Ezarian. Basoko lanak

Basoa lantoki

Asko izan ziren garai batean oihanera lanera joan ziren euskaldunak, eta bizia da oraindik haien oroitzapena herri askotan. Arantzan, esaterako: gazteen erdiak izan zituen basoan duela hamarkada batzuk.

Euskal Herritik Frantziara, Alpeetara, basoan lanean aritzera joandako zenbait gizon, atseden une batean. BINGEN AMADOZEK UTZIA.
Inigo Astiz
Arantza
2012ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Suitza, Frantzia eta Italiara heldu zirela esan liteke, baina zuzenagoa da Alpeetara edo Pirinioetara heldu zirela esatea, ziur aski. Herriak baino gehiago, basoak ezagutu zituzten haraino heldutako basomutilek. Izan ere, asko izan ziren garai batean oihanera lanera joandako euskaldunak. Sasoika aritzen ziren. Negua bukatze bidean joan, negua heltzean itzuli. Etxetik hurbilago batzuk, urrunago besteak, aizkoraz batzuk, motozerraz besteak, baina denak gerizpe latzean. Oraindik ere bizia da basomutil izandako haien memoria herri askotan. Gazteriaren erdia basoan izan zuten zenbaitek, harik eta lanbideak behera egin eta fabrikak agertzen hasi ziren arte. Arantzan (Nafarroa), adibidez, nabarmena da iragan haren presentzia.

Nahikoa da Pantaleon Errandonearen eskuei begirada bat ematea, haren lanbidea asmatu ahal izateko. Gorputzak ere badu bere memoria, eta arantzar askorena bezala, oihanarekin lotuta dago Errandonearena. Hamabost urte bete berritan joan zen lehenengoz oihanera. Sukaldari mutil gisa aritu zen lehenengo urte hartan, eta aizkora eta arpanarekin hamazazpi urtez geroztik. Gogoratu duenez, ezkutuan egin behar izan zuen Iratirako lehenengo bidaia. «Mandoekin eraman genituen gauzak, eta elurra egin zigun bidean; martxoaren 9a zen. Zubirik ez zegoen muga gurutzatzeko, eta arbola handi bat bota behar izan genuen erreka gurutzatzeko. Haren gainetik pasatu ginen beste aldera. Erdi legez kanpo egin genituen bi denboraldi han. Taula zahar batzuekin egindako etxola baten azpian egiten genuen lo bederatzi lagunek».

Eguzkia zuten erloju. Goizean hasi eta gauera arte aritzen ziren lanean, eta lanbide latza zenik ez du ukatzen. Ez da mingostasunez mintzo, ordea. «Hori ikusi genuen, hori ikasi genuen, eta horretara egin ginen». Arantzan saila izan ziren oihanerako bidea hautatu zuten gazteak. Hori zen diru pixka bat egiteko bide bakarrenetariko bat mutilentzat: edo Amerika edo basoa. Hoteletan zerbitzari aritzen ziren herriko neskak, eta, beraz, ezinbestean isilik egoten ziren herriko kaleak udan. Gaztez husturik. Ehundik gora mutil joan omen ziren lantegira urte batez herritik. Bederatzi bat hilabete egiten zituzten kanpoan. Iratin egon zen lehenik Errandonea, Gorbeian gero, Artikutzan, eta Frantzian ere bai, azkenik. Papergintza enpresa batentzat aritu zen han, bederatzi urtez.

Arriskuko lana

Hobekuntzak ere ikusi zituen han. Mandoekin hasi eta kamioi eta garabietara, aizkorak zorroztu beharretik motozerrei erregaia bota behar izatera. Arriskua bakarra eta bera. Lagun bat hil zitzaion oihanean Errandoneari, eta anaia bat ere bai gero. Zuhaitz batek azpian harrapatu zuen laguna, 22 urterekin. Anaia, gaixotuta hil zitzaion. «Sabelean mina zuela esaten zuen. Mina zuela eta mina zuela. Medikuek ez zioten igarri zer zuen, eta han hil zen derrepentean, 25 urterekin». Gogoan ditu minak, ebakiak eta zauriak ere.

Ez dira kasu bakanak. Antzeko kontuak ditu mendian aritu den orok. Auspoa argitaletxeak argitaratutako Baso-mutillak izeneko liburuan ere heriotza bat kontatzen dute Jose Manuel Arrizabalo eta Antonio Zabalak. «Irati mendi orretan mutil bat hil zitzaigun suerte txarrez. Naparroako Sunbilla'koa zan; ogei ta bost urtekoa. Izena, Pedro; apelidoa, Larralde. An ari giñan lanean, pagoak bota ta moztu, ta adarrak kendu ta zuritzen. Sunbillako il zitzaigun mutilla ere, antxe nere gertuan. Goitik libratu zan adar zar igartutako bat eta arek jo zuan buruan, da seko illa geratu zan».

1962an heldu zen Esteban Irigoien apaiza Arantzara, eta zortzi urtez izan zen herrian. Herriaren zati handi bat basoan zuela ohartu, eta berak ere basora joan behar zuela erabaki zuen. Igandeko giroa gogoratzen du, adibidez: «Urrian heldu nintzen ni, eta igandeetako dantzaldietan dantzarako mutilik ere ez zegoen. Neskak bai, baina mutilik ez. Eta udanneskak ere hoteletara joaten ziren zerbitzari. Udan, hura linboa zen udan!». Bigarren urtean gehiago ezin, eta mendira joan zen, neguan baino ikusten ez zituen gazte haien bila. Elizako lana bai, baina gizarte lana egin nahi zuen. «Esklabo bizitza zen hura», dio. «Mutilak zeuden toki guztiak bisitatu nituen. Italiako mugara ere heldu nintzen behin, 4.000 kilometro eginda! Laurehun euskaldun ikusi nituen orduko hartan Frantziako mendietan. Non ari ziren eta zer lan egiten zuten ikustera joaten nintzen, eta paper, aseguru eta gisakoak nola zituzten jakiteko».

Irratia ere jarri zuen herrian Irigoienek. Euskaraz aritu ziren bertatik bost urtez, eta Poliziabehin baino gehiagotan saiatu zen hura ixten. Alferrik behin, alferrik bitan, alferrik... Alferrik, harik eta, azkenean, itxi zuten arte. Basomutilen mesedetan ere erabili zuen tresna hura apaizak. Herriko jendearen hitzak magnetofonoan grabatu, eta basora eramaten zizkien, etxekoen ahotsak entzun zitzaten. «Negarrez ikusi ditut haietariko hamaika».

Arantzan eman zituen urteetan hobera egin zuen egoerak, Irigoienek gogoratu duenez. «Baba baino ez zuten jaten hasieran, eta gero hasi ziren barazkiak ere jaten, adibidez. Aizkora eta arpanaren lekuan, motozerra hartu zuten, azkenerako, eta nik uste hobetu egin zela haien bizimodua. %80 batean egin zuten hobera jan moduek, lan moduek eta irabazi moduek». Maiz, kontseilari modura ere aritzen zen apaiza mutil eta nagusien artean. Anekdotak ez zaizkio falta.

Bat gogoratzen du bereziki. Osasuna eta sosen inguruko parabola moduko bat. «Behin mutil batek bihotzeko arazoak zituela esan zidan medikuak, eta nik harekin konfiantza banuenez, harekin hitz egiteko eskatu zidan. Oihanera joanez gero arriskuan egon zitekeela esan nion, baina ez nuen lortu hura herrian gelditzerik. Beldurrak pasatu nuen urtea, eta Gabonetan herrira etortzean deitu egin ninduen. Isilka esan zidan bi milioi pezeta ekarri zituela sakelan, eta niri kasu eginez gero ez zuela batere izango. Joan egin ziren haren eritasun guztiak, eta oraindik bizi da!». Fabrikak hastearekin amaitu zen hori guztia. Jendea basora beharrean, lantokietara joaten hasi zenean.

Baso mina

Basoak markatzen zuen egutegia Arantzan. Lanak ospakizunerako tarte bat ere ematen zuen. Neguan, herrira itzulita, festa egiten zuten basomutil aritutakoek urteko kontuak egiten zituzten egunean. Bertsolariak izaten ziren, aizkolariak eta bazkaria. Basomutilak urrituz joan ahala, ordea, festa ere galdu zen, harik eta 1984an ohitura berritzea erabaki zuten arte. Aterpe jatetxekoek hartu zuten berriz ere Basomutilen Eguna antolatzekoardura. Errege Egunean ospatzen dute orduz geroztik. Xabier Zugarramurdi da antolatzaile aritzen direnetariko bat. Berak ere mendimutil aritutakoak ditu senideak, eta ezagutzen ditu lanbidearen nondik norakoak. «Herriaren parte da mendimutilen historia», dio.

Soinean darama iragan hori Errandoneak. Eskuetan, nabarmen, eta gogoan, sotilago. Bizitako trago txarrak gorabehera, nostalgia puntu bat ageri dute haren hitzek. Aizkorak eta basoak utzita, fabrikan lanean hasi zenekoa kontatzen hastean, adibidez. Baso mina dei daitekeenaz mintzo da Errandonea. «Gaizki pasatu nuen fabrikan lehen hamar urteetan. Sufritu egin nuen. Lagunak mendira joaten ziren, eta ni hemen gelditzen nintzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.