Basajaun iraunkorra

Rober Garai artistak izaki mitologikoen ibilbide bat egin du Busturian Urdaibai On elkartearen eskaerari jarraituz. Denak ere, naturak eskainitako elementuekin osatuak.

Basajaunaren artelana izango da bisitetako interesgune nagusia. LANDER MUÑAGORRI GARMENDIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Busturia
2013ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Betidanik hor egon den izaki mitologiko bat agerira ekarri besterik ez dugu egin», dio Rober Garai artistak, egin berri duen basajaunaren artelanari begiratzen dion bitartean. Basoan ezkutuan zegoen izakia, baina azalera agertu da Busturiko Axpe auzoko Berezi muinoan (Bizkaia). Ondo ikusteko moduan, gainera. 4,30 metro zabal eta 2,80 metro luze baita Garairen lana, eta 1.500 kiloko pisua du. Baina handia izanagatik, ezkutuan dago Basajauna (Bx4) artelana, eta hara iristeko Basajaunaren ibilbidea egin behar da lehenbiziko. Urdaibai On Kultura eta Aisialdirako Zerbitzuak kooperatiba elkarte txikiaren proiektu berria da, eta joan den larunbatean aurkeztu zuten. «Urdaibain hain presente dagoen euskal mitologiaren nolabaiteko interpretazio lekua izan nahi du», dio Edorta Jimenez kooperatibako kideak.

Ibilbidean natura eta mitologia uztartzen dira. Izan ere, bertako irudi guztiak elementu naturalekin eginda daude: egurrak, enborrak, zuhaitz adaxkak eta lianak. Arte brutto naturalis korronteari jarraiki, naturak ematen dituen elementuekin jokatu du Garaik. «Urdaibai Onekoek proiektua egiteko enkargua eman zidaten, baina ideia hori garatu dudan arren, inguruko izaki gehienak inprobisazioz sortu dira», dio. Eta ez dira gutxi. Iratxoak, galtzagorriak eta beste hainbat izaki irudikatu ditu naturan topatu dituen elementuekin. Horregatik, bere lanaren zati nagusia inprobisazioaren fruitu dela dio.

Irudi horiek guztiak, gainera, denboran mugatuak dira, «naturak esango du zenbat iraungo duten». Lurretik jasotako elementuekin lan egin du Garaik, eta lurrarekin harremanetan utzi ditu bere lanak. «Basajaunak, esaterako, ez dauka eskubiderik hemen betiko geratzeko, pixkanaka hondatzen joango da», dio. Eta izakitzarraren gainbehera nondik iritsiko den sumatzen du, gainera. Adar, zuhaitz azal eta enborren artetik, loretan lehertzeko zorian dagoen mertxika arbola gazte bat baitauka Basajaunak. «Iruditzen zait pixkanaka bere lekua hartzen joango dela zuhaitza, eta, ondorioz, irudia hondatzen».

Eta gainerako irudiekin ere antzeko zerbait gertatzen da. «Ibilbidean zehar topatu daitezkeen lanak inguratzen diren bisitariek ere molda ditzakete», dio. Hau da, iraupen gutxiko artea den arren, horri ematen dio indarra.

Bisita gidatuak

Ibilaldia egin ahal izateko, Urdaibai Onek bisita gidatuak antolatu ditu. «Gune funtzioaniztun legez asmatua eta taxutua da. Beraz, askotariko jardueren lekutzat» hartzen dute ibilbidearen sortzaileek. Ondorioz, hiru jarduera eskainiko dira, hirurak ere bisitaldi gidatuen formatuan. Batetik, Garaik berak artelanen inguruko azalpenak emango ditu; Jimenezek bisita egingo du basoan zehar, euskal mitologiak Urdaibai eta Busturialde inguruan dituen sustraiak azalduz; eta, azkenik, Dorote Zorbaran ipuin kontalariak ipuinak kontatuko ditu. Denetarako aurretik txanda eskatu behar da, eta gutxieneko taldeak sortu. Oraingoz, Aste Santuko egun guztietan egongo dira bisitak.

Egitasmo berri hori luzeragoko proiektu baten barnean dago: Euskal mitologiaren ibilbidea Busturialdean proiektuaren barnean, hain zuzen. Jimenezek azaldu duenez, etorkizunean ibilaldi gehiago antolatzea izango da Urdaibai On kooperatibaren asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.