Niko Etxart

«Barclay diskoetxean nintzen, frantses kantaria izateko»

Frantses kantari ezaguna bilakatu nahi zuten Parisen, Madrilen disko bat egin eta 40 Principales sailkapenean sartu zen. Baina, senez eta hautuz, euskal rockeroa da

Joanes Etxebarria.
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Altzürükün sortu zen, 1953an, eta bi urte zituelarik Parisera joan zen etxekoekin. Parisen 19 urte iragan zituen, han kantuan hasi eta Euskal Herrira itzuli zen, euskal rocka egiteko. 14 urterekin erabakia zuen musikaria izatea.

Haur oroitzapenetan...

Lehen oroitzapena da bost urte nituelarik, eskolan sartu nintzenean, ez nekiela hitz bat frantsesez. Etxeko mintzaira naturala euskara zen. Baina fite ikasi nuen frantsesa.

Etxean euskaraz gain, kantuaren gustua ere eman zizuten?

Bai, kantua aitarengandik; amaren aldetik, Zuberoako dantzak. Ene ama Altzürüküko dantzari familia handi batekoa da, ikerlari batzuk joaten dira ene osabarengana dantza aipatzera. Amak, Parisen, diasporako ehunka ikasleri irakatsi zizkien dantzak.

Parisko oparotasun kulturaletik zer edan, zer ikasi zenuen?

Han, dudarik gabe, bereizten nituen familiako giroan hain maite nituen dantza eta kantua eta lizeoan eta lagunekin egiten nuen rocka. Zerbait piztu du ene barnean. Rocka jorratu dut ez dakit zenbat talderekin 12 urteetarik aitzina.

Talde horietan etxeko eragin hori bazen?

14 urte nituenetik 19 urteak arte, banekien musikaria izanen nintzela, eta, segur aski, frantses musikaria. Frantzia oso zentralizatua baita, hexagonoko artista guztiak Parisera joaten ziren, gaur ere hola da. Ni Parisen nintzen; beraz, ez nuen asko pentsatu. 19 urterekin, Barclay diskoetxean sartu nintzen, frantses kantaria izateko. Baina hor, 19 urterekin, abertzalegoak kutsaturik, eta hippyen aroa baitzen, egun batetik bestera erabaki nuen Euskal Herrira itzuli behar nintzela.

Diskoetxean musikari profesionala zinen?

Hautatua izan nintzen, leku bat banuen garatu beharreko artista gisa. Bide beretik pasa ziren Michel Sardou, Daniel Guichard... Babestuak ginen eta bagenuen soldata.

Handik joatean zer erran zizuten?

Ontsa kontsideratua nintzen. Nagusiari erran nion erabaki nuela euskal kantaria izatea eta Euskal Herrira joatea; hartu ninduen, atzera begira jarri eta erran zidan: «Hoa eta ez ahantzi hemen maite haugula, nahi duanean itzul hadi». La ostia da ez? Soldata hartu nuen, eta sari bat ere ukan nuen.

Euskal Herriaren deia entzun zenuen?

Ez da ahantzi behar Burgosko auziaren ondotik zela. Euskal Etxean errefuxiatu anitzekin harremanetannintzen. Hor sinesten nuen Euskal Herriko deian. Lehenetan izan nintzen, gerofamilia guztiak jarraiki ninduen.

Rock arima baduzu, baina soldaduska egin zenuen. Ez zen gogorra izan?

Garaiak ikusi behar dira. Soldaduskaren kontrako mugimenduak, Euskal Herrian, 15 urte geroago sortu ziren.Armada denboran, nola bihurri-bihurria nintzen, 90 egunez preso egon nintzen errebeldiagatik. Koronelak erran zidan Bigarren Mundu Gerraz geroztik ez zela erizain militarrik hain luzaz preso egon!

Eta gero dantzaldietan hasi zinen...

Baina Hego Euskal Herrian dantzaldia oso gaizki kontsideratua da, ez da noblea. Entzun ditut kritikak, nola da posible Niko Etxart, berbenero hori... Aldiz, gure xedea zen dantzaldia euskaraz egitea. Gurekin batean (Akelarre, Minxoriak, Egan...) eta gero denek ezarri dute zerbait euskaraz.

Nola hartua zen euskarazko dantzaldia?

Gu baino zaharragoek ez zuten hori onartzen. Errota zulatuak ukan ditugu, herra bazen. Baina gazteak gurekin ziren. Larresoron batek erran zidan [frantsesez]: «Hi, azken aldia duk jiten haizela!». Bi urte geroxeago egin nuen kantaldia, eta segidan, dantzaldia Ximinorak taldearekin.

Zure kantu batzuek badute kutsu politikoa. Hori hasieratik izan zen?

Hasieratik ez, ni kantuak egiten hasi naiz 9 urterekin edo... Euskal Herrira jitean banituen ehun kantu eginak, artean Euskal rock & roll. Uzkiak mugiarazteko rock kantuak egin behar ziren, politikoak eta ez politikoak.

Arrakasta non hasi zen, Hego Euskal Herrian?

Nik beti arrakasta ukan dut. Harrokeria iduri du hori erratea... Baina Parisen nintzelarik, arrakasta ukan dut, itzuli naizelarik arrakasta ukan dut.

Euskal ikono bat zarela onartzen duzu?

Hein batean, ohitu naiz gune batean sartzean haragiz ikusten nautenean uste baino txikiago ikusia izatea. Onartzen dut, bai, zeren jendearen amodioa sentitzen dut; nahiago dut hori, ezik ez ostikoak.

Holako ibilbide luzearen ondotik, zer gelditzen zaizu egiteko? Xede handi bat edo?

Handirik ez. Laket naiz ene biziarekin. Baina Arima Beltza taldeko Jon Gurrutxagak erraten zuen Hego Euskal Herriko jendeentzat rock-bluesa ingelesez dela. Borrokatu behar da Euskal Herri puta eta jator honek onar dezan euskarazko rock-bluesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.