Ezarian. Euskal Jaiak Zarautzen

Baserritar giroa, eguzkipean

Euskal jaietako egun handia eguraldi bikainarekin ospatu dute zarauztarrek, baserritar jantzi dotoreenak soineanIñurritzan, trikitilari, dultzainero eta txistularien laguntzaz, erromeria egin dute

Goizean, Musika plaza izan zen festako gune garrantzitsuenetako bat. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Zarautz
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Baserritar jantzi dotoreenak soinean atera ziren atzo zarauztarrak kalera, euskal jaietako egun handiena ospatzera. Gipuzkoan jaieguna zela aprobetxatuz, jendetza bildu zen kostako herrian.

Goizean goizetik, herriko kuadrillek kaleak bete zituzten, edariz eta janariz jositako orgez lagunduta. Denetariko orgak egin zituzten: gazteenek supermerkatuko orga tradizionalak erabili zituzten, eta baserritik jaitsitako traktoreak bultzatutako orga handia erabili zutenak ere bazeuden. Azken horiei musika ere ez zitzaien falta izan. Bozgorailu galantaz hornituta, pasatzen ziren txoko bakoitzean giro bikaina sortzen zuten eta ingurukoak dantzan jartzen. Kuadrillakoa ez zen bat edo beste ere elkartuko zitzaien, ziur, kalejiran.

Goiztarra taldearekin hasi zen jai giroa; antzinako janzkeren eta bizimoduaren erakusketa izan zen, kalejira eginez. Pilotaleku txikiraino joan ziren kalejiran, eta han, esku pilota partida, herri kirol lehia eta bertso saioa egin zituzten.

Eguzkiak ere egin zuen bere betebeharra. Udarako beste edozein egun izan balitz, hondartza jendez lepo egongo zen; ez zen atzoko kasua, ordea. Oporraldia igarotzen ari ziren atzerritarrena bihurtu zen Zarauzko hondartza. Hala ere, bazen eguzki izpiek kiskalita freskatzeko asmoz itsasertzera bildu zen zarauztarrik ere.

Izan ere, eguraldia aparta izan zen, euskal jai ezin hobea ospatzeko. Txapelak gizonezkoen kaskezurra eguzkiaren berotasunetik babesten zuen, eta emakumezkoek gona belaunetik gora altxatzen zuten beroari aurre egiteko asmoz.

Eguerdi aldean, Musika plaza jendez gainezka zegoen, erromerian dantza egiteko prest. Ohi den bezala, taloak eta txakolina ere presente izan ziren bertan. Bi trikitilari eta bi pandero jotzaileren eskutik zetozen doinuek hankaz gora jarri zuten plaza. Eskutik helduta, adin guztietako herritarrek bat egin zuten eta kalejira erraldoi bat osatu zuten. Aitona-amonak, seme-alabak eta gurasoak zeuden bertan. Noski, fandango eta arin-arinak ez ziren falta izan. Helduenek oraindik talentua eta dohainak dituztela erakutsi zuten, oin eta besoak abilki mugituz.

Behin indarrak xahututa, freskatzeko tragoa eta indarberritzeko jatekoa hartu zituzten plazan bertan. Gazteenek gaztetxe ingurura jo zuten, orga eta guzti, 15:00etarako prestatuta zeukaten bazkariaz gozatzeko.

Arratsaldeko bostetan, Musika plazan elkartu zen berriro jende andana. Handik, orga, trikitilari, txistulari eta dultzaineroek lagunduta, kalejiran, Iñurritza zelaira abiatu ziren, erromeria ospatzeko. Lizarrako Larrain dantzak ere bere lekua hartu zuen erromerian; dultzaineroen laguntzaz, ikuskizun polita izan zen.

Euskal musika nagusitu zen Zarauzko plaza eta karriketan, egun osoan. Irailaren 1ean hasi eta atzo amaitu ziren euskal jaiak, eta Euskal Herriko kulturaren aberastasunaren hainbat adibide eman dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.