Basoa babesteko margoa

Picassoren 'Gernika' koadroa margotu dute Zilbetiko Antzeri pagadiko enborretan zenbait herritarrek, inguru horretan egin nahi duen harrobiaren aurkako protesta gisa.

Zilbetiko Antzeri pagadian inguruko zenbait herritarrek margotu duten Gernika koadroaren irudi bat. ALDUIDE KOORDINAKUNDEA.
Inigo Astiz
Zilbeti
2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Salaketa modura margotu zuen Pablo Picasso margolariak Gernika koadroa, Espainiako Errepublikako Gobernuak eskatuta. Eta horregatik hautatu dute margolan hori Alduide Koordinakundeko kideek Zilbetiko Antzeri pagadirako (Nafarroa). Salaketa asmoagatik. Gauez aritu dira lanean, proiektore baten laguntzaz eta enborrez enbor. Zuhaitzaren azal bihurrietan irudikatu dute irudi laua. Hiru dimentsiotan: 20 metro zabal, 8 metro luze eta 20 metro sakon. Perspektibari eustea izan da zailena, eta puntu jakin batetik baino ezin da osorik ikusi. Europak babestutako naturgune batean dago basoa, Berezitako Babes Eremu batean. Babes hori nahikoa izango ez ote den beldur dira, ordea, inguruko herritar batzuk. Ez da funtsik gabeko kezka. Bada denbora Magnesitas de Navarra (Magna) enpresak han harrobi bat egiteko asmoa azaldu zuela, eta horregatik egin dute koadroa. Proiektuaren aurkako protesta gisa.

Ez da behin betiko margoketa. Margo naturalak erabili dituzte irudia egiteko, eta hilabete batzuetan euriak, elurrak eta denborak ezabatuko ditu haren arrastoak. Ez diote margolanari eutsi nahi, basoari baizik. Jose Javier Villanueva koordinakundeko kideak eman du azalpena: «Picassok margotutako haserre oihu hori da baso honen laguntza oihua». Orain urte bete eraman zituzten hondeamakinak Alduide mendira lehen zundaketak egiteko, eta bizitu egin zituen horrek lehendik ere bizi ziren protestak. Bere proiektua ere aurkeztu zuen Magnak, eta haren aurkako helegitea jarri zuen Alduide Koordinakundeak, eta auzitegian da gaia une honetan. Koordinakundeak salatu du legeak dioenez Berezitako Babes Eremuetan ezin dela harrobirik egin, eta, beraz, Nafarroako Gobernuak eta auzitegiak bertan behera utzi behar lukete proiektua. Horregatik, basoaren alde presio egiten jarraituko dutela diote.

SEO-BirdLife talde ekologistak ere bat egin du ekimenarekin. Ramon Elosegik hartu du hitza: «Oso ideia ona iruditu zitzaigun. Ikur bat da. Natur ondarea defendatu nahi dugu. Askorentzat horixe da daukagun ondare bakarra». Antzera mintzo da Rakel Martinez aurizberritarra ere. «Laztura irudikatzen du Picassoren koadroak. Txikizioa. Eta hemen ere hori da egin nahi dutena». Nafarroako Gobernuari sentsibilitatea eskatu dio Gabriel Ernaga Erroko zinegotziak. «Txikizio bat da hau, baina ez da soilik Zilbeti. Aurizberriko Mendiaundi izeneko eremuan ere Silice Navarra enpresak harrobi bat egin nahi du. Gobernuaren hitzetan, Pirinioa da Nafarroara bisitari gehien ekartzen dituen hiru guneetariko bat. Bada, hemen Pirinioetan gaude. Onartzen dute aberastasun hau, baina txikitu egin nahi dute».

Gernika Zilbetin, Zilbeti Gernikan

Ez da margoketa izango harrobiaren aurkako ekimen bakarra. Larunbatetik aurrera zuhaitzak «adopzioan» jarriko ditu koordinakundeak, eta lanean jarraitzeko baliatuko dute dirua. Auzitegietako gastuak ordaintzeko, adibidez. Argazki lehiaketa bat ere egingo dute, eta inguruko ikastetxeetako ikasleentzako bisitak ere izango dira. Basoa eta margolana erakutsiko dizkiete.

Elkartasun keinu gisa, Antzeriko basoko bi pago txiki ere eramango dituzte Gernikara (Bizkaia), han landa ditzaten. Joan etorrikoa izango da harremana. Gernika izango da Zilbetin, eta Zilbeti ere bai Gernikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.