Langilea, sentibera, pasiozkoa eta burugogorra da Garbiñe Tolosa lorezaina (Donostia, 1967). Hala definitzen du berak, behintzat, bere burua. Ordu asko pasatzen ditu Donostian duen baratzean, loreak hazten eta zaintzen, inolako ongarri artifizialik gabe; kontsumo taldeetan eta harpidetza bidez saltzen ditu. Argi du ezaugarri horiek denak eskatzen dizkiotela loreek. «Eta gehiago!».
Zer gehiago?
Sufritzeko gaitasuna. Asko sufritzen da. Hunkitu eta gozatu ere bai, baina negar ere egiten duzu. Hori, hasteko. Batzuek pentsatzen dute hau soineko bat jantzi eta lore bat moztea dela. Ez! Lurra lantzea da. Hemen, oraintxe bertan, hori da.
Sakrifizioagatik?
Bai, eta egun batetik bestera dena galtzen duzulako.
Zerk eragiten du dena galtzea?
Kristoren haizeak, euriak. Dena oso muturrekoa da. Hemen basurdeak daude, sator txikiak daude, saguak, txoriak, katuak… Denetarik asmatu behar duzu, baina dena ez dago zure esku. Zure hiru hilabeteko lana bat-batean pikutara joan daiteke. Egun horretan zera esaten duzu: «Pikutara! Zer da kaka hau?». Baina hurrengo egunean han zaude berriz.
Hemen, loreak eta ekosistema zaintzen.
Kontuan hartzen dut hemen gertatzen dena. Ardiak daude, basurdeak daude, eta hori kontuan hartzen dut. Saiatzen naiz ondo zaintzen. Erleak hemen bertan daude. Horretarako, saiatzen naiz produktu kimikoak ez erabiltzen. Oso produktu gutxi, nahiz eta ekologikoak izan. Badaude olio batzuk… Nik ez ditut erabiltzen, erleak horiekin ere hiltzen direlako. Naturarekin harreman hori lortzen saiatzen naiz. Ni ere hemen nago, eta nire lana egin eta dirua atera nahi dut. Oreka lortzen saiatzen naiz.
Ez da erraza izango.
Ez da erraza, ez. Horretan gaude.
Udaberria hasia da. Nabaritu duzu?
Oso berandu etorri da, eta orain nabaritu da: txoriak-eta daude. Gaur kukua entzun dut, lehenbiziko aldiz. Eta nik, dirurik ez!
Hala ere, urtaroak pixka bat zoratuta daude.
Bai. Apirilean euri pila bat? Auskalo. Urtarrilean gutxiago? Auskalo. Ez dakizu. Orduan, denetarako prest egon behar duzu, eta gero eta diru gehiago sartu behar duzu. Azpiegitura indartsu bat izan behar duzu. Euririk ez bada, ureztatu behar duzu. Gehiegi baldin badago, ura joatea behar duzu, edo estali.
Horregatik dituzu plastiko hauek, ezta?
Bai, eta haizearentzat. Hori dena horrela da. Oso azkar erabaki behar duzu. Plan bat eduki dezakezu, baina pikutara joan daiteke kristoren haizea datorrelako. Orduan, dena ondo finkatzera joan behar dut.
Hori naturaren erritmoari segitzea da?
Bai, eta mugimenduarekin jolastea. Hau dena beti mugimenduan dago. Orain hemen zaude, baina ari zara pentsatzen hemendik sei hilabetera zer gertatuko den.
Nola aurreikusi dezakezu hori?
Gutxi gorabehera mantentzen dira sasoiak. Udazkenean jartzen direnak jartzen segitzen dut. Onena da arriskua hartzea eta probatzea udaberrian jartzen. Agian ondo doaz orduan ere. Joko bat da: probatu egin behar duzu.
«Dena ez da praktikoa eta dena ez da betirako: han dago loreen xarma, nire ustez. Edertasunak ez dauka preziorik»
Orain zer lore dituzu baratzean?
Udaberrikoak ja erdi bukatzen, eta besteak badatoz: anemonak, urrebotoiak, ahuntz-prakak, kaputxinoak, hilerri liliak, fresiak, nartzisoak, tulipak...
Ez duzu ongarri artifizialik erabiltzen. Zergatik?
Ordu pila bat pasatzen ditut hemen, eta ez nuen egon nahi produktu kimikoz betetako berotegi batean sartuta. Nahiago dut landare batzuk galtzea, baina ni ondo egotea eta gozatzea. Naturarekin egotea. Nire kalterako… Ez dakit. Epe luzean kaltegarria da produktu kimikoak erabiltzea. Beraz, nire onerako da.
Osasunaren aldetik, bai, eta poltsikoaren aldetik?
Baita ere! Hasten bazara produktu kimikoak erabiltzen, lurrak momentu batean «akabo» esango du. Nekatzen da, eta gero ezin da sendatu.
Baratzean zabiltzanean, gelditu gabe aritzen zara?
Saiatzen naiz aldatzen. Nire urteak ere badauzkat, eta ezin naiz bi orduz makurtuta egon. Batzuetan, gelditu gabe ibiltzen naiz lurra lantzen, gero mozten, ondoren aldatzen… Orain garairik indartsuena hasiko da. Neguan mantendu egiten dugu. Haziak lasai daude, baina udaberrian haziz beteta egongo da, eta den-dena egin behar duzu.
Ohikoa izaten da luze iraungo duten loreak erosi nahi izatea. Kultura hori aldatu beharko litzateke?
Efimeroa dena asko gustatzen zait: gauzak egun batetik bestera desagertzen direla, mugimendua dagoela. Hori ulertu behar dugu. Txuleta zenbat denboran jaten dugu? Dena ez da praktikoa eta dena ez da betirako; hortxe dago bere xarma, nire ustez. Batzuek galdetzen dute: «Zertarako gastatu dirua loreetan?». Edertasunak ez dauka preziorik. Prado museora joaten bazara egun batean, kristoren emozioa bizi dezakezu. Baina egun hori izan da, bukatu da. Hori ere elikatu behar dugu. Edertasunarekin geneukan harremana galdu dugu.
Orduan, heziketa behar al da?
Bai. Heziketa behar dugu loreekin, lorategiekin eta edertasunarekin. Begirada landu behar dugu, eta balioa eman behar diegu. Natura hirira ekarri behar dugu.
lotsabako
Nori oparitu diozu lore bat azken aldiz?
Amari.Eta zuri, nork?
Kontxo! Inork ez! Ez dizkidate oparitzen, noski. Baina eskertuko nuke. Lore sorta berezi bat, e! Artista batena.