Festak

Baztandarren Biltzarra aurten ere ospatuko dela iragarri dute

Bestaren 60. urteurrena izanen da uztailaren 16an, Elizondon. Urtarrilean, antolaketa taldeak adierazi zuen ardura hori utziko zuela, baina beste talde bat osatu dute «orain arte kide zirenekin eta kide berri anitzekin».

2019ko Baztandarren Biltzarrako orgen desfilea. IñIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 17a
09:12
Entzun

Aurten ere Baztandarren Biltzarra eginen dela adierazi dute jaiaren antolatzaileek: «Azken hilabeteotan, baztandarrok momentu gazia bizi izan dugu, baina, orain arte kide zirenekin eta kide berri anitzekin, ilusioa eta gogoa ardatz dituen talde polita osatu dugu». Gaur eman dute albistearen berri, Elizondon. Urtarrilean, jaia antolatzeaz arduratzen zen taldeak iragarri zuen ardura hori utziko zuela. «Haientzat ez zen erabaki samurra; izan ere, aitzinetik kide izan ziren guztientzat bezala haientzat ere, Baztandarren Biltzarra, besta izateaz gain, sentimendu berezia zen», erran dute prentsaurrekoan. Antolatzaileek, baina, erabaki hori hartu zuten ziklo bat ixteko garaia zela uste zutelako, eta beraiek denbora luzez aritu zirelako lan horretan.

Ikusi gehiago:«Besta hau ezin da itzaltzen utzi»

Erabaki horren ondorioz baztandar anitzek beren «nortasunaren zati handi bat» galdu izana sentitzen zutela adierazi dute agerraldian. Hortaz, talde berriak «ilusioz» hasi du bidea: «Talde askotarikoa osatzen dugu, eta ziur gaude aurten ere Baztandarren Biltzarra ederki loratuko dela». Aurtengoa, gainera, data berezia da, festaren 60. urteurrena baita: «1963an, Aralarrera egindako ateraldi batean, zenbait baztandarrek Baztandarren Biltzarra bestaren hazia erein zuten Aralarko kaskoan. Ilusioz ereindako hazia izan zen, auzolana, euskara eta baztandarron elkartasuna ardatz zituelarik».

Geroztik, hainbat oztopo gainditu behar izan dituen arren, urtero «loratutako» besta bat izan da Baztandarren Biltzarra. 1986an, adibidez, besta bertan behera gelditu zen, eta 2020an eta 2021ean ere bai. Hala ere, besta zaintzea lortu dutela nabarmendu dute, eta baztandarrek «zimeltzen utzi ezin» duten landarea dela. Izan ere, antolatzaileen iritziz, «Euskal Herri guztiko folklorearen erreferente eta topagune erraldoi bihurtu da».

Laguntza

Baztandarrei erran diete uztailaren 16rako baserritar jantziei «hautsak kentzen» hasteko, beren orgetarako ideiak prestatzeko, eta jarraitzeko Baztanen euskaraz «barra-barra solastatzen», Baztandarren Biltzarraren gisako «auzolan erraldoi bat» ez delako itzaliko. Hala ere, nabarmendu dute besta aurten ospatuko den arren beharrezkoa dela urtero kide berriak sartzea taldera, «elkartea bizirik mantentzeko eta orain arte Baztandarren Biltzarraren gidaritzan egon diren horiek hartu behar izan zuten erabakia ez hartzeko». Baztandar guztiei eskatu diete besta antolatzen laguntzeko, modu batean nahiz bertzean: «Gu motorra izanen gara, baina boluntarioen eta Baztango hamabost herrien laguntza ezinbertzekoa da besta hau behar bezala ospatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.