Gloria Eskudero. Baserritarra

«Baserria beti existituko da; baikorra naiz horretan»

Bizitza osoa eman du baserrian Eskuderok; Errezilera ezkondu zen, eta euskara ikasle ugari jaso dituzte Keixeta baserrian, 40 urtez. Hernio du mendi kuttuna, koloretako zintak saltzen baititu bertan. Askatasunez eta beldurrik gabe bizi dela dio.

GORKA RUBIO / FOKU.
ane insausti barandiaran
Errezil
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hernioko gurutzea ikusten da Errezilgo (Gipuzkoa) Keixeta baserriko balkoitik. Bertan egoten da iraileko igandeetan Gloria Eskudero (Goizueta, Nafarroa, 1944), koloretako zintak, gurutzeak, zintzarriak eta abar saltzen. Baserrian bizi izan da betidanik, eta Errezilgo Keixeta baserrian hainbat euskara ikasle hartu izan dituzte apopilo. Etorri ahala heltzen die erronkei, ezeren bila joan gabe, aurreikuspenik gabe. Askatasuna da berea; «askatasuna, eta bizitzea».

Goizuetan jaio zinen; noiz etorri zinen Errezilera?

Baserrian bizi nintzen. Jatetxe batean egin nuen lan denbora pixka batez, Getarian (Gipuzkoa). Baina, orokorrean, bizitza guztia baserrian egin dut; animaliekin eta baserriko lanetik bizi izan naiz beti. Bai Goizuetan eta bai hemen. Ez zara gauzen bila joaten, sortu egiten dira gauzak bidean, zu bila joan gabe. Errezilgo pertsona bat zegoen Goizuetan lanean, eta harekin adiskidetasuna eta konfiantza nuen. Ibilian-ibilian, bidea egiten da, eta horrelaxe gertatu nintzen ni Errezilen.

Ondo hartu zintuzten hemen?

Errezilen zegoen seguru asko jarrita nire tokia, ni jaiotzerako. Hori pentsatzen dut nik. Hain ondo hartu ninduten, eta hain ondo nago... oso pozik sentitzen naiz Errezilen. Familian eta inguruan, oso ondo hartu naute. Baina Goizueta ere ez dut ahazten. Bat estima dezakezu, estimatua senti zaitezke, baina bestea ez duzu zertan baztertu.

Inoiz irudikatu al duzu zeure burua baserritik kanpo?

Ez dut aurreikuspenetan sinesten: ez dut pentsatu nola biziko naizen, hori egingo nuen, beste hura egingo nuen, non biziko nintzen... Nik ez dut hori egiten; datorrenari datorren bezala heltzen diot. Eguna egunari: gaurkoa bihurria izan da? Gaurkoa pasatuko da, eta bihar beste egun bat izango da. Gainera, gauza bat esango dizut.

Esan, esan.

Familiari buruz eta seme-alabei buruz. Jende askok pentsatzen du: «Nire semea izatea nahi dut, denetan azkarrena...». Horrek ez du balio. Izan dadila pertsona. Umeari lagundu egin behar zaio, baina utzi behar zaio umea izaten. Segituan ez dugu jarri behar gizonduta, ezta? Presaka bizi da jendea, eta niri horrek amorrua eman dit.

Presa horretatik kanpo bizi izan zara?

Gu baserrian bizi izan gara, egun batzuk izaten genituen derrigorrez lan egin beharrekoak, belarra zetorrelako, edo beste zerbait. Presa hori izaten zen soilik belarra ez zedin busti, edo horrelako kontuak. Baina hori egindakoan, lasaitasuna etortzen zen. Orain, ordea, aurrerapenak ekarri du presaka bizitzea, eta ni horren aurka nago. Aurrerapenak behar ditugu, baina...

Baina horrek ondorioak ditu, ala?

Baina horrek gauza asko esan nahi ditu, bai. Ondorioak ditu eta aurrerapenaren mende ez gaude. Diruaren morroi ez gaude, ezta neskame ere. Nik pertsona zentzuzko bati entzun nion aspaldi, Balentin Barandiaran apaizari, aurrerapenak behar direla gizarteari laguntzeko, ez alderantziz.

Mugak ere jarri behar direla, alegia?

Bakoitzak ikusi behar du hori. Beharrak ere guk jartzen ditugu. Batek izugarrizko gaztelua egin duelako, nik ere egin behar al dut? Zertarako? Nik bizi egin nahi dut, nirea bizitzea da. Ez dakit zenbat denboran biziko naizen, baina bizi egingo naiz. Askatasuna maite dut izugarri, geroz eta gehiago, eta estresak eta gauza horiek sutara bota behar ditugu.

Zer lan egiten duzu baserrian?

Aritu ginen esnea eta haragia egiten, txekorrak eta esnea ateratzen ziren. Oso urte politak izan genituen. Gero, etorri ziren osasun kontrolak, etorri zen araua, eta behartzen gintuzten kopuru jakin batzuk zehaztera eta mugatzera. Eta hori ezin da. 60 urte nituenean, utzi egin nuen. Semea ere lanera joan zen, alaba ere ezkonduta zegoen.

Eta orain?

Orain, ardi batzuk dauzkagu, oilaskoak, oiloak, txakurrak eta katuak. Eta, gero, sagarrondoak, sagarrak, fruta. Gerezia, harana, txermena... Gero, egiten duzu patata, ereiten duzu babarruna... Lurra daukagu, eta ahal dugun guztia egiten dugu: hasi baratzuritik eta beste gauza askotaraino. Bestela, erostera joan egin behar da. Guk, aldiz, baratzetik aterako dugu jana. Hori da nire ikuspuntua. Akaso oso urria izango da norbaitentzat, baina ni horrek betetzen nau.

Zu bakarrik aritzen zara?

Bakarrik nago, baina ez nago bakarrik. Nik mantendu egiten dut baserria, baina, gero, etortzen zaizkit semeak, ilobak eta lagunak. Baso lanak-eta egiteko agian pertsona bati ordaintzen diozu, baina baserrian, gaur egun, ez. Baserriak ematen du ematen duena; guk ez daukagu baserririk onenetarikoa, baserri koxkor bat da gurea. Baina mantentzeko adina uste dut emango lukeela. Hori bai, baten batek lan egin beharko luke zortzi ordura edo seira, aparte. Horrela, lortzen da konpentsatzea bat eta beste.

Elkarrizketaren aurretik aipatu duzunez, lehen, ogia eta egunkaria etxeraino ekartzen zizunlangile batek, baina bertan behera utzi zuen zerbitzu hori, dirua galtzen ateratzen zelako. Landa eremuan bizitzeko zailtasunak dituzue?

Zailtasunak beti daude, baina erraz konpontzen dira. Erraz orain arte, noski, osasuna beharrezkoa delako. Baina baserriko zailtasunei aurre egiten ikasi egiten duzu. Ikasteko gaude. Orain ikasi behar dut neurria hartzen lanari. Hau zertarako daukagu [burua seinalatu du]? Buruak asko balio du. Neure buruari batzuetan barre egiten diot.

Uste duzu aukera bat dela gazteentzat baserritik bizitzea?

Aukerak ez daude hainbeste, baina aukera hor dago. Pertsonak jaio egin behar du, eta eduki behar du bokazioa edo sentimendua lurrarekin lan egiteko, lurra estimatzeko, lurra tratatzeko ondo, eta berak egiten duena estimatzeko. Euria behar dugu, haizea behar dugu, baina, gero, norberak egin behar du lan. Zer egiten gara, zerbaiterako jaio? Edo gero egiten gara? Nik uste biak behar direla...

Nola ikusten duzu baserriaren etorkizuna?

Bolada honetan, esaten da baserrian ez dela inor gelditzen, ez dagoela inor, dena behera doala... Baina, nire ikuspuntutik, baserria beti existituko da. Norbaitek helduko dio, nork ez dakit, akaso zure umeek, baina baikor naiz. Abestiak esaten duen bezala, enborretik jaioko dira berriak. Baserriak jarraituko du, eta jarraitu behar du, gainera. Lurrak ematen duena jan behar dugu guk.

Urte askoan jaso izan dituzue euskara ikasleak baserrian. Nolatan hasi zineten horretan?

Abentura hori duela 40 urte baino gehiago hasi zen. Jendea hasi zen EGA atera behar zuela, eta euskaraz mintzatu behar zuela. Baten batek esan zien baserrietan hitz egiten zela gehien euskaraz, eta sarea hasi zen sortzen. Gaur egun, nondik egiten dituzue gauzak? Sarean, ezta? Bada, orduan ere bai: batak besteari esaten zion, eta jendeak bere burua eskaintzen zuen horretarako.

Ikasleek baserriko lanak ere egiten zituzten, ezta?

Lehen fasekoek, bai. Eta hortxe, gure ondoren, edo gure gizonaren ondoren, hartu eskuarea, eta belarra ekarri, edo aitzurra hartu, eta lanera. Ikasteko, onuragarria iruditu zitzaidan ikusten joan, eta gero haiek egitea. Askoz ere errazago ikasten zuten horrela. Gainera, baserriko bizitza askotarikoa da oso, ez dira behiak eta esneak bakarrik. Fruituen izenak, txorien izenak... denetik ikasten zuten.

Ikusi eta ikasi, beraz?

Dudarik ez daukat. Beraz, baserrian laguntzera etortzen ziren horiek. Hitz egiten bezalaxe, batzuek hobeto egiten zuten, eta besteek, okerrago, baina gogoa jartzen zuten. Baina hortik denbora batera, [Eusko] Jaurlaritzaren laguntzen bidez hasi ginen egiten. Jaurlaritza hasi zen bidaltzen eskutitz bat esanez, ea hartuko genituen euskara ikasleak. Eta baietz esaten genuen.

Bigarren kasu horretan, ordaindu egiten zizueten ikasleei aterpe emateagatik?

Bai, orduan bai, laguntza bat ematen zuten. Ikasleek lagundu egiten zuten; batzuek gehixeago eta besteek gutxixeago. Baina ikasteko era aldatu egin zen lan truke etortzen zirenetik laguntzak emanda etortzen ziren horietara. Interesa aldatu zen.

Interesa euskararekiko, ala baserriarekiko?

Ez zeukaten baserriarekiko interes bera, ez. Laguntza jasotzen zuten, eta, arratsaldeetan, elkartzen ziren lauzpabost lagun. Uztailean eta abuztuan etortzen zirenez, festa besterik ez zegoen kalean...

Nolakoa zen ikasleekin sortutako harremana?

Harreman irekia, beldurrik gabea. Konfiantza; nik horixe eskatzen diot pertsonari, eskuak garbi izatea. Guk ez dugu ezer izan giltzapean itxita.

Mantendu duzue harremana gerora?

Nik ez nituen apuntatu haien zenbakiak, batzuk etortzen dira oraindik ere, beste batzuek deitzen dute, beste batzuek ez... Baina batzuekin jarraitzen dugu harremanetan, bai.

Herniorekin ere harreman polita daukazu. Koloretako zintak, gurutzeak eta zintzarriak saltzen dituzue.

Hernioko historia dago atzean, eta ez gara transmititzen ari. Hasieran, zintak eta zintzarriak oroigarriak baino gehiago ziren: otoitz leku bat zen, gurutze bidea egiten zuen jendeak, eta kandelak eramaten zituen. Bakoitzak bere esanahia ematen zion. Zintei lotuta, esaten da bedeinkatua behar duela izan, erreumak hobetzeko. Gero, gurutzea egon da beti, eta oroigarri gisa atera ziren gurutzeak. Zintzarrien kontua, berriz, berria da.

Uztaiak ere han daude.

Hori ere erreumagatik da. Edo bakoitzak behar duenerako. Lehen bederatzi uztai edo ziren, orain bost-edo egongo dira.

Noiz hasi zinen horretan?

Nire gizona eta haren gurasoak joaten ziren; kafea eta salda eramaten zuten haiekin. Pausoa emanda zegoen, dena eginda. Eta ez gu bakarrik, e? Nik ezagutu ditut hara joaten ziren beste baserri batzuetakoak. Bere xarma dauka.

Jendeak eusten dio sinesmen horri oraindik?

Boladak izaten dira, baina batezbestekoak jarraitzen du.

Zer esanahi du Herniok zuretzat?

Mendi hori berezia da. Jendeak estimu berezia dio, izugarria. Istorio horiengatik, eta bakoitzak dituen istorioengatik. Niretzako berezia da Hernio, Errezil, eta inguru dena. Pare-parean bizi naiz.

Zein da zuretzat zoriontasunaren giltza?

Baikorra naiz, eta poztasun handia daukat. Niretzat, zoriontasunaren giltza da pozik egotea, eta gauza txikiekin poztea. Ez ditut gauza handiak bilatzen. Gauza txikia naiz ni, baina barruan daukat bizipoza. Horrek ez du esan nahi gauza gogorrak gertatu ez zaizkidanik, baina buelta ematen diot horri ere. Trankil bizitzea, aske bizitzea. Ez naiz beldurtia, eta beldurrez bizitzeak asko kentzen dio bati. Askatasun erabatekoa ez dugu inoiz izango, baina beldurrez bizitzea okerragoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.