Barran, euskaraz barra-barra

Angeluko barra lerra kirolez beteko da igandean, Glisseguna dela eta. Seaskak antolatu du, kirol horietan ere euskaraz aritzea bultzatzeko.

Haur bat Seaskak antolatutako Glissegunean, artxiboko argazki batean. ISABELLE MIQUELESTORENA
Haur bat Seaskak antolatutako Glissegunean, artxiboko argazki batean. ISABELLE MIQUELESTORENA
ane insausti barandiaran
2024ko irailaren 26a
05:00
Entzun

Pasieran eta olatuei begira arituko dira, ohi bezala, igandean Angeluko barrara (Lapurdi) joaten diren asko eta asko. Ezohiko argazki batekin egingo dute topo, ordea: surfean, skatean, bodysurfean edota piraguan hara eta hona ariko baitira hainbat lagun, euskara hutsean, euskal kultura sustatzeko hainbat jardueraz inguratuta. Horiexek baitira Glissegunaren osagaiak: lerra kirolak eta euskara.

Bi helbururekin sortu zuten Seaskako antolatzaileek, 2003. urtean. Batetik, ikastolatik kanpo aisialdiko eremuan euskara bultzatzeko, eta, bestetik, turistaz bete ohi den tokian euskal kulturaren presentzia nabarmentzeko. Hala azaldu du Ramuntxo Etxeberri antolatzaileak: «Barnera begira, jostaleku bat baita, ikasleek eta haurrek euskaraz jostatzeko parada ukan dezaten; eta baita kanpoko jendeek ikus dezaten ere badela hor mugimendu bat euskararen inguruan».

Lekua «oso turistikoa» dela esan du, eta euskarak eta euskal kulturak «oso toki txikia» dutela bertan. Urtez urte, baina, handituz doa parte hartzen duten kirol elkarteen sarea. Hala adierazi du Etxeberrik: «Biziki harrera ona egiten digute denek; urte batetik bestera prest dira parte hartzeko».

Aukera bat baita kirol elkarteentzat ere. Erorikoak eroriko, eta bustialdiak bustialdi, sekula kirol jakin bat egin ez duten horiek lehen aldiz haietara gerturatzeko aitzakia ere bada: «Denei irekia da, bai. Batez ere deskubritzeko eguna da. Horregatik ere, elkarteek begi onez ikusten dute gertakari hori, aukera baita urtean zehar egiten dituzten animazioak-eta ezagutarazteko».

Goizean goizetik hasiko dira kirol ekintzak Angeluko barraren inguruan: surfa, mendiko bizikleta, rollerra, skatea, yoga, bodysurfa... Dena den, kirol ekintzetatik harago, kultur jarduerekin ere topo egingo dute bertaratzen direnek: txalaparta erakustaldia, joaldunak itsasbazterrean, Komando Kaltzetinez elektrotxaranga, musika DJ Xanoren eskutik... «Nahasketa hori nahi dugu erakutsi, gaur egungo Euskal Herria nolakoa den kokatzeko. Gurea ez baita iraganeko hizkuntza bat edo kultura bat, eta surfa eta skatea euskal kulturan ere sartzen ahal liratekeela frogatzeko», esan du.

Zerbitzatu euskaraz

Euskarara lehen hurbilpen bat egin nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera. Izan ere, Plazara kooperatibaren eskutik, Euskara pestetan izeneko tailerrak emango dituzte, tabernetan euskaraz eskatzen edo zerbitzatzen irakasteko. «Ez da euskaltegietan ematen direnak bezalako kurtso serio bat. Zinez, oren bateko deskubritze bat da, dastatze bat, euskararen lehen ikaspen baten emaiteko», zehaztu du Etxeberrik.

Eta aipatutako horiez guztiez gain, ostatua eta haurren txokoa izango dira, eguna bertan igaro nahi dutenentzat: jokoak, tailerrak, puzgarriak, itsas bazterrean jatekoa eta edatekoa egun osoan... Bertaratzeko deia zabaldu du Etxeberrik: «Urte guztiz hurbiltzen diren jendeak pozten dira, aukera baita umeak animazioetan parte hartzeko, inguruan autorik gabe, eta segurtasun osoz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.