Abeslaria

Martin Errasti 'Tatta': «Beste gazte bat gehiago da Martin, eta hori heltzen zaio jendeari»

Amodiozko harreman baten antzera hartzen ditu abestiak Tattak. Ondo moldatzen da lan egiten duen lagunekin, eta horrela transmititu du plazaratu berri duen lehen lan luzean.

Martin Errasti 'Tatta' abeslaria
Martin Errasti 'Tatta', joan den urteko kontzertu batean. IVAN DEL MONTE
unai etxenausia
2024ko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Martin Errasti Tatta artistak (Arrasate, Gipuzkoa, 1998) hamar abestiz osatutako bere lehen lan luzea kaleratu berri du. Beldurrak gaindituz, adiskidetasunari, konfiantzari eta maitasunari abesten die. «Atzera-bueltarik izango ez duen etapa baten hasiera» da Martin.

Gardena eta gordina da diskoa. Hustu zara?

Guztiz. Uste baino gehiago kostatu zait lana osatzea, baina lortu dut. Oso emozionala da, eta barrena hustu dut abesti bakoitzean. Artista gisa ere oso pozik nago emaitzarekin, lan zabalago bat ateratzeko gogo handia bainuen.

Adiskidetasuna, konfiantza, maitasuna eta antzeko gaiak jorratzen dituzu. Zer esperientzia pertsonalek edo inspiraziok bultzatu zaituzte gai horiek aztertzera?

Azken bi urte hauetan bizitzan gertatu zaizkidan gauzak kontatu ditut. Halere, guztiak ez dira niri gertatu zaizkidanak bakarrik, baita nire lagunei ere, haiekin batera sortu dudan lana baita. Dena partekatzen dugu estudioan gaudenean, eta horregatik daude guztion bizipenak.

Martin Errasti 'Tatta' abeslariaren 'Martin' diskoaren azala
Martin diskoaren azala eta kontrazala.
Lagunak dira diskoan kolaboratu duten guztiak: Bengo, Etxepe, Mutiko, Malakias... Hasieratik argi zenuen ez zenuela nahi zure bizitzako partaide ez zen inoren kolaboraziorik?

Hautu kontziente bat izan da. Beste artista batzuekin elkarlanean aritzeko oso garrantzitsua da elkar ondo ezagutzea. Amodiozko harreman bat izatea bezala da abesti bat egitea, ondo moldatu behar zara kolaboratzen duzun pertsonarekin. Gainera, ez dut egon nahi izan inoren mende, ezta inoren atzetik ibili ere. Ondoan dudan jendearekin lan egitea da gehien betetzen nauena.

Denso musika ekoizle eta oinarri sortzailearekin batera egin duzu lanaren zatirik handiena.

Pisu handia dauka Densok: grabazioetan, ekoizpen lan gehienetan, oinarriak sortzen... hor egon da beti, alboan. Nik, agian, pixka bat nireago sentitzen dut, letrak nireak direlako, baina hor egon da Denso ere; berea ere bada Martin.

Diskoari izena ere ematen dion Martin abestian, diskoarekin etapa bat irekitzen duzula aipatu duzu. Zer esanahi du abesti horrek zuretzat eta nola irudikatzen du artista gisa izan duzun bilakaera?

Uste dut beste etapa bati ekingo diodala orain, atzera-bueltarik ez duen profesionaltasun puntu batera iritsi bainaiz. Disko hau atera ondoren, ezin dut atzera egin, beti aurrera noa: zuzeneko hobeak, grabazio profesionalagoak, kalitatezko promozioak... Hau da Martin, eta hemendik aurrera izango da beste zerbait. Hobera beti.

«Rapetik eta musika urbanotik nator, baina genero asko nahastu nahi nituen diskoan: doinu akustikoak, batxata, rocka, reggaetona... askotarikoa da lana»

Musika genero sorta zabal bat aztertzera ausartu zara, gainera.

Rapetik eta musika urbanotik nator, baina genero asko nahastu nahi nituen diskoan: doinu akustikoak, bachata, rock, reggaetona... askotarikoa da lana. Berdin zait zein generorekin ausartu; zerbait berezia transmititzen badit, egiten dut. Esentzia mantentzea da garrantzitsuena.

Gaztea sarietako abesti onenaren kategorian izendatu dute udan atera zenuen Zure Atzetik abestia, Malakiasekin batera. Espero zenuen?

Harrokeriarik gabe eta objektibotasunez esanda, espero nuen izendapena, bai. Irratian asko entzun den abestia da. Aitormen bat da: irabazten badut, nire bizitzako lehen saria izango da.

Tatta eta Malakiasen Zure Atzetik abestiak izendapena jaso du Gaztea sarietan.
Aurki hasiko duzue diskoaren aurkezpen bira.

Kontzertu asko lotu ditugu dagoeneko. Zuzeneko berezi bat prestatu dugu, gainera; pianoa eta gitarra bat izango ditu, besteak beste.

Zer espero dezake entzuleak?

Ni oso gustura geratu naiz, ni neu izanda eta nahi dudana eginda. Hori eskertzen du jendeak, eta gozatuko dute.

Beraz, nor da Martin?

Bere bizitza kontatzen duen 25 urteko gazte bat: arazoak, pozak, parrandak... Beste gazte bat gehiago da Martin, eta hori heltzen zaio jendeari.

LOTSABAKO

Artista erreferente bat?
Bi esango dizkizut: Vato Cholo eta Diego 900.

Amestutako oholtza?
Guanajuatoko [Mexiko] lekuren batean jotzea gustatuko litzaidake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.