Gaiteroek eta dantzariek hartuko dituzte Iruñeko kaleak igandean, hiriaren batasuna ospatzeko. 601 urte beteko dira aurten Iruñeko hiru burguak batu zirenetik, Karlos III.a Nafarroakoak sinatutako hitzarmenaren bidez. Hala ere, ospakizuna bihar hasiko da, Hiru Burguen merkatuaren eskutik: postuetan gaztak, txokolateak, hestebeteak eta bertako hamaika produktu erosi ahal izango dira, baita artisauen era guztietako objektuak ere. Programa zabalagoa da, ordea, eta kaleko emanaldiak, dantzak, kontzertuak eta jarduerak eskaintzen ditu, haurren gozamenerako ere bai. Marivi Esparza Mugetak jantziko du zapia, San Fermin zaintzeko egiten duen lanagatik.
Irailaren 8an, urtero, Iruñeak bere historiako mugarri garrantzitsu bat gogoratzen du: Batasunaren Pribilegioa. Itun horren bidez, Erdi Aroko hiria osatzen zuten hiru burguek —harresi, bandera eta errejidore propioa zuten hirurek— tirabirak eta liskarrak bazter batera utzi zituzten, eta behin betiko batu. Egoera horri aurre egiteko, hiru auzoak batzeko agiria kaleratu zuen Nafarroako Errege Karlos III.ak 1423ko irailaren 8an; horri deitzen zaio Batasunaren Pribilegioa. Hiru burguek sinatutako itun horri esker sortu zen Iruñeko Udala, eta hiru auzoen erdigunean kokatu zuten, gaur egun dagoen tokian.
Atzera begira
Karlos III.a Nafarroakoak sinatutako Batasunaren Pribilegioari buruz eta oro har Nafarroako hiriburuari buruz gehiago jakiteko, bisita gidatuak antolatu dituzte Iruñeko udaletxean. Gaur irekiko ditu ateak; euskaraz 13:00etan eta 18:00etan eskainiko dituzte bisitak. Larunbatean ere aukera egongo da historian gehiago sakontzeko: 12:00etan eta 18:00etan, hain zuzen ere.
Iruñeko Udalak antolatutako bisita horietan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharra dago, udalera deituta edo webgunean sartuta. Eraikinaren ezkaratzean Batasunaren Pribilegioaren faksimilea, udal boterearen zilarrezko mazoak eta hiriko giltzak ikusiko dituzte bisitariek, besteak beste.
Udaletxe barruan gordeta dauden altxorrak ikusi eta aztertu eta gero, kalera aterako da besta. Duela 601 urteko batasun hura ospatzeko, galaz jantzita desfilatzen du udalbatzak urtero, Erraldoi eta Buruhandien konpartsa hirian barna dabilen bitartean. Hiria zeharkatu bitartean, La Pamplonesa udal bandak eta Iruñeko Orfeoiak musikarekin apainduko dute hiria.
Beraz, asteburuan data esanguratsua bere testuinguruan kokatzeko ahalegina egingo dute. Hitzaldi eta birsortze historikoko jarduerez gain, garai hartako partituren musika saioak, kontzertuak, tailerrak eta eskrima historikoaren erakustaldiak ere izango dira, adibidez. Erdi Aroko artisautza produktuen azoka egingo dute, eta umeentzat hainbat jarduera ere bai, Batasunaren Pribilegioa ardatz hartuta: tailerrak eta ipuin kontalariak.