ATZEKOZ AURRERA. Jakoba Errekondo. Paisajista

«Baratzea da gauza iraultzaile bakarra»

Errekondok dio Euskal Herria gaixo dagoela osasunari dagokionez, eta horrentzako erremedioa baratzea dela. '111 hostoz eta orriz jantzi' liburua argitaratu berri du, azken 25 urteetan idatzitako artikuluekin.

JON URBE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Usurbil
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Liburu berria dauka besapean Jakoba Errekondok (Usurbil, Gipuzkoa, 1961): 111 hostoz eta orriz jantzi. 25 urte daramatza Argia-n astero baratzeari, landareei eta naturari buruzko iruzkinak idazten, eta aurten 1.111. artikulura iritsi da. Horien bilduma bat da liburua, baina bilduma soil bat baino gehiago dela dio: 22 egileri eskatu die artikulu horien guztien artean bosna hautatzeko, eta ondoren testu bat idazteko. Azal gogorreko liburu batean bildu du aukeraketa hori. «Gordetzeko moduko liburu bat egin nahi nuen, behin eta berriro kontsultatuko dena». 2015ean Bizi baratzea liburua argitaratu zuenetik, urtero atera du lan bat, eta Durangoko Azokako Argia-ren erakusmahaian ilara luzeak sortu izan ditu horiek saldu eta aholkuak emateko. Liburu bakoitzarekin letxugak banatzen ere aritu izan da. Baita aurten ere.

Letxuga asko banatu al dituzu aurtengo Durangoko Azokan?

2.000tik gora.

Denak landatuko al dira?

Bai, landatzen dira. Horiek Aste Santuan jango ditu jendeak, eta orduan gogoratuko dira Durangorekin. Letxugak banatzen ditugu, azkenean jendea jabetzeko lau hilabete beharko dituela horiek jateko, eta azokan letxugak erosten dituzten bakoitzean gogoratzeko baten bat egon dela lau hilabetez haiei begira.

111 hostoz eta orriz jantzi liburuan Argia-n argitaratu dituzun 1.111 artikuluak dira abiapuntu. Horietatik, 22 egilek 111 aukeratu dituzte. Non geratu dira sobera dauden 1.000 horiek?

Gainerako guztiak Interneten daude irakurgai, Argia-ren webgunean. Jendeak bertan egin dezake bere aukeraketa propioa.

Ez dira kanpoan geratu 111 horiek baino okerragoak direlako?

Ez, azkenean bakoitzak bere erara egin du hautaketa. Batzuek idazkeragatik egin dute aukeraketa; beste batzuek, testuetan zeuden aipamenen arabera... Bakoitzak bere istorio propioa sortu du, eta hori da liburuari balioa ematen diona.

25 urteren ondoren bazen garaia antologia bat egiteko?

Ez dakit garaia zen, baina kasualitate batzuk gertatu dira: Argia-ren mendeurrena zen, jabetu ginen 25 urte daramadala bertan idazten, eta 1.111 artikulura iritsiko nintzela ikusi genuen. Halako bitxikeriek bultzatuta, argitaratzeko momentua izan da. Horretaz gain, jende asko ari zitzaidan eskatzen halako zerbait egiteko, eta horrek ere bultzatu gaitu.

Antologia honen ondoren idazten segituko duzu?

Nik asmoa daukat 2.222ra iristeko.

Bizi baratzea argitaratu zenuenetik, urtero ari zara liburuak argitaratzen.

Bai, eta hortik jarraitu beharko dugu. Bada garaia jendea lan honetan hasteko. Hainbeste dago idazteko! Jendeak Durangon eskatzen zidan fruta arbolei buruzko liburu bat ateratzeko, txertaketei buruzkoa, zuhaitzei buruzkoa, erleei buruzkoa... Nik garbi ikusten dut jende gaztea bildu behar dela, eta bide hau jorratzen jarri beharra daukatela. Premia handia dagoela ikusten ari naiz.

25 urte hauetan sumatu al duzu jendea baratzera inguratzen ari dela?

Batez ere azken urte hauetan, eta arlo guztietan, gainera. Nekazaritzarekin lotutako jendeak, bizi kalitatea nahi dutenek eta gaixotasunen bat dutenek taxuzko elikadura nahi dute. Hizkuntzarekin lanean dagoen jendea ere konturatzen ari da zer galera dauzkagun. Arlo guztietatik gaude jarriak une honetan lurrera begira. Momentua da.

Zergatik izan daiteke hori?

Osasunaren ikuspegitik ikusten dugu gure jendartea gaixorik dagoela, eta Euskal Herri gaixo batean bizi gara arlo guztietan. Batek politikoki esango du, baina garbi dago osasun aldetik ere hala dela. Horrek erakarri du jendea naturara, nekazaritza ekologikora, kalitatezko elikadurara edo elikadura burujabetzara. Nekazaritzaren duintzea ere badator. Jendeari baratzerako gogoa piztu zaio, eta batzuek nahiago dute gimnasiora joan beharrean baratzera joan. Multzo batean hori dena jarriz gero, horrek azaltzen du zer gertatzen ari den.

XXI. mendeko moda da?

Moda ez nioke deituko, baina egia da boladan dagoela.

Baratzea iraultzailea dela diozu zuk...

Baratzea da gauza iraultzaile bakarra. Koldo Izagirrek esaten du langilea izatea dela gaur egun iraultzaile izatea, baina, nire ustez, iraultzailea da lurrarekin lan egiten duena. Lurrarekin lan egiten duena eta, batez ere, kalitatearekin lantzen duena ari baita pentsatzen zer arnasten ari garen, zer ur edaten dugun, zer lur erabiltzen, zer bizi kalitate daukagun, zer janari... Ondorengoei zer lur eta ingurumen uzten dien. Hori ez bada iraultzaile izatea gaur egun, nik ez dakit zer den.

Independentzia hortik lortzen da?

Baratzea duena independentea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.