Baratxuriaren Egunaren sorrera ulertzeko, XVII. mendera egin behar da atzera. Garai hartan, nobleei eta Elizari beren elikagaiengatik zergak ordaintzeaz nazkatuta, herritarrak baratxuria ekoizten hasi ziren. Baratxuriak ez zuen zergarik ezarrita orduan, eta familiek beren etxabetan zintzilik izan ohi zituzten, eguzkitan lehortzen. Geroztik, herritarrek ez diote utzi elikagai hori ekoizteari.
Asteburuko festak garai hartako herritarren bizimodua eta tradizioak irudikatzen ditu. Leku guztietako jendea joaten dela adierazi du herriko turismo gidariak: «Jendea herriko baratxuriaren bila dator. Faltzesko baratxuria nahi dute». Izan ere, bertakoa beste tokietakoa baino gorriagoa da, zapore handiagoa du, eta gehiago irauten du, Jimenezen arabera. Herriko ikurra eta bereizgarria da baratxuria.
Lehen, egun bakarreko festa izaten zen. 2021az geroztik, ordea, bi egunera luzatu dute egitaraua. Show cooking erakusketa da beste berrikuntzetako bat.Gorka Etxarri Tapiaka sukaldariaren gidaritzapean, baratxuria duten platerak dastatzeko aukera izango da. XI. Baratxuriaren Egunari hasiera emateko, baratxuri ekologikoen biltegira bisita antolatu dute aurten. 11:00etan hasiko da, eta Foru plazatik abiatuko da.Parte hartzeko, erreserba egin behar da. Horretarako, falces.org webgunean dagoen telefono zenbakira deitu daiteke.
Jimenezek familia osoari gomendatzen dio Baratxuriaren Egunerako antolatu duten egitaraua. Programazioan jasotzen diren ekintza gehienek baratxuria dute ardatz: biharko azoka, Faltzesko parte zaharrera bisita eta poteoa, pottoken paseoa, show cooking-a edota Baratxuri Pintxo dastaketa antolatu dituzte, besteak beste. Poteoak musika izango du; Iruñean jaiotako Gazte Txaranga txarangarekin batera joango dira herritarrak eta festara animatzen den oro herriko tabernaz taberna.
Herriko azoka
Jimenezen hitzetan, azoka da Baratxuri Eguneko ekintzarik ospetsuena eta gustukoena. Baratxuria ez ezik, Faltzesko eta inguruko herrietako produktuak ere saltzen dira: tomatea, artisautza produktuak... Auzokide askok hartzen dute parte. Herriko jendeak bere postuak jarri ohi ditu. Beste hainbatek, berriz, ekintzetan parte hartzen dute. «Herriko jendeak parte hartzen du; hori oso garrantzitsua da», aipatu du herriko turismo gidariak.
Urtero bezala, bihar Baratxuriaren Eguna sari banaketa izango da. Tokiko produktuen ekoizpenean ibilbide luzea egin dutenekoizleei omenaldi bat egiteko sortu zuten sari hori. Aurten, Faltzesko sukaldari Gorka Etxarri Tapikak eta Yerri erretegiak jasoko dute saria, 12:30ean.
Baratxuriaren Eguna
Gaur eta bihar,Faltzesen (Nafarroa).