«Minbizia ez da arrosa; minbizia iluna da». 2019an sortu zuten Izan Inurri elkartea, minbiziaren akonpainamenduan, formazioan eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzailea garatzen duen elkartea. Inurritegia barrenetik ezagutzeko, Hil arte bizi dokumentala grabatzen ari dira, bertzeak bertze, Julene Illarramendi (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1997) eta Xuban Intxausti (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1980) elkarteko kideak.
Dohaintza egiteko hilabetea ez da amaitu, eta 34.000 euro lortu dituzue dagoeneko.
XUBAN INTXAUSTI: Inurri beti da pixka bat horrelakoa, sorpresa handiak ematen dituena. Inurri beti joaten da irudika dezakezuna baino pixka bat harago: aurretik eta hobeto. Ez nituen espero datu horiek, dena den.
JULENE ILLARRAMENDI: Gu kontziente gara Inurrik daukan sareaz eta babesaz. Tribu handia da, eta bagenekien funtzionatuko zuela. Baina ez genuen espero hainbestekoa eta hain azkarra izango zenik.
INTXAUSTI: Gainera, bideoan maite duzun inurri bat ikusten baduzu, lagundu nahi duzu, eta zuk ere horren parte izan nahi duzu. Hori lortu du Inurrik. Dohaintza nondik datorren ikustea ere ederra da; diru asko etorri da guretzat bereziak diren lekuetatik.
ILLARRAMENDI: Maitasuna da, azkenean.
Dokumentala ordaintzeko adina da diru hori?
INTXAUSTI: Dokumental profesional bat egiteko, batetik, lortu behar dira bide pribatua, telebistako dirua, eta diru laguntzak. Bat ez badago, bestea ere ez, normalean. Egin daiteke dokumental bat musu truk eta diru askorik gabe, edo egin daiteke estudio bat alokatuta, nahasketak eginda, argazkilariekin... elementu asko daude dokumental bat hobetuko dutenak.
ILLARRAMENDI: Xuban [Intxausti] borondatez ari da lanean; eta grabaketan ari direnak eta proiektu honetan gauden denak Inurriko parte gara. Halaxe goaz: inurrien erritmoan. Mimoz, komunitatean eta ezer bortxatu gabe.
INTXAUSTI: Asko gustatzen ari zait proiektu hau.
2019ko Inurria jada ez da hain txikia…
ILLARRAMENDI: Pila bat aldatu da, eta, askotan, nahi gabe. Ideia xume bat zen Inurri, diru bilketa bat eta gure dolu pertsonalak bizitzeko modu bat. Denborarekin ikusi dugu gizarteak ere badaukala hutsunea hor, eta jende zoragarria ezagutu dugu horri esker. Lan handia dago egiteko, eta guk badauzkagu tresnak horretarako. Horiek aprobetxatu egin behar dira, ezta?
INTXAUSTI: Mirenek [Cuerdo] eta Julenek [Illarramendi, elkarteko sortzaileak biak] daukaten izaerak eta jarrerak berehala erakartzen du jendea, eta horrek ere eragin handia du, nik uste.
Sei zati izanen ditu dokumentalak. Zeren arabera banatuak?
INTXAUSTI: Inurri zer den ezin du pertsona bakar batek adierazi, taldean egin behar da hori; eta taldeak gauza asko bizitzen ditu. Agurrak, adibidez, argi neukan bere kapitulu propioa behar zuela. Bigarrena, bakarrizketena; minbiziaren inguruan hitz egiten den monologoak agertu behar du dokumentalean. Hirugarrena, titi bakarren borroka; gizartea oraindik ez dago horretara ohitua, eta erakutsi egin behar diegu zer den. Gero, ospitaleko kontuak eta tribuaren bilakaera: nola laguntzen duten elkar inurriek. Eta, azkena, inurri baten haurdunaldia eta erditzea; heriotza eta jaiotza. Gero hori guzti hori lotuko dute bertso saioek eta Idoia Asurmendik. Hori da ideia.
ILLARRAMENDI: Bizitzarekin hasi eta heriotzarekin amaitu. Inurrik horri buelta bat ematen dio, batzuetan heriotzaren ondotik berriz hasi behar izaten baita bizitzen.
Nola doa grabaketa prozesua?
INTXAUSTI: Hemezortzi egun grabatu dira, eduki aldetik %30 edo. Maitasun handiko proiektua denez, aurreikusten dut asko luzatuko dela; eman nahi zaizkion buelten arabera. Baina honek buelta asko emango ditu, seguru, eta gu prest gaude buelta horietako bakoitza emateko.
Nola sortu zen dokumentala?
INTXAUSTI: Barne indarrak sortu zuen, nire ustez; norberaren bizipenek eta zerbait berezia dagoela erakusteko nahiak. Inurri oso berezia da, eta asko lagundu gaitu. Hori erakutsi egin behar da.
Zertan ari da orain Inurri?
ILLARRAMENDI: Inurri bizitzako esparru guztiak okupatzen dituen elkartea da. Lan bat dut honez gain, inurriko gehienok bezala; baina pentsamendua beti dago Inurrin. Beti dago tarte bat horrentzat. Egunez gure lana egiten dugu, eta gauez, Inurri. Edo asteburuan. Beti nahi dugu, eta inoiz ez da karga bat. Talde oso-oso ona daukagu, eta horrek ere asko laguntzen du. Atzo 23:30ean aritu ginen hitz egiten. Desorduetan aritzen gara lanean, baina hori ere bada Inurriren parte, eta horrek erakusten digu hemen gaudela hemen egon nahi dugulako. Asko maite dugulako.
LOTSABAKO
Lasai egoteko leku bat?
ILLARRAMENDI: Itsasoa. INTXAUSTI: Bizikleta bidaia bat.Abesti bat?
BIEK: Calma, Idoia Asurmendirena.Bertze dokumental bat?
INTXAUSTI: 918 gau.