Telesaila: ‘Willow’
Zuzendariak: Stephen Woolfenden, Debs Paterson, Philippa Lowthorpe eta Jamie Childs. Gidoilariak: John Bickerstaff, Hannah Friedman eta Jonathan Kasdan. Aktoreak: Warwick Davis, Ruby Cruz, Erin Kellyman, Ellie Bamber, Amar Chadha-Patel eta Tony Revolory. Atalak: 8. Non ikusi: Disney Plus. Generoa: Abentura.
Maialen Lujanbio indartuta sentitu zen Bertso Txapelketa Nagusiko finalean puntutan Aitor Mendiluzerekin egin behar zuela jakitean, harengan sinesten baitu ariketa horretan. Buruz burukoan, Lujanbiok ere konfiantza osoa zuen Amets Arzallusekin, Iparragirre abila dela doinuan umorez lotsaz kantatzerakoan. Lagunarengan sineste hori da, hein berean, Willow telesailaren ardatza. Kit Tanthalos printzesak Elora Danan salbatzaile aukeratuarengan duen konfiantza funtsezkoa da traman; abentura multzoan murgiltzen diren sei pertsonaia protagonistek elkar zaintzen dute; maitasun erromantiko lesbikoko istorioak badu indarra —Kit printzesaren eta Jade andere zaldunaren artekoa—; eta Willow Ufgood aztiak hasieran Elora Dananen magia dohainetan gutxi sinesteak bidaiaren derrigorrezko abiapuntua finkatzen du.
Tir Asleen erreinuko Airk printzearen bahiketa da istorioaren lehen bulkada. Ondotik, sei laguneko taldeak bidaia arriskutsua egingo du, Airk salbatzeko asmoz. Bidean denetarik gertatuko zaie, atalez atal.
Telesailaren lehen bi atalak ez dira bereziki erakargarriak. Zer esanik ez 1988ko izenburu bereko filma gogoan duen ikus-entzulearentzat. Ez dira apartekoak hirugarrena eta laugarrena ere. Baina, fikzioak aurrera egin ahala, bosgarren ataletik zortzigarrenera, gorantz egiten du. Pazientziaz hartzekoa da hasieran, eta, behin pertsonaiekin enpatia garatu eta gero, abenturak beste aire bat hartzen du. Telesaila, edonola ere, ezin da alderatu 1988an Ron Howardek zuzendutako pelikularekin —ekoizle eragileen artean ere ageri da Howard—. Originala beti baita originala, bere xarma guztiarekin.
Baditu telesailak, bestalde, osagai eder dezente. Horietako bat dira atal bakoitzaren kredituak, irudi errealak marrazki bilakatuta, eta beti kanta bikain batez lagundua. Musika aukeraketa da fikzioaren indarguneetako bat.
Efektu bereziak ere ez dira nolanahikoak. Istorioaren zerbitzura ondo lotzen dira beti, eta Willow Ufgooden magiaren distira ez da berehalakoan itzaltzen. Warwick Davis aktoreak pertsonaia bera interpretatu du, 34 urte geroago: gazte mukizua zena umore txarreko azti bilakatu da orain. Hala ere, pertsonaia batzuek mami eta grazia gehiago dute abenturan; Kit printzesak, adibidez —Ruby Cruz aktoreak fin hezurmamitzen du—.
Gidoilariak, bestalde, elkarrizketetan ironia eta umorea tartekatzen saiatu dira, une arriskutsuenetan ere bai. Jostagarriago egiten dute horrela dena, nahiz eta une batzuk irrigarri gelditzetik gertu samar egon.
Abenturan zehar iragarritako sorginaren borroka zain da bukaeran: azken klimaxa, bertsoaren bukaerako puntua.
Beste bi denboraldi egitekoak dira. Hobera egin dezake telesailak, pertsonaiak hor baitaude magiaz marraztuak.