Basterretxearen uberan

Urmugaren Urtanta ekinaldi sortaren barnean lau emanaldi egingo dituzte uztail amaieran. Nestor Basterretxeari egingo diote gorazarre, artistaren jaiotzaren 100. urteurrenaren harira.

Urmugako Urtantaren prentsaurrekoa, Donostiako Kristinaenea parkean. BERRIA
Urmugako Urtantaren prentsaurrekoa, Donostiako Kristinaenea parkean. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2024ko maiatzaren 31
15:30
Entzun

Nestor Basterretxea (Bermeo, Bizkaia, 1924-Hondarribia, Gipuzkoa, 2014) artista poliedrikoa izan zen, oparoa, kosmogonia propio bat sortu zuena, eta haren mundu ikuskerak, haren figurak eta haren obrak arrasto ugari utzi ditu, txalupek itsasoan uzten duten uberaren modukoa. Urmuga ere ari da bere lorratza uzten. Urmuga kultur elkarteak duela bost urte ekin zion musika emanaldiak eta mendi ibilaldiak uztartzen dituen ekinaldi sorta antolatzeari, eta bi aldiren ostean, ekitaldi laburragoak txandakatzen hasi zen: Urmugaren Urtanta. Aurten, bada, xumeagoa tokatzen da, tantatxoa, baina bere txikian «ederra, berezia, originala eta magikoa» izango da. Basterretxearen uberan ibiliko dira, artistaren jaiotzaren ehungarren urteurrena hartuko baitute ardatz.

Migel Zeberio hitz egiten hasi orduko paumak lumak zabaldu ditu. Et Incarnatus Orkestraren doinuak entzutean, berriz, kantuka hasi da, kur-kur. Donostiako Kristinaenea parkean eman dituzte gaur goizean uztailaren 22tik 28ra egingo dituzten lau ekitaldien xehetasunak. Alaitz Artolaren Ikusezin kantak ederki laburbildu du ekinaldiaren arima: «Itzal artetik gailurretara joango gara, gidatuko gaituen mapa bihotzarena bada».

Urtantak, bada, hainbat herri, ibar, tontor eta bazterretara eramango du musika aurten ere. Zeberiok, Urmuga kultur elkarteko eta Et Incarnatus orkestraren zuzendariak, azaldu du «herritik sortutako» egitasmoak euskal artista handi bati egin nahi izan diola gorazarre aurten: «Basterretxea omenduko dugu, eta haren bizitzan inportanteak izan diren parajeetatik ibiliko gara: Hondarribia, Arantzazu [Gipuzkoa], Bermeo, Bakio [Bizkaia]... Ikuskizun propio bat sortu dugu haren kosmogonia ardatz hartuta. Diziplina ezberdinetako artistek hartuko dute parte ikuskizun hunkigarri honetan». 

URMUGA PRENTSAURREKOA
Urmugako Urtantako antolatzaileak eta babesleak, Donostiako Kristinaenea parkean. URMUGA

Hondarribian eta Arantzazun uztailaren 22an eta 23an estreinatuko duten emankizunari erreparatu dio musikariak. Donostiako Orfeoiak ere parte hartuko du bi emanaldi horietan, eta, horretarako, errepertorio berezi bat prestatu dute, euskal kanta zaharrak eta ezagunak konposizio berriekin tartekatuz. Jon Esnaola konpositore gazteak sortutako piezak goraipatu nahi izan ditu Zeberiok: «Konpositore emergentea da, gaztea, eta tolosarra, eta goraka ari da, gora eta gora».

Kosmogonia ardatz

Basterretxeak bizitoki izan zuen herrian egingo dute aurreneko kontzertua: Hondarribiko Arma plazan. Biharamunean Arantzazu izango da eszenatokia. Emanaldi horrek xarma berezia izango du; izan ere, euskal kulturaren topaleku aitzindari hori sinbolismoz beteta dago. Basterretxeak bertako kriptan marraztu zituen euskal mitologiatik kristautasunerako ibilbidea azaltzen duten hemezortzi muralak. Paretetan poemak ere idatzi zituen, eta koloreak erabili zituen bere mezu propioa helarazteko. Monika Basterretxeak, artistaren alabak, esker hitzak izan ditu aurtengo ekinaldia aitari eskaintzeagatik. Poema labur bat irakurri du, esker onez, ura aipatuz: «Agian, pauso bakoitzak, nostalgiaz beteko ditu mendiak. Eta norberaren barne paisaia, irmoki urtuko da. Orduan, zerua, gugana gerturatuko da, ukitu arte».

Basterretxearen jaioterrian, uztailaren 25ean egingo duten ekitaldiak artistaren erreferentziazko bi obra ezagutzeko aukera emango du. Bermeoko kasinoaren alboan dauden kosmogonia serieko hemezortzi eskulturen parketik abiatuko den mendi ibilbideak beste geldialdi bat egingo du artistaren beste eskultura batean; Matxitxakon (Bizkaia) gudarien omenez egindako obran, alegia. Maruritik (Bizkaia) ere abiatuko dira mendizaleak egun horretan, eta gauzatu ez zuten proiektu baten berri izango dute horiek: Lemoizko zentral nuklearra dagoen lekuan artistak egin nahi zuen kultura eta zientzia zentroa. Bakioko Jata askaldegian egingo dute bat bi zeharkaldiek, eta, bertan, euskal abeslari ezagunek kontzertu bat egingo dute arratsaldean.

URMARA PRENTSAURREKOA
Migel Zeberio ekitaldia aurkezten, atzean Et Incarnatus Orkestrako kideak dituela. ANDONI CANELLADA / BERRIA

Aralarko tontorren abaroan izango da azken ekitaldia, Mailopean. «Felipe Uriarteren bizitokian», zehaztu du Zeberiok. Uztailaren 28an ere natura eta musika uztartuko dituzte, sei bidetatik iritsiko baitira mendizaleak Gaintzara (Gipuzkoa). Uriarte, prentsaurrekora joateko egin duen ibilbide bitxiaren xehetasun txikienen berri eman ostean, pozarren agertu da aurtengo ekinaldiarekin: «Ekinaldi honek naziogintza eta kultura uztartzen ditu, artea herri txikietara eramanez, eta erabat egokia da aurten euskal artea modernitatera eraman zuen artista omentzea. Basterretxearen bi ezaugarri nagusiak modernitatea eta antifaxismoa izan ziren, eta bizi ditugun garai hauetan inportantea da haren mezua helaraztea». 

Xalbatore Mitxelenaren bertso txiki bat errezitatuz amaitu du agerraldia mendizaleak: «Zuk zer dezu, Arantzazu, amets-kabi, otoitz-leku? Euskal Herria oso-osorik, kantari dihoakizu». Paumak beste urru bat bota du.

BERRIAren babesa

Urmugak eta Urtantak hainbat erakunde eta eragileren babesa dauka, tartean BERRIArena. Ainara Lasa BERRIAko Marketin arduradunak bi hitzetan azaldu du zergatik babesten dituen egunkariak horrelako «ideia zoroak»: «Urmugak hizkuntza, kultura eta herria ditu ardatz, gureak ere badiren ardatzak, eta inportantea da herri ikuspuntutik ekinaldiak garatzea, eta ez bakarrik garatzea, baizik eta garen hori munduari ere kontatzea, eta gure hizkuntzan kontatzea. BERRIAk hor eginkizun bat betetzen du». 

Topagune bat ere bada Urmuga. Lasaren hitzetan, «herria sortzeko eta birsortzeko» topagunea, eta badira ekinaldia definitzeko adiera gehiago ere. Maddi Aranak Et Incarnatus Orkestrarentzat Urtantak duen esanahia azaldu du: «Guretzat amets inposible bat zen, baina amets inposible bat izateko, jada bosgarren urtea izango da. Guretzako arnasa da. Lan handia dago atzean, baina pozarren ibiltzen gara. Hemen gaude berriz ere, eta espero dugu aurten beste urteetan bezain polita izatea». 

Paumak kur-kur egin du beste behin.

Ekitaldiak

  1. Aurreneko emanaldia magikoa izango da. Hondarribiko Arma plazan, 22:30ean, artistaren bizitokia izan zen herrian, haren eskulturatik gertu, haren kosmogonia eta mundu ikuskerari musika jarriko diote hainbat artistak. Et Incarnatus Orkestrak eta Donostiako Orfeoiak errepertorio berezi bat prestatu dute. Migel Zeberio Urmuga kultur elkarteko kideak eta musikariak zuzenduko du ikuskizun ahaztezin hori.

    Titika Rekalt arituko da aurkezpen lanetan, eta emanaldian eskultorearen iruditeria mitologikoa marraztuko du Asisko Urmenetak. Maika Etxekoparrek ahotsa jarriko die Jon Esnaola konpositore gazteak egindako doinu xume bezain intimoei. Xabi Lozanok argiekin ikuskizun propio bat egingo du.

    NESTOR BASTERRETXEA - 'ZINBAUE'
    Nestor Basterretxearen 'Zinbaue' erakusketa, Hondarribiko Arma plazan.

     

  2. Arantzazun egingo dute bat uztailaren 23an hiru lekutatik abiatuko diren mendi ibilaldiek. Urbiatik iritsiko dira elkarrekin mendizaleak basilikara. Bertan kontzertu bat izango da, 19:30ean, bezperakoaren haritik, baina egun horretan beste efemeride bat ere izango dute gogoan: Bitoriano Gandiagaren Hiru gizon bakarka poema liburuaren argitalpenaren 50. urteurrena. 1974. urtean argitaratu zuen poetak olerki sorta hura. 

    Jakin aldizkariaren sortzaileak ere omenduko dituzte: Paulo Agirrebaltzategi eta Joxe Azurmendi. Zegamatik (Gipuzkoa) goizean abiatuko den mendi ibilbideak sinbolismo berezia izango du; Azurmendi herrikidearen omenezko ekitaldia egingo baitute bertan, ibilaldia hasi aurretik.

    ARANTZAZUKO APOSTULUAK
    Arantzazuko basilikako apostoluak.

     

  3. Basterretxearen sorterrira gerturatuko da hirugarren proposamena; Bermeoko paraje ederretara, alegia. Bakioko Jata askaldegia izango da uztailaren 25ean egingo dituzten bi mendi ibilaldien topagunea, baina zeharkaldietan artistaren obrarekin zerikusia duten geldialdiak egingo dituzte. Mundakatik (Bizkaia) abiatuko da ibilaldietako bat. Bi geldialdi egingo dituzte: kosmogonia parkean bata, eta gudarien omenez egindako eskulturan bestea, Matxitxakon. Maruritik Lemoiz kulturgune bilakatzeko artistaren proiektua ezagutu ahal izango dute. 

    Helmugan kontzertu bat izango da, 18:00etan. Eñaut Elorrieta, Idoia Asurmendi, Anje Duhalde, Olaia Inziarte eta Xabier Leturia arituko dira Et Incarnatus Orkestrarekin.

    MATXITXAKO - BASTERRETXEA
    Gudarien omenezko eskultura, Matxitxakon. BERRIA

     

  4. Nafarroako Araitz ibar berdean egingo da azken ekinaldia. Aralarko Mailopeak izango dira kontzertuaren eszenatokia. Gaintza herrian elkartuko dira egun horretan mendizaleak. Berez, sei bidetatik iritsiko dira kontzertuaren tokira. 

    Bakion egindako emanaldiaren bidetik joango da Gaintzakoa. 18:00etan hasiko da musika. Et Incarnatus Orkestra Euskal Herriko hainbat artistarekin batera arituko dira: Eñaut Elorrieta, Idoia Asurmendi, Anje Duhalde, Olaia Inziarte eta Xabier Leturia, hain zuzen ere. Et Incarnatus Orkestra 1996an sortu zuten, eta maiz egin izan dituzte kontzertuak naturan, besteak beste udako solstizioan. Felipe Gorriti musikariaren omenez eratu zuten taldea.

    GAINTZA - URMUGA
    Migel Zeberio eta Felipe Uriarte, Gaintzan.

     

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.