Basoa ezagutu ahal izateko gida

Basoekiko harremana eten delako kezkatuta, Aranzadik 'Gure basoak' ondu du. Baso motak identifikatu ahal izateko argibideak ematen ditu liburuak, eta habitaten ezaugarriak azaltzen ditu ilustrazioen bidez. Gipuzkoako basoetan dago oinarrituta, baina Euskal Herri osorako balio du.

amaia igartua aristondo
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Ordenatuta al daude inguruko arbolak? Helduek azal leuna dute ala ez? Erreka bazterrean daude edo handik urrun? Eta nolakoak dira zuhaitz nagusiaren hostoak? Iletsuak, gingildunak...? Aranzadi zientzia elkartearen Gure basoak liburukoak dira itaunketok, eta basoaren, hau da, habitataren identifikazio azkarra dute helburu. Behin jakinda baso mota zein den, hari dagokion atalean aurki daitezke horren inguruko xehetasunak, hala teknikoak nola itxurari dagozkionak.

Izan ere, Gipuzkoako harizti, pagadi, artadi, amezti eta haltzadien kolore eta formak aise islatu ditu Raul Dominguez Pazok. Eta hori da liburuaren «baliorik handiena», Mikel Etxeberria Aranzadiko botanikoak aldarrikatu duenez: «Espezieak identifikatzea oso gai konplexua izaten da, baina, kasu honetan, ilustrazioei esker oso erraza da lizar bat pago batetik bereiztea». Botanikaz gutxi dakitenei zuzenduriko liburua da, baina badago gehiago edo gutxiago sakontzeko aukera, baso motak identifikatzeko azaleko giltzarrietatik harago datu andana biltzen baitu liburuak; esaterako, zuhaitzen orrien tamaina. Dena den, landareei buruzko informazioaren zati handia marrazkiek dakarte.

Ondorioz, «behin eta berriro findu beharreko» lana izan da ilustrazioena, Dominguez Pazok azaldu duenez:«Landare bakoitzak berezitasun adierazgarriak ditu, eta batzuetan detaileak txikiak edo oharkabeak izan daitezke, baina, halere, espezie oso antzekoak bereizteko balio dute». Aurrena, landareen ñabardura horiek guztiak biltzen zituzten zirriborroak bidali zizkien botanikoei. Hurrena, haien zuzenketak aplikatu ondoren, behin betiko marrazkiak ondu zituen. Azkenik, jada finkatutako forma horiei kolorea aplikatu zien. Ez da erraza izan. Batetik, landareen aniztasunak zaildu dio lana: «Askotarikoak dira ehundurari, hazteko erari edota distirari dagokionez. Eta nik hori bi dimentsiotan islatu behar izan dut, tranpa bisualak erabiliz sarritan». Bestetik, liburuaren muina habitatak dira, eta horietatik abiatuta ezagutzen joaten dira espezie konkretuak; hala, baso mota bakoitzaren erretratu orokorrak ere landu behar izan ditu: «Ekosistema oso bat laburtu behar izan dut irudi batean. Elementu pila bat orkestra batean bezala kokatu ditut, begi kolpe batean aniztasun hori harrapatu ahal izateko».

Basoak ezagutu, bisitatuz

Gure basoak parte hartze aktibo batera bideratuta dago. «Zikintzeko liburua da», Etxeberriaren ustez. Galdetegiari erantzuteko edo ilustrazioak benetako landareekin alderatu ahal izateko basora joan beharra dago, eta hori da liburuaren helbururik behinena, Aranzadiko botanikoak dioenez: «Jendea basoetara joan dadila nahi dugu, mendiguneak ezagut ditzala. Ezagutzeko mugitu beharra baitago».

Botanikaren arloa ezagutarazteaz gain, ordea, liburuaren sorrerak izan du beste akuilurik ere. «Ikusi genuen arazo handi bat dagoela gaur egungo gazteak eta helduak ez direlako gai paisaia naturala interpretatzeko, ezta espezieak identifikatzeko ere». Bi belaunaldiko kontua izan dela dio Etxeberriak, eta «urbanizazio prozesuari» egotzi dio egoera. «Jendea hiriguneetan mugitzen da gehienbat, eta, beraz, transmisio kate hori eten egin da».

Hausturaren hari muturrak berriro lotzera dator Gure basoak. Eta, nahiz eta tituluak Gipuzkoako basoei egin erreferentzia, haien inguruan esaten den «%90 edo 95» Euskal Herri osorako baliagarria dela argitu du Etxeberriak. Alegia, Aranzadiren liburuari esker ezagutu daitezke baita «Bizkaiko, Iparraldeko hiru probintzietako eta Nafarroa iparraldeko» basoak ere.

Liburua BERRIA dendan eros daiteke. BERRIAlagunek 15 euroan eros dezakete: (https:// www.berria.eus/berrialaguna/denda/).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.