Begiekin jaten diren platerak

Pedro Subijana sukaldariak 'Akelare' liburua argitaratu du; haren plateren irudi ederren bilduma da

Pedro Subijana sukaldaria bere liburuaren aurkezpenean, Akelarre jatetxean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Dastamenarekin ez ezik, begiradarekin ere jaten da normalean. Ikusmenarekin jakien zaporeak imajinatu, eta ahogozoa egiten da Pedro Subijanak kaleratu duen azken liburuarekin: Akelare. Pedro Subijana (Everest argitaletxea). Donostiako Akelarre jatetxean eskaintzen dituen plateren argazki ikusgarriz osatuta dagoliburua, batik bat. Juantxo Egaña izan da argazkilaria, eta Luis Alonso arduratu da diseinuaz.

Sukaldari eta lagunak joan ziren Akelarre jatetxean eginiko liburu aurkezpenera. Han izan ziren Juan Mari eta Elena Arzak, Hilario Arbelaitz, Ramon Roteta eta Jose Juan Castillo sukaldariak. Hara bildutakoek, gainera, dastatze menu goxo bat jateko aukera izan zuten, Subijanak gonbidatuta.

«Sukaldeko plateren eta prestakuntzaren irudiekin bakarrik osatutako liburu bat argitaratu nahi nuen. Testurik gabeko liburu bat. Platerak ikuspuntu estetiko batetik erakusteko, eta ez gastronomikotik», azaldu zuen Subijanak.

Liburuaren hasieran eta amaieran testua ageri den arren, platerei ateratako argazki ederrek hartzen dute liburuaren zatirik handiena. Gaur egun Akelarre jatetxean eskaintzen diren Aranori eta Bekarki izeneko dastatze menuetako platerak azaltzen dira, batez ere. «Dena dela, menu horiek bilakaera eta aldaketakizan dituzte egun», gaineratu zuen Subijanak. Bi dastatze menu horiez gain, gaur egun kartan ez dauden baina garai batean «arrakasta» izan zuten platerak ere izoztu dituzte kamerarekin.

«Egun gure jatetxera etortzen direnen %80 atzerritarrak dira. Hemen jaten dutenek oroigarri gisa eraman nahiko dute liburua, eta eurek ulertzeko egin dugu bi hizkuntzetan». Ingelesez eta gaztelaniaz idatzita dago nagusiki, tarteka euskarak ere lekua baduen arren.

Irudiez gain, Basque Culinary Centerri eskainitako atal bat du: «Bizitzan denbora asko eskaini diot, eta ia obsesio ere bihurtu zitzaidan».

Sukalde ikasgela eta I+G egitasmoaren inguruko beste atal bat ere badago. Eguneroko lanetik bereizita, ikerketa eta berrikuntza jorratzen dute Akelarreko sukalde ikasgelan, eta hori islatu nahi izan du: «Irakatsi, partekatu eta transmititzeko obsesio baten ondorio da ikasgela hau», Subijanaren aburuz. Hitzaldiak eta ikastaroak ere antolatzen dituzte bertan.

Liburua Berrikuntzaren Euskal Agentziaren sortzaile Pedro Luis Uriartek idatzitako hitzaurrearekin hasten da. Sukaldariak berak idatzitako gogoetak ere badaude, eta amaieran errezeta ugari irakur daitezke.

DVDa ere bai

Akelare. Pedro Subijana ez da ohiko sukaldaritza errezeta liburu bat, eta horren erakusgarri da liburuarekin batera saltzen den DVDa. Ahotsik gabe, irudiekin eta musikarekin «jatetxeko lan egun baten» berri ematen da. «Antzerki emanaldi bat da hau, eta, taula gainean, bezeroak dauden lekuan amaitzen da. Guztiak harmonikoki erritmoari jarraitu behar dio hemen», esan zuen sukaldariak.

Bezeroak eta jatetxeko langile guztiak agertzen dira irudietan. Zortea izan zutela nabarmendu zuen Subijanak, eguzki sartze ederreko eguna egokitu baitzitzaien grabaketan.

Gainera, bi dastatze menuetako platerak nola prestatzen diren ere ikas daiteke DVDan. Plater bakoitzaren azalpenak bost minutuan laburbilduta daude.

Buruan dabilkion hurrengo proiektua ere aipatu zuen sukaldariak. Akelarre jatetxearen gainean izen bereko hotela irekitzeko nahia azaldu zuen, eta bilerak egiten hasi direla adierazi zuen, agitasmoa aurrera atera ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.