Herrigunetik gertu dago Sakona baserria. Azpeititik (Gipuzkoa) Izarraitz auzora igotzen hasi, eta bertan. Kanpotik ez du ohiz kanpoko ezer: mendiz inguratuta dago, baratzea daukate inguruan, eta mendigoizaleak ingurutik igarotzen dira. Artalde txiki bat ere badaukate, zerriak, eta baita zakurrak ere. Zapatu goiza da, eta Ioritz Igarataundi eta Aiora Etxeberria lanez lepo dabiltza. Sagar uzta biltzen aritu dira aurreko egunetan, eta zukua egiten ari dira ondoren merkaturatu ahal izateko. Igarataundiren gurasoak ere inguruan dabiltza lan horietan laguntzen. Baita Ibrahima Diallo, Mamadou Barry eta Ibrahime Diassy errefuxiatu ginearrak ere. Horrek egiten du berezi Sakona baserriko proiektua.
Bost urte dira Igarataundi baserriko lanetan murgildu, eta ofiziotzat hartzea erabaki zuenetik. Urtebetera Etxeberriak bat egin zuen proiektuarekin, eta galtza bete lan dabiltza orduz geroztik. «Kontsumo taldeekin aritu gara lanean, baina orain artalde txiki bat ere jarri dugu». Bi pertsonarentzako sobera lan bazuten, are gehiago Etxeberria haurdun geratu zenean. «Ordura arte etxekoen laguntzarekin moldatzen ginen, baina ikusi genuen laguntza behar genuela». Bila ibilita ere, ez zuten erreferentziarik topatzen, harik eta Basherri Sarearen mezu bat jaso zuten arte: Irungo (Gipuzkoa) Harrera Sarean baserriko lanetan laguntzeko prest zeuden hamabi errefuxiatu zeuden, eta horiei aterpea emateko inor prest ote zegoen galdetu zuten.
Eskaintza horretan Sakona baserrian zuten arazoarentzako irtenbidea ikusi zuten Igarataundik eta Etxeberriak. «Bagenekien aldaketa handia izango zela, eta erreparoa ere ematen zigun; baina etxean aipatu genuen aukera hori, eta aurrera egitea erabaki genuen». Baserrian bi pertsonarentzako lekua zutela erantzun zieten Irungo Harrera Sareko kideei, baina Diallo, Barry eta Diassy lagunak ziren, eta hirurak batera hartzeko eskatu zieten. Horrela iritsi ziren hiru errefuxiatu ginearrak iaz Azpeitira. Baserrian erroldatu zituzten, eta paperak egiteko prozesuan murgilduta daude orain. Pozarren daude eurekin, eta familia bat osatu dutela diote.
Baserriko lanak egiten elkarrekin. Jagoba Manterola / Foku
Diassyri laneko kontratua egin diote. Diallok eta Barryk ikasi egin nahi zuten, eta, horregatik, goizetan baserriko lanak egiten laguntzen diete, eta, arratsaldean, Azpeitira edo Azkoitira jaisten dira. Barry arotz ikasketak egiten ari da, eta Diallok gaztelera klaseak hartzen ditu. Diassy, berriz, goiz eta arratsalde baserriko lanetan aritzen da. «Berak lan gehiago dauka, ardien ardura partekatzen du gurekin, eta makinekin ere badabil; beste biak lasaiago aritzen dira». Hala ere, Sakona baserriko lurra lantzen laguntzen diete Igarataundi eta Etxeberriari, uzta biltzen, eta saltzera eramateko prestatzen.
Etorkizunerako bidea
Lanez lepo dabiltza azken urtean Sakona baserrian. «Ekoizten dugun ia guztia saltzen dugu», esan du Igarataundik. Horretarako lana erruz egin behar dute. Hala ere, sumatzen dute bezeroek baserriko produktu ekologikoak eskatzen dituztela, baina eskaintza falta da. Baserriak eta lurra landuko duen jenderik ez dagoela dio. «Lekuan lekukoa kontsumitu behar dela esaten dute, sasoian sasoikoa; baina ondoren ez dago baserritarrik eskaera horri erantzuteko. Hamar urte barru arazo bat eduki dezakegu».
Barry, Diassy, Diallo, Etxeberria eta Igarataundi. Jagoba Manterola / Foku
Horregatik uste du etorkinek eta errefuxiatuek eskaera horri erantzun ahal izango diotela. «Bertako jendea ez badago prest lan hauek egiteko, norbaitek egin beharko ditu, eskaera badagoelako». Igarataundik eta Etxeberriak uste dute hor egon daitekeela etorkizuna, eta, adierazi dutenez, etorkin hauek baserriko lanetara oso ondo moldatzen dira. «Antzematen zaie erraztasuna».
Sakona baserrian heriotzatik ihesean zihoazen hiru errefuxiatuei eman diete lotarako lekua eta lana, baina halako adibide gehiago ere badaude Euskal Herrian. Hala ere, errefuxiatuen egoera zaurgarria dela eta, ez dute elkarrizketarik eman nahi izan. Azpeitian dagoen hirukoteak ziurtasun handiagoa du; izan ere, lanerako baimena eskuratu berri dute, eta horietako batek laneko kontratua ere badu. Sakona baserrian ere gustura daude, etorkizun berria lortu dutelako, eta eguneroko lanari eskulana zabaldu zaielako. Alde biek irabazi dute.
[youtube]https://youtu.be/RckBruhxAXg[/youtube]