Bazterrak erdigunean

Bestaren erdigune bilakatu dira jai herrikoiak aspaldiko partez. Iruñeko sanferminetan ere euskarak bere lekua hartu du, Herri Sanferminen eta Oinez Txokoaren bitartez; egitarau oparoa jarri dute bisitarien esku.

Herri Sanferminak, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Herri Sanferminak, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iñaki R. Mendoza - Itsaso Jauregi
Iruñea
2024ko uztailaren 12a
16:00
Entzun

Aurreko gauaren aztarnak ageri dira oraindik: edalontziak, zaborra eta gau luzea izan duen baten bat, neke aurpegiarekin etxeko bidea egiten. 12:30ean, txosnak irekitzeko prest daude Herri Sanferminetako gunean, Iruñeko O-ko Andre Maria plazan. Kamioi beteak iristen ari dira plazara, eta txosnaguneko parte hartzaileetako batek ogi barraz betetako orga bat bultzatzen ari da. Iruñea jai herrikoien uholdean murgiltzea dute helburu.

Lau urteren ondoren itzuli dira Herri Sanferminak. Enrique Maia alkate ohiak Arrotxapeko Runako parkera bidali zuen gunea, Alde Zaharretik aldendu. Maitane Uranga gipuzkoarrak gogoan du txosnak erdigunean zeuden garaia: «Gaztetan sanferminetara etortzen nintzen, eta gogoan dut txosnak Alde Zaharrean zeudela». Gunearen garrantzia azpimarratu du bisitariak, argudiatuta «ezinbestekoa» dela euskara sustatzeko eta jai herrikoiak bultzatzeko: «Arratsaldean etorriko naiz umeekin». 

Herri Sanferminetan ari da Asier, eta argitu du «denen artean» erabaki dutela txosnak non jarri: «Auzokideen nahiak kontuan hartu ditugu, eta O-ko Andre Maria plaza erdibideko konponbidea iruditu zitzaigun». Gune honetan ez da inolako erasorik onartuko, erasotzaileak kanpora! kartela jarria dute txosnagunean, eta jakinarazi diren 16 eraso sexistei zuhurki erantzun dute: gaur elkarretaratzea eginen dute Iruñeko Gazteluko plazan, 21:30ean, eta txosnak itxiko dituzte tarte horretan.

Erdigunetik gertuago, baina bazterrak utzi gabe. Jai herrikoiak sustatu nahi dituzte antolakuntzan aritu diren hamazazpi eragileek, eta, horregatik, egitarau zabala dute prest uztailaren 14ra arte. Gaur 13:00etan, Plaza hau gurea da antzezlana egin dute. Herri Sanferminetako boluntarioak alde batetik bestera dabiltzan bitartean, antzezleen ahots indartsuak entzun dira bozgorailuetatik: «Makina perfektua gara. Berdin du nor garen, garrantzitsuena da zer garen, zein da gure tokia makina honetan», esan du antzezleetako batek. «Garrantzitsua da antzerkia eta umorea kalera ekartzea, eta jai herrikoiena hori egiteko espazioa da», esan du Aratz Fernandez de Pinedo antzerkiko kideak.

Asierrek norbanakoen eta eragileen parte hartzea eskertu du, behar-beharrezkoak direnez gero pieza askoko makina horrek funtzionatzeko: «Ez da hilabete bakarreko lana izan. Iruñerriko askotariko eragileak martxoan hasi ginen elkartzen». Lehendabiziko egunetan ezusteko batzuk izan ziren txosnetan: alkoholik gabe geratu ziren, eta freskagarriak amaitu zitzaizkien, besteak beste. Hala ere, balorazioa orokorrean ona izan da, parte hartzaileen ustez, jendea jai herrikoien uholdera batu den seinale.

Euskararen oasia

Iruñeko Portale Berriko ingurabidea zeharkatu eta Taconerako basoaren erdi-erdian ageri da Oinez gunea. Goiz da oraindik, eta boluntarioak eta arduradunak lan guztiak azkentzen dabiltza. Txosnako sukaldearen barrenetik datorren hirugihar usaina hedatu da inguruetan. Aurrera-atzera dabil barraren bestaldean Ainize gazte iruindarra; ikastetxe publiko batean ikasi zuen, D ereduan, baina garrantzitsua da harentzat euskarari bulkada bat ematen dion ekinaldi oro sustatzea: «Sanferminen barruan, euskarari bulkada bat ematen dio Oinez txokoak, eta garrantzitsua da hori, ez baitago halako esparru askorik». 

Oinez txokoa uztailaren 6an, Iruñean
Oinez txokoa, uztailaren 6an, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU

Itxaso Oskoz familiarekin etorri da, eta esan du haurrekin egoteko toki paregabea dela: «Ez dago jendetza handirik, eta oso gustura egoten gara». Halaber, Alde Zaharreko zurrunbilotik deskonektatzeko leku paregabea dela dio Iñaki Muniain txosnaguneko ekonomia arduradunak. Oinez txokoak bere egin du bazterra. «Jendetza etorri da, eta boluntario asko izan ditugu: zortziehun txanda daude antolaturik osotara», esan du Muniainek. Horren harira, Zangozako ikastolak laguntza behar duela azpimarratu du: «Mailegu bat ordaindu behar dugu, eta garrantzitsua da jendea hona etortzea, baita urriaren 20an Nafarroa Oinez jaialdian parte hartzea ere». 

Txosnaren parean jarri ohi duten Puntu Moreko boluntarioek ere balantze ona egin dute. Raluca Costache berdintasun batzordeko koordinatzailea da, eta, azaldu duenez, jende gaztea bildu da gehienbat, material prebentibo eske. «Halere, igande gauean neska baten ama etorri zen salaketa jartzeko argibide eske, alabari ukituak egin zizkiotelako». Halaber, Zangozako ikastolako ikasleek webgune bat sortu dute, Puntu Moreari ikusgaitasuna emateko; Nafarroa Oinezen webgunean dago ikusgai. Igandera arte egonen da Puntu Morea zabalik, 23:00etatik 03:30era.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.