Harrika kolektiboko kidea

Uxue Alonso Alvarado: «Barrukoa den hori norberak nahi bezala azaleratzea da fetitxea»

Harrika kolektiboaren bigarren urteurrena ospatuko dute apirilaren 12an, Gasteizen. Alonsok esan du «emakume eta identitate ezberdinentzako gune seguru bat» sortzen ari direla gutxinaka.

Uxue Alonso Alvarado, Harrika kolektiboko kidea, Gasteizko Jimmy Jazz aretoko komunean. UNAI ETXENAUSIA
Uxue Alonso Alvarado, Harrika kolektiboko kidea, Gasteizko Jimmy Jazz aretoko komunean. UNAI ETXENAUSIA
unai etxenausia
2024ko apirilaren 2a
05:00
Entzun

Harrika kolektiboa 2022ko martxoan sortu zuten, Gasteizko gau aisialdian bestelako gune bat eskaintzeko asmoz. Tekno musika abiapuntu izanik, 30 jaialdi queer eta feminista baino gehiago antolatu dituzte ordutik, Jimmy Jazz aretoan. Uxue Alonso Alvarado kolektiboko kideak (Gasteiz, 1997) espero du Harrikaren balio eta jarrerak normalak izatea noizbait egunerokoan.

Tekno musikarekin modu askatzailean gozatzeko sortu zenuten Harrika, ezta?

Tekno mugimenduaren esparruan zerbait ezberdina sortu beharra ikusten genuen. Oso giro maskulinizatua sortzen da horren inguruan, eta ikusten genuen gune seguru eta askeak sortu beharra genuela. Berlin bezalako hirietan izaten diren dinamikak bermatzea zen gure asmoa, eta ikusten genuen eraldaketarako potentziala zegoela gure inguruan. Emakume eta identitate ezberdinentzako leku seguru bat sortu nahi genuen, eta gutxinaka lortzen ari gara...

Bi urte pasatu dira ordutik. Mugarririk egon al zen?

Harrikada jaialdia egin genuen duela bost urte inguru. Gero, duela bi urte, Jimmy Jazz aretoak gure aldeko apustua egin zuen, zer egingo genuen ondo jakin gabe. Orduan hasi zen dena.

Gorputz disidenteen akuilu bihurtu da Harrika?

Asko etorri izan naiz ni Jimmy Jazzera ikusle moduan, eta ongi pasatzeko leku onena da gure inguruko jendearentzat. Hala ere, Jimmy Jazz den modukoa izanda, ona izanda ere, ez da gune aske eta segurua. Nik, beharbada, titiak bistan ditudala dantzatu nahi dut, hiru mutil zirikatzen egon gabe, adibidez; oso zaila da hori. Horregatik, guztiontzako gune seguru bat sortzea izan zen helburua: niretzat, zuretzat, nire aitarentzat edo amarentzat. Edozeinentzat. Esango nuke hori lortzen hasiak garela, kostatu zaigun arren, guk antolatzen ditugun festetan.

Zeintzuk dira jendeak aske gozatu ahal izateko jartzen dituzuen mugak?

Gutxieneko arau batzuk daude. Ezin da argazkirik atera, adibidez; horrek askatasuna bermatzen die dantzalekuan daudenei, eta intimitate pixka bat ematen dio jaiari. Horrez gain, uste dugu lehen lerroak emakumeentzat eta identitate subertsiboa dutenentzat izan behar duela. Zaintza talde indartsu bat daukagu hori bermatzeko.

Kolektibo osoa arduratzen da horretaz?

Harrika barruan DJak, lagunak, zaintza taldea eta beste gaude: hogei pertsona inguru gara. Festa bakoitzean zazpi edo zortzi pertsona aritzen gara zaintza taldean. Ez gara segurtasunaz zuzenean arduratzen, baina besoko bat eramaten dugu jendeak bereizteko, eta zerbait gertatzen bada berehala erantzuteko. Sarreran ere filtro bat egiten dugu, jende guztia onartuta badago ere, jendearen jarrera nolakoa den ikusteko.

Berezitasunik ba al du zuen kolektiboko DJen teknoak?

Eskizofrenia musikala da gurea. Hard-teknoarekin hasi ginen, baina egia da azkarra eta bortitza izan daitekeela, eta eboluzionatuz joan gara. Orain ditugun artistek BPM gutxiago duen teknoa egiten dute: oso elegantea, oso iluna, oso azidoa...

Fetitxeez edonon aske gozatzea da funtsa?

Barrukoa den hori norberak nahi bezala azaleratzea da fetitxea, eta inork ez epaitzea: intimitatea normaltasunez hartzea da. Hautu estetiko bat ere bada: apaintzea, normalean janzten ez diren arropak janztea... Baimena eta errespetua dira oinarria.

Urteurreneko lehen festaren ondotik, bigarrena daukazue apirilaren 12an.

Balorazio ona egiten dugu orain artekoaz. Jendeak oso ondo erantzun du, eta gustuko du egiten duguna. Guretzat erreferenteak diren bi kolektibo gonbidatu ditugu: Berlingo Gegen kolektiboa ekarri genuen, eta Madrilgo Skin ekarriko dugu apirilaren 12an. Polita da zubiak eraikitzea. Hala ere, helburua da Harrika bezalako kolektiboen beharrik ez izatea, eta balio eta jarrera hauek egunerokoan normalak izatea.

LOTSABAKO

Nola definituko zenukete Harrika bi hitzetan?
Elkar zaintzea.

Nora eraman nahi duzue zuen festa?
Berlingo Berghaim diskotekara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.