ATZEKOZ AURRERA. Libe Jusue. Agerraldia elkarteko kidea

«Bardea leku erreferentziala da inguruko jendearentzat»

Bardeako Robin Hood izan omen zen Santxikorrota. Inguruko jauntxoen amesgaizto izan zen, eta Bardean bada izen hori duen leku bat. Urriaren 1ean lasterketa antolatu dute bertan.

BERRIA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Nafarroako Erriberari bultzada handiagoa emateko eta ertz gehiagotatik heltzeko Agerraldia elkartea sortu zuten orain lau urte. Libe Jusue (Tutera, Nafarroa, 1995) bertako kidea da, eta, iaz bezala, Santxikorrota lasterketa antolatu dute urriaren 1ean, Arguedasen. Iaz bertan behera geratu zen; aurten, egin nahi dute.

Zer du bereizgarri Santxikorrota lasterketak?

Aspalditik landutako ideia bat da. Bardean, kirolari eta euskarari lotuta ekitaldi herrikoi bat egin nahi genuen; horri forma eman, eta lasterketa antolatu dugu. Bardea Nafarroa hegoaldeko leku erreferentziala da, eta aspalditik pentsatzen genuen ekarpen handia izango zela. Euskaltzale talde bati proposamena egin genion, eta gustura hartu zuten. Lehenago ere antolatu dituzte bizikleta martxak.

Pertsonaia historikoa izan zen Santxikorrota?

Bai, bideetan-eta aberatsei lapurreta egin eta behartsuei banatzen zien Robin Hood moduko bat izan zen. Jauntxoekin borrokan ibiltzen zena eta buruko min handiak eragiten zizkiena. Benetan existitu zen, eta borroka horietako batean hil zuten.

Bardeako lasterketa igaroko den leku batek ere Santxikorrota izena darama. Horregatik deitu dugu horrela lasterketa.

Zergatik antolatu duzue lasterketa Bardean?

Beroarekin agian ez da karrerak egiteko lekurik onena, baina bada leku berezia ibilaldiak egiteko. Beste mota bateko txangoak ere egiten direlako bederen. Dena den, Agerraldia elkarteak antolatzen du, eta, Errigora elkartearekin batera, lotura handia du Nafarroa hegoaldearekin. Zati horretan paisaia aldetik eta sinbolikoki oso presente dago Bardea, eta horregatik nahi genuen euskararen alde bertan zerbait egin.

Espainiak badu Bardean espazio militarizatu bat, eta garrantzitsua iruditzen zaigu inposatutako lekuei herrigintzatik erantzutea, beste mota bateko ekintzak eginez.

Agerraldia elkartearen egiteko bakarra da lasterketa?

Duela ia lau urte Errigoraren bitartez sortu zen egitasmoa da, izatez, Agerraldia. Errigorak udazkeneko kanpaina egiten du, oro har, eta hor lortzen den diru ekarpena inguru horretako euskalgintzara bideratzen du. Baina beharrizan bat nabaritu genuen: euskararen esparruan eta eskualde horretan beste esparru batzuk ere pizteko.

Euskararen sustapenari beste leku batetik eragiteko?

Hori da. Kontua ez delako bakarrik jendea euskaltegietara bideratzea. Eguneroko bizitzan beste esparru batzuetan ere euskaraz bizitzeko aukerak sortu behar ziren.

Ideiak lehenago ere bazeuden, eta horiek indartzeko eta beste batzuei heltzeko dago Agerraldia. Lau urteren ondoren, askoz egonkorragoa da aisialdi proiektua, hogei bat ludotekarekin; tokian tokiko euskara egunak ere antolatzen ditu; bitartekoak jartzen ditu bertso eskolak antolatzeko; eta, zenbait herritan, elkarteak bitartekaritza lanak egin ditu udalek kale izendegia aldatzeko.

Lasterketa herrikoia da eta izen ematea sinbolikoa da. Zergatik?

Eskuragarria izatea bultzatu nahi izan dugulako. Bi zirkuitu izango ditu: zortzi kilometro ingurukoa, gehienek egin ahal izateko modukoa, eta 21 kilometrokoa. Herri lasterketa bat da, eta garrantzitsuena parte hartzea da. Hori da gure helburua.

Kirola egitea boladan dagoen garaiotan, lasterketa bertan behera utzi behar izan zenuten iaz. Zer dela eta?

Bai, egia da. Gaur egun oso boladan dago kirola, eta halako gauza asko egiten dira. Hori izan zen agian arazoa, konpetentzia handia zegoela. Gerora konturatu gara, baina, lasterketen antolakuntzako zirkuitu hauetanasko ibiltzen direnek agenda nahiko antolatua izaten dute. Hor muturra sartzea ez da hain erraza. Gure erronka da burua sartu eta apurka-apurka aritzekoa. Denborarekin ekitaldi jendetsua izan dadin.

Aldatu duzue ezer aurtengoan?

Iaz luzea bakarrik egin genuen, eta kartela atera bezain laster, askok esan ziguten zerbait laburragoa izan balitz izena emango zuketela. Aurten, beraz, luzea eta laburra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.