Baserria zubi denean

Ongi Etorri Baserrira egitasmoaren beste ekitaldi bat egingo dute hilaren 7an eta 8an. Bizkaiko eta Gipuzkoako 25 baserriren ateak irekiko dituzte

Baserritarra haurrei arkumea erakusten, aurreko ekitaldi batean. A. CANELLADA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Landa ingurunearen eta hiriaren arteko zubigintza: horixe da Ongi Etorri Baserrira egitasmoaren helburua, ENBA nekazaritza elkarteak behin baino gehiagotan nabarmendu duenez. Eta zubi izaera horrekin egingo dute aurtengo ekitaldia ere, uztailaren 7an eta 8an, Bizkaiko eta Gipuzkoako 25 baserritan.

Landaguneko eta hiriguneko bi errealitate horiek «hurbiltzea» da asmoa. «Eta ate irekietako asteburuan gauzatzen da hori. Baserritarrek etxeko ateak irekitzen dituzte, interesa duen oro bertaratu dadin. Baserritarrak bizi diren parajeak, euren herrixkak, ogibideak eta ekoizten dituzten elikagaiak ezagutu ditzaten horrela», azaldu dute ENBAko arduradunek.

2014ko udan egin zuten lehen ekitaldia. Zortzi baserrietako ateak ireki zituzten orduan, eta 90 bisitarik hartu zuten parte. Geroztik, etengabe joan da handituz baserrien eta bisitarien kopurua. Iaz egin zuten berriro, pandemiaren etenaldiaren ostean, eta 25 baserritako ateak zabaldu zituzten orduan —beste horrenbeste izango dira aurten—.

Izena emateko azken egunak

Asteartea da izena emateko azken eguna. Egitasmoak badu bere webgunea, eta han eman behar da izena: www.ongietorribaserrira.eus. Ate irekien programa dago bertan jarrita, eta egun horretan ateak irekiko dituzten baserrien zerrenda ere bai ikusgai. Bakoitzaren berezitasunak ikusi eta gustukoa topatu ostean, hautatu egin behar da. Izena ematen duenak berehala jasoko du konfirmazioa. Eguna iritsitakoan—uztailaren 7an edo 8an—, aukeratutako baserrira agertu beharko du webgunean agertzen den kokapenean eta ordutegian.

Eta eguna heldutakoan zer? Baserritarrak bere baserrian jasoko ditu bisitariak, eta erakutsiko dizkie herria, parajea eta berarekin lan egiten duen familia. Azalduko die zer ekoizten duen, nola ekoizten duen, eta nola merkaturatzen duen. Bisitariek egindako galdera guztiei erantzuteko prest egongo da baserritarra. Bisitaren amaieran, elikagaiak dastatzeko aukera ere emango die bisitariei.

Kontsumitzaileak baserritarra bertatik bertara ezagutzea baita helburua zubigintza horretan, eta elikagaiak ekoizteko era ezberdinak ezagutaraztea. «Baserritarrek egiten duten lana balioestea, eta hirian bizi den kontsumitzailea baserritarra bizi den herrira eta auzora joanaraztea».

Ostiralean ateak irekiko dituztenak, Gipuzkoan: Antzuolako Lamariano Azpikoa, Amezketako Zuzitza, Asteasuko Bulano, Azpeitiko Premi-Etxeberri, Beizamako Oiarbi-Saletxe, Elgoibarko Mausitxa, Getariako Giez Berri, Urnietako Onddoak Otazu, Zeraingo Ariztizabal eta Txirbil, eta Zerain-Idiazabalgo Olabide eta Ondramuño. Bizkaian: Igorreko Urkitze.

Larunbatean ateak irekiko dituztenak, Gipuzkoan: Antzuolako Lamariano Azpikoa, Aretxabaletako Areantza Etxebarri, Beizamako Urkizahar, Donostiako Pokopandegi, Errezilgo Basabe Barrena, Oñatiko Gomiztegi, Ordiziako Arramendi, Urnietako Eula eta Adarrazpi, Zarauzko Baso Beltz, eta Zumaiako Xarrondo Behekoa. Bizkaian: Kortezubiko Olosaba, eta Loiuko Abaroa.

Ongi Etorri Baserrira

Uztailaren 7an eta 8an, 11:00etatik 14:00etara, Bizkaiko eta Gipuzkoako 25 baserritan. Izen ematea dohainik da, webgune honetan: www. ongietorribaserrira.eus. Telefonoz: 943-65 01 23
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.