Barrurako begiradak Boisen

Emozioak, memoria eta generoa landuko dituzte igandera arte Boisen antolatutako kongresu batean. Euskal Herriko eta AEBetako ikerlariak bilduko dira. Bideoa, albistearen bukaeran.

Nagore Rodriguez.
2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun

Emozioek oroitzapenak eragiten dituzte, eta oroitzapenek, emozio sakonak. Gizakien arteko harremanetan emozioek eta oroitzapenek duten garrantziaz hitz egingo dute gaurtik igandera bitartean Boisen (AEB). Kulturak, gizarteak, generoak... harreman horietan duten garrantzia ere aztertuko dute. Horretarako, hainbat ikerlari batuko ditu Memory and emotion. Women's stories: constructing meaning from memory jardunaldiak (Memoria eta emozioa. Emakumeen istorioak: memoriatik esanahia eraikitzen). Horietako asko Euskal Herritik joandakoak: EHUtik, Mondragon Unibertsitatetik eta Deustuko Unibertsitatetik. Haiekin batera, AEBetako unibertsitateetako ikerlariak. 35 hizlari guztira.

Boiseko Unibertsitateko Munduko Hizkuntzen Departamentuak eta Eloise Garmendia Bieter Euskal Ikasketetako katedrak antolatu dituzte jardunaldiak. Larraitz Ariznabarreta eta Nere Lete dira arduradunak. Boise State unibertsitateko Euskal Ikasketen Saileko irakasleak dira biak.

Eloise Garmendia Bieter Euskal Ikasketetako katedrak antolatutako nazioarteko lehen kongresua izango da. Boiseko Unibertsitateak tradizio handia du euskal gaietan, baina kongresuarekin ikusgarritasuna eman nahi diete, Leteren esanetan: «Kongresuaren eremua zabaltzeak euskal gaiak exotizaziotik aldentzen lagundu dezakeela uste dugu». Kongresua, baina, ez da unibertsitatera mugatuko. Boiseko komunitateak ere parte hartuko du. Hitza hartuko dute, esaterako, bertako emakume errefuxiatuek. «Haien aurkezpena izango da kongresuaren gailurra», nabarmendu du Letek.

Emakumeak, ETA, amonak...

Hainbat ikerlari eta hizlari joan dira Euskal Herritik Boisera. Haiekin harremana eta elkarlana estutu nahi du Boiseko Unibertsitateak. Euskal Herritik joandako ikerlarien artean dago Mari Jose Olaziregi EHUko irakaslea, emakumezkoek idatzitako euskal narratibaz ariko da larunbatean. Beyond the Motherland: Memory and Emotion in Contemporary Basque Women's Fiction hitzaldia emango du (Memoria eta emozioa emakumezkoen euskal fikzio garaikidean).

Gehienbat Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria lanean oinarrituko da. Emakume bat bere senar eta haurrak utzi beharrean dago. Istorio horretatik abiatuta ariko da Olaziregi. Amatasuna eta generoen rolak aztertuko ditu. Olaziregik azaldu duenez, lan horretaz gain, euskal emakumezkoek idatzitako beste hainbat testu aztertuko ditu hitzaldian. 36ko gerrari buruzkoak: Uxue Alberdiren Aulki jokoa, Garbiñe Ubedaren Hobe isilik... ETAri buruzkoak: Laura Mintegiren Nerea eta biok, Agurtzane Juanenaren Esan gabe neukana eta Eider Rodriguezen Politika Albisteak ipuina.

Emakumeen rolaz eta, batez ere, amonen garrantziaz hitz egingo du Monika Madinabeitia Mondragon Unibertsitateko irakasleak, bihar. Migrazio kasuetan amonek duten rola «garrantzitsua» dela uste du, eta orain arte gutxi aztertu dela. Frank Bergon idazle euskal-amerikarraren Petra Amoroto amona hartuko du hizpide. «Identitatearen transmisioan amonen rol garrantzitsua aldarrikatu nahi dut», azaldu du Madinabeitiak.

[youtube]https://youtu.be/YcPXuzJR7yI[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.