ikusi nuela nola erortzen ziren Dorre Bikiak». Euskaraz bizi da orain, nahiz «sentimenduak» adieraztea zail egiten zaion euskaraz.

Txiribiton izenez ezagutzen dute askok Txema Vitoria (Bilbo, 1943). Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo taldean mutuarena egiten zuen. Baina Vitoriak badu mingaina, eta gaztelaniaz ez ezik, euskaraz hitz egiteko ere astintzen du. Maizpidek izan zuen zerikusirik horretan: «Hirutan egon naiz Lazkaon euskara ikasten: Maizpide sortu aurretik, 1985 eta 1986an, bietan uztailean, eta ondoren, hamar hilabetez». Aita euskalduna eta ama erdalduna zituen Vitoriak, eta euskara ikastea beti izan zuen buruan: aita izango zela jakin zuenean ekin zion lanari. Txiribiton izan arren, matematika irakaslea ere bazen Vitoria —erretiroa hartuta dago—.

Gaztelania da Joli Paskualenaren (Iruñea, 1976) ama hizkuntza. 14 urte zituela hasi zen euskara ikasten, baina etenaldiak izan ditu haren ikaste prozesuak. Euskaltegi ugari pasa ditu Pascualenak; azkena, Maizpide. «Iazko abenduan izan nintzen bertan, batez ere, mintza praktikak egiten. Zorte handia izan nuen: nire klasekideak oso jatorrak ziren, eta giro oso ona izan genuen», dio Paskualenak. Ahozkoak ematen dio beldur gehiena, eta, lehenengo bi frogak gaindituta, atzo izan zuen ahozko azterketa. Hein handi batean, lanbideari esker barneratu du euskara: aktorea —Goazen! eta Goenkale-n ibilia— eta abeslaria da Paskualena. «Gogoratzen dut nola hasieran asko kostatzen zitzaidan gidoiak ikastea: arratsalde osoa behar izaten nuen hurrengo eguneko sekuentziak ikasteko». De Mode Quarteteko taldekideekin, adibidez, gaztelaniaz egiten zuen lehen, nahiz eta haiek euskaldun zaharrak izan: «Zaila da aldatzen, baina oraindik, tarteka, gaztelaniara jotzen badugu ere, euskaraz hitz egiten dugu gehienbat gure artean».

Barnetegia bizileku

Maizpidek, eta lehenagoko helduen alfabetatzerako udako ikastaroek, lazkaotarren babesa izan dute une oro. Maizpiden bertan badaude ikasleek bertan lo egiteko oheak, baina batzuetan ez ziren nahikoak izaten, eta herritarrek ikasleak hartzea ohikoa zen. Vitoriak, adibidez, barnetegia sortu aurreko bi egonaldietan irakasle baten etxean lo egin zuen han ikasi bitartean, eta herriko fraideen ostatuan hamar hilabete eman zituen, hirugarren egonaldian. Azken horretan, gogoan du nola fraide batekin hitz egiten zuen goizero eta gauero: «Ordu erdiz egoten ginen elkarrekin: momentuan ez zidan ezer esaten, baina elkarrizketaren amaieran, egindako akatsak zuzentzen zizkidan». Asko erabiltzen zuen «kristoren» hitza adjektibo bezala, eta fraideak beti esaten zion: «Txema, hitz itsusia da hori! Egundoko edo sekulako erabili behar duzu. Azkenean, banekien ez nuela kristoren erabili behar, baina frailea zirikatzeko nahita botatzen nuen!». Juradok eta Paskualenak, berriz, Maizpiden bertan lo egiten zuten. «Gauero pijama festa egingo bagenu bezala izaten zen: batzuetan hitz egiten besterik gabe, eta azterketa garaian denon artean ikasten», gogoratu du Juradok.

Paskualena da hiruretan denbora gutxien pasa duena Maizpiden, baina oroitzapen onak gordetzen ditu. Hari gaizki zetorkion Iruñera joan-etorrian aritzea egunero, eta, gainera, bertan lo egitea aukera ona dela uste du: «Han bazaude, euskaraz ari zara denbora guztian, eta niretzat hori da garrantzitsuena; merezi du». Elkarrekin hainbeste ordu pasa ostean, «familiarteko giroa» sortzen da ikasle zein irakasleekin. Azterketak iritsi ahala, baina, urduritasunak eta gainditzeko nahiak ez die uzten hainbeste gozatzen hizkuntzarekin. «Azterketetan, gorrotatzera ere iritsi naizela uste dut, baina presiorik ez daukadanean, gustura aritzen naiz. Orain esan dezaket: euskalduna naiz, eta harro nago!», dio Paskualenak.

Garai zaharrak gaurkotuz

Grabagailua eta bideo kamera piztuta, lotsatuta dago Jurado, baina horiek itzaltzean, lasaiago mintzo dela nabari zaio. Paskualenak gainditua du hanka sartzeko beldurra: «Hasieran beti lotsatzen nintzen, baina, azkenean, erraztasuna lortu nuen». Eta Vitoria, aldiz, guztiz kontrakoa da: «Gogoratzen dut nola behin hezetasuna hitzarekin trabatuta geratu nintzen merkatuan baserritar batekin hitz egiten ari nintzela: sekulako ahalegina egin nuen hezetasuna esateko, eta hark, natural-natural, umedadia bota ez zuen bada!».

Gutxi aldatu da Maizpide; herrian sumatu dute ikasle ohiek aldaketa handiagoa. Barnetegira iristean, Vitoriak gogoan du zenbat ordu pasa zituen sarreran, gainontzeko ikasleekin solasean atsedenaldietan. Barruan aspaldi ikusi gabeko lagunen bat edo beste ere topatu du. Elkarrizketa bukatuta, Jon Urdandagarin barnetegiko zuzendariarekin euren eskola eta etxe izandakoan itzuli bat egin dute. Hala topatu da Juradok sukaldarietako bat: «Janari goxoa egiten dute, etxekoa». Ondoan du jangela, handia: «Onena, hilabetean behin egiten genituen bertso afariak!».

Jangelaren ondoan, gela txiki bat dago: arkitektoak taberna bat jarri nahi zuen bertan. «Dionisio Amundarainek, baina, ez zuen tabernarik nahi Maizpide barruan: ikasleak herritarrekin harremanetan jartzea nahi zuen», azaldu du egungo zuzendari Urdangarinek. «Aberasgarria zen herrikoekin elkartzea, baina arriskutsua ere bai: plan pila bat proposatzen zizkiguten, eta ezetz esan behar izaten nien askotan, bestela...», dio Vitoriak. Gogoan du Amundarain zuzendaria Vitoriak, hura baitzen Maizpideko zuzendaria Vitoriak han ikasi zuen garaian. «Zorrotza zen: pentsa, hura agertu orduko, denek ihes egiten genuen!», dio barrez.

Ospakizun festa dute gaur Maizpiden. 25 urteak behar bezala ospatzeko, txupinazoa, triki poteoa eta bazkaria izango dituzte, amaierako ezusteko eta guzti.

Elkarrizketa ikusteko, BERRIAren webgunea bisitatu: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.