Baserritarren zaindariak

Mungiako baserritarrek egun seinalatua ospatu dute: alde batetik, San Isidro eguna izan delako, eta, bestetik, izen bereko kooperatibak ehun urte bete dituelako.

Prozesioa egin zuten atzo Guadalupen, Hondarribian. BERRIA.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Mungia
2014ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Mungiako (Bizkaia) Isidro Deuna kooperatiban ez da santurik izango, baina azken ehun urteetan horietako askok baino laguntza handiagoa eman diete kooperatibistek baserritarrei. Maiatzaren 15ean, San Isidro ospatzen da Euskal Herriko hainbat txokotan, baserritarrei laguntza ematen diela sinisturik. Hala ere, atzokoa egun berezia izan zen Mungiako kooperatiba horretan, urteroko elizkizunez gain, beste ospakizun bereziago bat ospatu baitzuten: Mungiako Sindikatua gisa ezagunagoa den elkarteak ehun urte bete ditu aurten, inguruko baserritarren babesean.

Mende bat igaro da 1914 urrun hartan Sindicato Catolico Agricola de Mungia eratu zutenetik, baina hango kideekegoera berrietara egokitzeko ahalegina egin dute denbora luze horretan. Eraldatzeko ahalmen horren isla da 2001az geroztik Mungia kanpoaldean eraiki zuten egoitza modernoa. Egoitza horretan bildu ziren, hain zuzen, Iñigo Urkullu lehendakaria eta beste hainbat agintari atzo. Lehendakariak han egon nahi izan zuen, «urte luze hauetan egindako lanagatik zoriontzeko».

Jon Bilbao baserritarra sindikatuaren egoitzan zer gertatzen ari zen ikustera bildu zen. Bilbao hango bazkide da aspalditik, eta, makila eskuan, agintariek egiten zituzten adierazpenak entzuten ari zen kristal baten atzetik. Arrietan du baserria, Uribe eskualdeko hiriburutik Gernikara bidean, eta aspalditik joan ohi da San Isidrora. «Duela berrogei urtetik erosten dut hemen abereentzako jana, beste leku batzuetan baino merkeagoa delako. Baserritarrei gauza asko ekarri die kooperatiba honek, eta, alde horretatik, gauza onak baino ez ditut entzun». Hala ere, orain arte lortutako indarra gal daitekeen susmoa du Bilbaok: «Badakizu baserriaren gaia nola dagoen... Baserritarrak gutxituz goaz. Nagusiak garenak geroz eta gutxiago gara, eta gazteek ez digute erreleborik ematen. Hori guztia igarri egiten da, normala denez».

Etor daitezkeen garai txarrei begira egon gabe, atzoko eguna orain arte egindako lana goraipatzeko erabili zuten. Lehendakaria heldu aurretik, kooperatibaren alde lan egin zutenen aldeko otoitza egin zuten bertaratutakoek. Aurpegi gazte gutxi ikus zitekeen goizean eginiko ekitaldietan. Mezaren ostean, agintariek hitzaldiak egin zituzten, eta, bukatutakoan, Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas dantzariek arin-arin eta fandango erakustaldia egin zuten. Goiza bukatzeko, herri bazkaria prestatu zuten egoitzan bertan.

Mungiaz gain, beste herri batzuek ere ospatu zuten San Isidro eguna. Hondarribia horietako bat izan zen. Guadalupeko Amabirjinaren ermitak jaso zituen goizean egindako ekitaldiak. Egun osoan, elikadura azoka egin zuten han.

Horrez gain, goizean, prozesioa eta Aitor Mendiluze eta Beñat Lizaso bertsolariekin bertso saioa antolatu zuten. Herri bazkariaren ondotik etorri ziren bertsolariak, aizkolariak, harri-jasotzaileak (Joseba Ostolaza eta Josetxo Urrutia) eta harri zulatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.