Bilboko Aste Nagusia. Gure txokotik

Baserritik hirira: Bilbora

«Baserria Bilbora hurbiltzeko asmoz», Lurraren Eguna ospatu du Euskalgunean Eguzkizaleak konpartsak

Baserritik hirira: Bilbora.
Bilbo
2013ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Parranda eta festa usainak baserriko lurrinari pasatu zion lekukoa atzo, Euskalgunean. Azoka izan zen protagonista, Aiaraldea eskualdeko ekoizleen azoka. Baina ez hori bakarrik, egun berezia izan baitzen Eguzkizaleak konpartsak antolatu zuena: Lurraren eguna, hain zuzen.

Nahiko txikia izanagatik, azokak eskaintza zabala zeukan. Barazkiez gain, landareak eta esnekiak ere topatu zitezkeen; baita artisautza produktuak ere: saskiak zein eskuz eginiko arropa. «Baserri mundua Bilbora ekarri nahi izan dugu», azaldu zuen Iratxe Garrido Eguzkizaleak konpartsako kideak. Hura arduratu zen, azoka bitartean, Lorezaintza tailerra egiteaz. Bereziki, haurretzako jarduera izan zen, «baserri munduarekin kontaktuan jar daitezen». Izan ere, konpartsa kidearen arabera, haurrek gutxi ezagutzen dute baserri mundua: «Batzuetan badirudi erosten ditugun elikagaiak supermerkatuan bertan sortzen direla». Elikagaiek «bizitza ziklo bat» igarotzen dutela erakustea zuten, beraz, xede nagusia.

Eguzkizaleak konpartsaren txosnaren dekorazioa oso aproposa da egokierarako. «Baratze bertikal» deritzona jarri dute, paretak landare eta barazkiz beteaz. Hori nola egiten den azaltzea izan zen tailerraren beste helburuetako bat.

Txosnetako marmelada

Lorezaintzaren tailerrari beste bat batu zitzaion: marmeladen ingurukoa. Bertaratu ziren haur zein helduek marmelada nola egiten den ikasi zuten, eta gero aukera izan zutenale bat etxera eramateko. «Haurrei baserriko oinarrizko produktuekin gauza osasuntsu eta zaporetsuak egin daitezkeela erakustea da ekintza horren helburua», azaldu zuen Mikel Cormenzana antolatzaileak, marmelada egiteko erabiliko zituen sagarrak egosi bitartean.

Euskalguneko egitarauan bazkari legea bete zuten, eta arratsalde-gau parterako barazki usainak lekukoa pasatu zion berriz ere festaren lurrinari. Gaur ere izango da zer gozatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.