ATZEKOZ AURRERA. Mikel Artetxe. Ikertzailea

«Batzuetan, merezi du ideia eroak planteatzea»

Artetxek gainbegiratzerik gabeko itzulpengintza automatikoari buruz egin duen tesiak hizkuntza prozesamenduaren arloa «irauli» du. Ikertzaile gisa dabil Londresen, Facebook Researchen.

PABLO JAUREGUI / BBVA FUNDAZIOA.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Lanak bere fruitua ematen du. Ondo daki hori Mikel Artetxek (Zarautz, Gipuzkoa, 1992). EHUko Gorka Labakaren eta Eneko Agirreren gidaritzapean egin duen tesiak Espainiako Zientzia eta Informatika batzordearen ikerketa saria irabazi du, gainbegiratzerik gabeko itzulpengintza automatikoari egindako ekarpenengatik.

Urteetako ekinaren saria lortu duzu?

Bai. Ikerkuntzan, beti sortzen danolabaiteko ziurgabetasun bat norbaitek muga bat urratzen duenean. Nik lan ona egin dudala uste dut, eta horren saria jaso dut.

Itzulpen programen aurrean, zer leku dute itzultzaile profesionalek?

Gaur-gaurkoz, itzulpengintza automatikoak aurrerapen handia izan du; badira testuak, gehienak, itzultzaile profesional baten beharra izango dutenak. Baina, etorkizunera begira, esango nuke itzultzaileen beharrizana apalduz joango dela.

Itzulpengintza automatikoaren esparruak sabaia jo duela uste duzu?

Ezezkoan nago. Egia da tarte batean berritasunerako izugarrizko erritmoa izan zela, baina oraindik egiteko mordoa dago; batez ere, baliabide urriko hizkuntzekin erlazionatuta.

Testu motak eragiten al du?

Bi baldintza daude: batetik, mundu akademikoko itzulpengintza kazetaritza testuetan edo parekoetan oinarritzen dela, eta ez hainbeste, kasurako, genero literarioan; bestetik, itzulpen automatiko ez gainbegiratuaren kasuan, komeni dela testuen bi hizkuntzetako domeinuak ahalik eta antzekoenak izatea. Eredu horretan, ez da beharrezkoa sistemari itzuli behar dituen hizkuntzak zeintzuk diren argitzea, baina lagungarria da bi testuen domeinuak ondo zehaztea, erregistro aldetik.

Zer presentzia du euskarak itzulpengintza automatikoaren arloan?

Hizkuntza prozesamenduan, oro har, euskarak presentzia txukuna du: hiztun kopurua ikusita, ez dago gaizki. Ixa taldeak, halaber, lan garrantzitsua egiten du bide horretan: nire tesia haiekin landu nuen, eta argi dut egundoko lana egiten dutela. Euskararen kasuan, baina, datu publikoen gabezia azpimarratuko nuke: ikerketa akademikoan, erabiltzaileen datuak behar ditugu, gure azterketa lana errealagoa eta zehatzagoa izan dadin. Euskarak badauzka datuok, baina gehienak pribatuak dira. Gai horren inguruan bada lanik egiteko.

Ikerlariak prekaritatea bizi du?

Bai. Ni Londresen bizi naiz, eta hemengo egoera dezente hobea da. Egonkortasunaren bidean, ikerkuntzatik bizi nahi izatea prozesu neketsua da eta, gainera, oso burokratikoa: badirudi norbere etorkizuna ez dagoela guztiz norberaren lanaren menpe, sistema burokratikoaren baldintzapean baizik. Adibidez, Espainiako Estatuaren kasuan, ikerketa ez da inoiz lehentasuna izan: badira laguntzak eta azpiegiturak, baina ez zaie ikerkuntzarekiko optimizazioan lan egitea interesatzen. Kontu tristea da oso.

Adimen artifizialak giza adimena aurreratu du?

Ez dago adimenaren nozio absoluturik. Ordenagailuak munduko xake jokalaririk onenari erraz irabaziko lioke, baina ez litzateke gai izango gizakiontzat sinpleak diren beste ataza batzuk egiteko.

Lortutakoagatik presioa sentitzen duzu?

Ez. Aurrera begira, agian, jendeak itxaropena izango du nigan, baina horrek ez dit axola. Kontua ez da orain, bat-batean, urtero sariak irabazten hasiko naizela.

Zer irabazi duzu bidean?

Bidea bera, eta lanean disfrutatu dudan dena. Alde promozionaletik ere, talde lana bistaratu da; hori egindako sakrifizioaren erakusgarri da.

Eta galdu?

Ikerkuntzaren mundua bera: Euskal Herrian, zaila da egonkortasuna lortzea; egoeraoso frustragarria da.

Ikaspenik garrantzitsuena?

Batzuetan, merezi duela ideia eroak planteatzea, eta, lanarekin, horiek lortzea. Ikerketan, segurtasun eremuan geratzeko joera dago, eta gu, aldiz, sormen lan bat egitera ausartu gara. Harro nago horretaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.