1950eko urteetan eraiki zuten urtegia, eta 220 hektometro kubiko biltegiratzeko ahalmena du. Entzia mendilerroaren inguruan jaiotzen den Zadorra ibaiaren urek hornitzen dute. Etxe asko uretatik salbu geratu ziren arren, urtegiaren ertzean daude; oraindik ere Zuhatza uhartearen ertz batzuetatik urpean geratu ziren etxeen aztarnak ikus daitezke.
Udarekin batera, aisialdirako denbora gehiago edukita eta eguraldiak lagunduta, jende andana hurreratzen da urtegiaren ertzean dauden Garaioko eta Landako hondartzetara. Bainua hartzea baimendurik dagoenez, askok urtegian sartzeko aukera aprobetxatzen dute, eguraldi beroa jasateko. Beste batzuek hango belazeetan, itzaletan, patxadan egoteko baliatzen dituzte urtegi inguruko eremuak.
Arabako eta Bizkaiko herritar askok bisitatzen dituzten tokietako bat da: eguna igarotzeko leku aproposa da, eta ia uda osoan bisitariak ikus daitezke inguru horietan. Uretako ekintzak praktikatzeko ere balia daiteke urtegia, Gasteizko Klub Nautikoak ikastaroak eskaintzen ditu, begirale eta guzti: kayakean ibiltzeko edota windsurfa egiteko aukera dago. Ingurumen balio handia duen hezegunea bilakatu da: landaredia aberatsa dago, eta, faunari dagokionez, uretako hegaztiak erraz ikus daitezke.
Hala ere, urte osoan joan daiteke, eguraldiak bainurako laguntzen ez duenetan ere urtegia inguratzen duen bidea bizikletaz, oinez edo korrika egiteko aukera ere baitago. Bide horrek urtegi osoa inguratzen du, eta bertako paisaiaz disfrutatzeko aukera eskaintzen du. Bizikletaz erraz egiten da, ez baitauka inolako zailtasunik, eta laua baita. Hartara, haurrekin ere egiteko aukera ona da. Bidea ur ertzetik igarotzen da, eta basoetan ere sartzen da.
Bi hondartza urtegian
Garaio parkea izen bereko herria zegoen lekuan dago, eta 116 hektarea ditu. Mendixkak, belardi zabalak eta hondartza daude. Hondartza hori eremu bisitatuenetako bat da uda garaian. Parkeak bide eta aparkalekuen barne sare bat dauka, eta hondartzaren inguruan erabilera publikoko instalazioak ere badaude: informazio bulegoa, begiratokiak, iturriak, komunak, dutxak... Karabanak eta autokarabanak soilik aparkatzeko doako bi eremu ere badaude.
Landako parkeak, berriz, 40 hektarea ditu, eta urtegiaren ipar-mendebaldean dago. Hara autoz, bizikletaz zein garraio publikoz erraz hel daiteke. Landako eremura ere jende asko joaten da udan. Komunak, dutxak eta bestelako instalazioez gain, taberna ere badago. Bertako hondartzan ere bainua hartu daiteke, urtegiko beste eremuetan bezala. Leku erakargarria da, urtegiaren beste ertza ikus daiteke, eta belazeek ere paisaia atsegina osatzen dute.
Uribarri Ganboako urtegia
Urte osoan zabalik, Uribarri Ganboa inguruan (Araba).