ATZEKOZ AURRERA. Ahmad Safi. Militante antiespezista

«Begano izatea ez da janari kontua, etika kontua da»

Bizidun ororen askapena du helburu Palestinian Animal League talde antiespezistak. Palestinan erreferentzia bihurtu dira animalien eskubideen alde egiten duten lanagatik.

Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Animalien askapenaren aldeko Palestinian Animal League taldearen sortzailea da Ahmad Safi (Jalaisoun, Palestina, 1978). Animaliei laguntzeko eta pertsonak ahalduntzeko hainbat programa ditu elkarteak. Espainiako hainbat lekutan hitzaldiak ematen ibili ondotik, Euskal Herriko mugimendu antiespezistak gonbidatuta, azken astean Hernanin (Gipuzkoa) eta Bilbon izan da Ahlam Tarayra taldekidearekin batera, beren errealitatearen berri ematen.

Animalien aldeko aktibista zara Palestinan. Noiz sortu zenuten PAL Palestinian Animal League?

2011. urtean hasi ginen. Elkartea sortu genuenean, normalizatua dugun biolentziaren aurka nola egin pentsatzen hasi ginen: bertzeek guganako duten biolentzia eta guk bertzeekiko egiten duguna. Ondotik, animalien eskubideei buruz solastatzeari eta beganismoa sustatzeari ekin genion.

Elkartea zenbat hazi da bere sorreratik?

Hasieran, sortu genuenean, jendeak uste zuen fantasiazko zerbait zela, aberatsentzat bakarrik izanen zela. Denborarekin, hainbat ekintza eta programa egin ondotik, garrantzitsuago bihurtu, eta gaur egun animalien aldeko ekintzetan erreferentzia bihurtu gara Palestinan.

Nola aldatzen du bizitza Palestinan bizitzeak, halako lurralde okupatu batean bizitzeak?

Modu anitzetan baldintzatzen du Palestinan jaiotzeak. Guk badakigu zer den biolentzia pairatzea, guk pairatu dugulako, eta, beraz, ez genuke bertze bizidunen kontra praktikatu beharko. Etorkizunean zer-nolako gizartea nahi dugun pentsatu behar dugu.

Munduan zehar ibili zara zuen egoeraren berri ematen. Zergatik da garrantzitsua hori?

Garrantzitsua da okupatuta dagoen lurralde batean intersekzionalitatearen kontzeptua ezagutaraztea. Badakigu intersekzionalitatea ez dagoela ongi ikusia, eta horregatik uste dugu garrantzitsua dela gure borroka leku ezberdinetan zabaltzea. Jende askok erraten du lehenengo lurraldearen askapenean zentratu behar dela, eta ondoren datozela gizakien eta animalien eskubideak. Jendeak animalien eskubideak bigarren mailakotzat hartzen ditu.

Zein da zuen iritzia alor horren inguruan?

Gure iritzia da lurraldea ez dela lurralde geografikoa bakarrik, baizik eta bertan dauden bizidun guztiak direla. Lurraldearen askapena nahi badugu, beraz, bizidun guztiak askatu behar ditugu. Sinisten dugu opresio modu guztiak elkarren artean lotuta daudela, eta kausa denen alde egin behar dela borroka batera.

Hasi zinetenean baino begano gehiago dago gaur egun Palestinan?

Bai. Garai batean, Palestinan begetarianoak ginen, eta horretara itzultzeko saiakerak egiten ari gara. Haragia produzitzeak naturan dakarren hondamendia ezagutarazi dugu. Programak lantzen ari gara jende gaztea eta jatetxeak kontzientziatzeko.

Hainbat hedabidek beganoen paradisu gisa hartu dute Israel. Zergatik ez da erreala hori?

Israel beganismoa erabiltzen ari da palestinarren aurka egiten duen biolentzia zuritzeko. Gezurra da erraten dutena; izan ere, idatzi dugun artikulu batean ikusten da, bertzeak bertze, Israel dela haragi gorri gehien kontsumitzen duten munduko lurraldeen artean hirugarrena. Tel Aviven [Israel] jatetxe begano onak izateak ez du eragiten beganoentzako paradisua izatea. Israelen okupazioak sekulako eragina du palestinarren bizitzan. Jendeak okupazioaren eragina ezagutu ondotik erabaki dezala okupazioa beganoa izan daitekeen edo ez.

Hipokrisia handia dago atzean, beraz?

Beganismoa ez da elikadura ohitura bat, bizitzeko modu bat baizik. Berdin da beganoa izatea, gero jendea hiltzen baduzu. Berdin da soldaduek haragi beganoa jatea, aldi berean jendea bonbardatzen eta hiltzen ari badira. Begano izatea ez da janari kontua, etika kontua da: nola ikusi eta onartzen dituzun bizidunak zure inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.