Basamortu beltzeko soinuak

Calexico eta Blind Pilot AEBetako folk independenteko taldeak arituko dira gaur Donostian

Talde zabala jarraiko du oholtzan Calexicok gaur, Donostian, mugaldeko doinuak sortzeko. BERRIA.
Erredakzioa
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ez da zoriz heldu Calexico taldearen musika Breaking Bad telesailaren musikara. Saileko umore beltzak bat egiten du taldearen basamortu beltza estiloarekin. Horrela definitu dute askok, behintzat, Arizonako (AEB) laukotearen musika. Gaur arituko dira, Blind Pilot taldearekin batera, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Talde zabalagoa ekarriko dute Joey Burns abeslari eta gitarra jotzaileak zein John Convertino perkusio jotzaileak. Biak dira Calexicoren sortzaileak, eta horiekin batera Paul Niehaus gitarrista, Jacob Valenzuela teklatu jotzailea, Michael Carbajal tronpetista, Sergio Mendoza soinu jotzailea eta Chris Giambelluca baxu jotzailea arituko dira.

Disko atera berria dakarte: Algiers. Mugaldeko taldea da Calexico, eta mugaldekoa haien musika. AEBetako hegoaldeko eta Mexiko iparraldeko, tex-mexa eta mariachia elkartzen dituzte, Rio Grandeko bi bazterren arteko zubi gisa.

Blind Pilot taldeak zabalduko du kontzertua. Portlandik (AEB) datoz, eta folk independentea sortzen dute. Duela urtebete pasatxo kaleratu zuten bigarren disko luzea: We Are The Tide.

Gaurko kontzerturako sarrerak 34, 27 eta 21 euroan jarri dituzte salgai.

CALEXICO ETA BLIND PILOT

Noiz. Gaur, 20:00etan.

Non. Viktoria Eugenia antzokian, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.