Troglops bardena. Horixe du izena orain arte ezagutzen ez zen koleoptero edo kakalardo espezieak. Nafarroako Bardean agertu da, kakalardoen errolda egiten ari zirela. Entomologo talde bat bost urtez aritu da errolda hori egiteko lanetan, eta 1.500 espezie sartu dituzte katalogoan. Espezie guzi horien artean, bat berria zen. Berria zientziarentzat, noski; Bardeako kakalardoa bertan bizi baitzen gizakiek aurkitu aurretik ere.
Kakalardo ezagutu berria urdina da, eta dirdira metalikoa du. 2,5 eta 2,8 milimetro bitarte luze da, eta arren eta emeen artean sexu dimorfismo handia dago. Arren buruan aurkitu dute berezitasun morfologikorik nabarmenena: buruaren aurrealdean aurpegi barrunbe sakon eta berezia dute. Troglops espezie guzietan ageri da sakonunea, baina bakoitzaren forma ezberdina da. Aipatzekoa da aurpegiko sakonune horretan sexu kitzikapenarekin lotura izan dezaketen estruktura bereziak dituela: feromona emisoreak. Haiek uste dute emea erakartzeko baliatzen duela.
Horretaz gainera, deus gutxi dakite oraingoz kakalardoari buruz. «Ez dakigu deus ere bere biologiaz, baina genero bereko espezieei buruz ere ez dakigu ia deus ere: zuhaitzetako edo lurrera eroritako hostoetan egoten direla», azaldu du Ignacio Perez Moreno taldeko buruak. Aipatutako ezaugarri morfologikoez gainera, ikusi dute Bardeako kakalardo helduek udaberrian hegan egiten dutela: batik bat apiriletik ekainera; are, maiatzean jotzen du goia haien jarduerak. Hortik aurrera, asko legoke ikertzeko: «Ez dakigu larba non bizi den ere, ez dakigu zer jaten duen... Beraz, oso zaila da ikertzea».
Antonio San Martin kideak oharra egin du: «Intsektuen arazoa da helduaroa haien bizitzaren parte txiki bat dela; aurretik zer dagoen... ez dakigu non bizi den: zurean, lurrean, landareetan... Ezjakintasun hori ohikoa da». Badakite Bardeako zein aldetan dagoen: Bardea Zurian. Ez dute halako kakalardorik aurkitu ez Bardea Beltzean, ezta El Planon ere. Hala ere, Ebroko ibarreko beste leku batzuetan egon liteke Troglops bardena.
Troglops bardena kakalardo arraren irudi handitua. 2,5 milimetroko luzera du. BERRIA
Troglops bardena kakalardo emearen irudi handitua. 2,5 milimetroko luzera du. BERRIA
Kontent dira aurkikuntzarekin, «ilusioa» egin die, baina ez dira harritu. «Bildu dugun material kopurua eta egin dugun lan handia kontuan izanda, berritasunen bat izatea zen normalena», esan du San Martinek. «Litekeena da espezie gehiago egotea», gehitu du Morenok.
Lau lagunek osatzen dute ikerketa taldea: Igacio Perez Morenok, Iñaki Rekaldek, Jorge Aoitzek eta Antonio San Martinek. Biologia ikasketetan ezagutu zuten elkar, Iruñean, eta orduz geroztik elkarrekin egin dute lan. Bakoitzak bere lana du: unibertsitatean, industrian, administrazio publikoan eta zerbitzuen sektorean; baina entomologiarekiko zaletasunak batzen ditu haien denbora librean ikerketan aritzeko.
Bost urte daramate Bardeako kakalardoen errolda egiten. Horretarako Bardeako Batzordearen babes ekonomikoa eta logistikoa dute, baita bertako langileen laguntza ere. Errioxako Unibertsitatearen (Espainia) bidez kudeatu dute hitzarmena, Moreno irakaslea baita han, eta horrelako erakunde bat behar baitute eskaria egiteko. Laguntza hori ezinbestekoa dute; haiek denbora eskaintzen baitiote ikerketari, baina gutxienez ez dute dirua ere paratu behar. Garraioa eta materiala ordaintzeko adina ematen du diru laguntzak.
Bost urteko ibilbidea
2018an hasi ziren kakalardoen errolda egiten. Bardea Zurian aritu ziren lehenbiziko bi urteetan, El Planon 2020an eta 2021ean, eta Bardea Beltzean aurten. Haien lana apiril hondarrean edo maiatza hasieran hasten da, eta urrira arte aritzen dira. Abuztuan normalki lana eteten dute, dena idortzen baita. Udan intsektuen jarduna asko jaisten da; udaberrian izaten da unerik biziena, eta irailean berriz pizten da.
«Nafarroan biosferaren gordeleku bat izateak eta ikertu gabe egoteak bultzatu gintuen lan hau egitera», azaldu du San Martinek. Urtetik urtera berritzen dituzte proiektuak. Heldu den urterako baimena eskatu dute; oraingoan gutxiago ikertu dituzten kakalardoak aztertu nahi dituzte: uretan bizi direnak eta gauekoak. «Gaueko fauna ezberdina da. Noizbait joan izan gara gauez, baina gutxitan», esan du San Martinek.
Datuak biltzeko tranpak
Errolda egiteko hamabostean behin joaten dira Bardeara. Tranpak paratzen dituzte intsektuak biltzeko, eta bi asteren buruan erori direnak hartu eta tranpak hutsik uzten dituzte. Bestela ere, intsektuak bilatzen dituzte eta argazkiak ateratzen dizkiete.
Askotarikoak dira intsektuak biltzeko erabiltzen dituzten trikimailuak. Batetik, koloretako tranpak daude, horiak, intsektuentzat erakargarria baita kolore hori: lurrean paratutako erretilu horiak, altuago paratutako plater horiak, gainean kristalak dituen tutu horia... Bestetik, profil-tranpak baliatzen dituzte: zintzilik paratzen dira, eta intsektuek zuhaitzekin nahasten dituztelakoan daude. Malaise deitutakoak ere erabiltzen dituzte: kanpin dendaren itxura dute. Intsektuak oihalaren kontra kolpatzean, igotzen hasten dira, eta poto batzuetara erortzen dira azkenean.
Kakalardoen errolda egiteko hamabost egunetik behin joaten dira Bardeara apirila eta urria bitartean. BERRIA
Intsektu batzuk sarraskijaleak dira, eta horientzat sarraskia uzten dute amu bezala; adibidez, txipiroiak. Usteltzen direnean, usainak erakartzen ditu. «Bururatzen zaigun edo han eta hemen ikusten dugun edozer baliatzen dugu. Espezie ahalik eta gehien hartzeko, horiek harrapatzeko modu ahalik eta gehien erabiltzea da gakoa», kontatu du San Martinek. Heldu den urterako gaueko tranpak eskuratu dituzte. Gauez led argiak pizten dira, intsektuak erakartzeko. Egunez bateriak kargatu egiten dira eguzkiaren energiarekin.
Bildutakoa aztertu behar dute gero: gehienek etxean dituzten tresnekin egiten dute; Morenok unibertsitateko laborategian. Lupa binokularra erabiliz kakalardoak gainerako intsektuetatik bereizten dituzte. %70eko alkohola duten tutuetan gordetzen dituzte animalia guziak. Bakoitza familia batzuk aztertzeaz arduratzen da: kakalardoak identifikatu eta datu basean sartzen dituzte. Nork bereak aztertuta, lagina gainerakoei pasatzen diote, besteek haienak azter ditzaten. Familia batzuen identifikazioa «oso zaila» izaten dela ohartarazi du Morenok; horrelakoetan espezialisten esku uzten dute lana.
Hori guztia bukatuta, material guzia Bardeako Biosfera Erreserbaren esku uzten dute; ez dute deus botatzen. «Material guzia Bardean utzi dugu, norbaitek ikertu dezan», azaldu du Morenok. Bildutako errolda hori publikatzea da azken urratsa. Aurkikuntza berria dagoeneko deskribaturik eta publikaturik dago. Orain, familiaka edo familia multzoka argitaratuko dituzte erroldako gainerako kakalardo guziak.
Ezagutzan sakontzeko
Errolda lan hori orain arte egin gabe zegoelako sartu ziren lau lagunak ikerketa proiektuan. Datu anitz bildu dituzte, eta lan mardula egin dute. «1.500 espezie katalogatzea izugarria da», zehaztu du San Martinek. «Kontua da urte asko direla, eta lan handia». Errolda egitearen garrantzia ere aipatu du San Martinek: «Gorosti natur zientzia elkartearen leloa zera da: ezagutu babesteko. Hori da afera: inbentariorik ez baduzu egiten, ez badakizu zer dagoen, zer babestuko duzu?». Morenok zehaztapen gehitu du: «Ekologiaren ikuspegitik, intsektuek garrantzi handia dute, ezagutzen diren espezieen %74 direlako. Asko dira, eta bizi diren eremuetako bioadierazleak dira».
Bardeakoa da talde honen azken lana. Unibertsitatean elkar ezagutu zutenetik ari dira ikerketa lanetan. Nafarroan eta Errioxan aritu dira, eta beti aritu dira basoetako koleopteroak aztertzen, batez ere fauna saproxilikoa: egurretan bizi direnak. Laguntasunak eta zaletasunak batu ditu, eta haien arteko «elkarlana» goratu du Morenok. Modu horretan 70-80 argitalpen inguru egin dituzte, baina Bardeako kakalardoarenak erakarri du hedabide askoren arreta. Dena ongi bidean, heldu den urteko apirilean itzuliko dira Bardeara han bizi diren kakalardoen atzetik ibiltzeko.
Bardeako kakalardoa
Bardean kakalardoen errolda egiten duen taldeak orain arte ezagutzen ez zen espezie bat aurkitu du: 'Troglops bardena'. 2,5 milimetroko tamaina du, eta arren buruko sakonunea du bereizgarri. Bost urte daramate lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu