Barinagak konpromisoa erakutsi dio legebiltzarreko lantaldeari

Langileen batzar batean, ETBko zuzendariak auzitan jarri zuen taldea; barkamena eskatu du

Edu Barinaga ETBko zuzendaria Eusko Legebiltzarreko agerraldi batean, iaz. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Edu Barinaga ETBko zuzendariak EITBren erreforma integralerako lantaldeari laguntzeko eta elkarlanerako konpromisoa erakutsi zion atzo, Eusko Legebiltzarrean. Albistegietako langileen batzar batean, ordezkari politikoen lana auzitan jarri zuen ETBko zuzendariak, eta horren inguruko azalpenak eskatu zizkion atzo lantaldeak. Legebiltzarreko taldeari barkamena eskatu zion atzo ETBko zuzendariak, eta ordezkari politikoei esan zien ez dela halakorik berriro gertatuko. ETBko zuzendariak «Gaizki-ulertutzat» jo zuen gertatutakoa.

Duela aste batzuk, albistegietako langileak batzar batera deitu zituzten, eta Barinagak hala esan zien —gaztelaniaz egin zuen diskurtso osoa—: «Hainbat tokitan esana dut: kontzeptua hasieratik da okerra. Non dago eskaera EITBn erreforma integral bat egoteko? Hain gaizki funtzionatzen al du EITBk, erreforma integral bat egiteko? Lantalde hori alderdi politikoen dinamiken artean sortu da. Planteamendu politiko batetik abiatzen da, eta kezkatzen nau hartzen ari den bideak».

Barinagak albistegietako langileei honakoa ere esan zien: «Entzun izan dut garrantzitsuagoa dela Kike Amonarrizek soziolinguistikaren ikuspegitik EITBri buruz idatz dezakeena EITBko zuzendari nagusiak esaten duena baino. Gainera, legebiltzarreko lantaldean ez dute zuzendari nagusia gonbidatu». Atzoko agerraldian, ordezkari politikoek Barinagari gogorarazi zioten lantaldean ekimen propioz egin daitezkeela agerraldiak. Halakoak egon izan dira.

Barinagak legebiltzarrean aitzakiatzat jarri zuen batzar informal asko egiten direla, eta esandako kontu asko testuingurutik kanpo hartu izan direla.

ETBko zuzendariak, dena den, langileen aurrean beste hau esan zuen: «Garrantzia ematen ari zaio unibertsitateko irakasle bati, eta ez diote zuzendaritzako inori galdetu. EITB erreformatzen ari dira merkatutik aparte dauden begirada batzuetatik, bizi dugun garaia aintzat hartu gabe. Ziur nago alderdi politikoen arteko akordio bat ez dela hobea izango gaur egun duguna baino».

Barinagak atzo Gasteizen ez zuen beste azalpenik eman ETBren asmoen inguruan.

Inkesta bat langileekin

EITBren erreformarako lantaldea 2017ko martxoaren 20an osatu zuten, Eusko Legebiltzarrean—talde politiko bakoitzak ordezkari bana du—. Espero dute orain arteko lanen ebazpenak idatziak egotea urte amaierarako.

Datozen asteetan, inkesta bat egingo dute EITBko langileekin—borondatezkoa izango da—. EHUko hainbat irakaslerekin batera osatuko dute inkesta. Honako gai hauen inguruan galdetuko diete: EITBren objektibotasuna, euskal kulturaren zabalkundea,trantsizio digitala, administrazio kontseiluko kideen aukeraketa eredua, EITBren kontrola eta euskararen erabilera, besteak beste. Euskal Soziometroaren bide beretik joango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.